Gezurra ari du
Maiatzaren 6an, Palmara joan ginen, egunpasa. S´illot herrian geunden oporretan eta autobusa hartzea erabaki genuen Palman paseotxo bat emateko. Ordu eta laurdeneko bidaia izan zen.
Hiriburuan geundela jada, kartel bat ikusi nuen denda baten kristalean itsatsita: Preses de Franco jartzen zuen. Erakusketa bat zen, Ramon Llull gunean ikusgai zegoena.
Handik gutxira, bilatu gabe gainera, kultur etxearekin egin genuen topo eta, barruan, Francoren garaian preso egondako emakumeei buruzko erakusketa bat (izenak dioen bezala). Panel guztien artean, bazegoen bat Saturrarango kartzelari eskainitakoa.
Erakusketa honekin gogoratu naiz Javier Vizcaíno handiak Sartagudako Memoriaren Parkea inauguratu zuen eguna nola bizi izan zuen irakurtzerakoan. Javierrek utzitako loturei jarraituz gero, baduzue irratsaioaren zenbait une hunkigarri entzuteko aukera ere.
Bi erretratu hauetaz aparte, hirurogeita hamar bat urteko andre batek beste bi laguni Mallorcako aretoan komentatzen ziena ere hementxe jarriko dut: "Estas cosas no sirven más que para remover el dolor". Emakume haien itxurari erreparatuz gero, garbi zegoen ez zirela garaileen bandokoak. Hala ere, barru-barrutik bota zuen andreak esaldi hura. Ez da harritzekoa. Gezurra ari du. Oraindik ere.