Gora mugalariak!
Ruper Ordorikarena izan da urteko azken kontzertua. Duela hilabete batzuk berritutako Mugalaris taldearekin igo zen abenduaren 29an oñatiarra Victoria Eugeniako taula gainera. Antzokia lepo eta Ruperrek Hodeien azpian diskoa jo zuen, rupertorioko kantu klasikoak makulu gisa erabiliz. Ia bi orduko emanaldia, batzuentzat hotza, baina nik uste dut hori Victoria Eugeniako solemnitateari eta euskal publikoaren jarrerari egotzi behar zaiola.
Ruper, banda barne, ederto egon zen eta bere musikak nigan duen ebokaziorako joera dela medio, ostiral goizean Ander Izagirreren muga digitalaz bestaldeko lagunarekin gogoratu nintzen.
Anderrek kontatzen zuen aurreko batean mail bat idatzi ziola behin muga digitalaz bestaldeko lagun bati eta hura inprimatu eta korreo tradizionalaz, postaz, helarazi ziola. Amu moduan ere Mi amigo del otro lado apuntea idatzi zuen, baina hobe duzue istorioa haren blogean irakurtzea.
90. hamarkadaren erdialdean-edo, ordenagailua nuen etxean, baina ez Internet konexiorik. Lagun batzuk denboraldiak pasatzea joan ziren atzerrira: Estatu Batuetara, Ingalaterrara, Alemaniara... Garai hartan bidaltzen nituen gutunak Word Perfect erabiliz idazten nituen etxeko ordenagailuan, inprimatu eta postaz bidaltzen nien. Ez da gauza bera, baina tira.
Mugarekin jarraitzeko Rosa Arburua beratarraren Gau lana liburua argitaratu du Alberdaniak udazken honetan. Kontrabandoa eta estraperloa Bidasoaldean ditu hizpide Arburuak. Badaude istorio on batzuk, baina oso gordinki azalduta dago dena.
Istorio on horien artean dago 1960. hamarkadan etorkin portugesak nola eraman zituzten Portugaletik Frantziara. Sarea nola zegoen antolatua kontatzen digu Arburuak eta nola kobratzen zuten egindako lana. Etorkinaren argazki bat bitan zatitzen zen. Zati bat herrian gelditzen zen eta bestea etorkinak berak eramaten zuen soinean. Helmugara iristerakoan, erretratuaren bigarren zatia lana amaitzen zuenari ematen zion emigratzaileak eta poliki-poliki, migrazio-katea erabiliz, jaisten zen haren jatorrira. Herrian bertan lehen zatia zuenak, bigarrena jasotzerakoan, pagatu egiten zuen bidaia.
Ruper izan da abiapuntu eta berarekin bukatuko dut. Euskal herritar asko joan ziren atzerrira pasa den mendearen hasieran. Horietako batzuk Hego Amerikara. Hona hemen Ordorika Zaindu maite duzun hori kantatzen 2009an Buenos Airesen.
Ah! Leire Txargaini dedikatu nahi diot kanta, bideoa eta, batez ere, aurkezpena.
Mugalaris somos y en el camino nos encontraremos, este apunte en castellano.
Oso post ederra eta biribila, Iturri! Kontzertua oso laburra egin zitzaidan. Bainera, disko berriko kantua batzuei beste dimentsio bata emateko ere balio izan zidan. Solemnitateak ere balio du zerbaitetarako, ezta ? :-) Mila-mila esker, wapo! Urte barrixan gura eta bihar dozun guztia ekarri deizula! Laztan haundi bat!