Galtzeimer (XVII) Kaixo Irun
Ohar garrantzitsua: oraingoz blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Ostiral arratsaldean joan nintzen lehenengo aldiz atta ikustera Irungo zentrora. Oso tristea izan zen egongelan hainbeste jende geldirik ikusteak, baina horrelakoa inpresioak normalak dira lehenengo aldian.
Atta ikusi nuen eserita butaka batean. Giltza erabiliz sartu ginen bere gelara. Ederra da, balkoi handia du, eguzkitsua arratsaldeko orduetan. Bi ohe ditu, baina oraingoz bakarrik dago.
Gero, igogailua hartu eta hirugarren pisura joan ginen. Han dute terraza bat, solarium moduan erabil daitekeena eguraldiak laguntzen duenean. Haize fina zegoen eta attaren bronkioak oraindik ez daude sasoi betean. Igogailua hartu eta kafetegia dagoen solairura jaitsi ginen.
Ondo ikusi nuen atta, baina ez dakit hori albiste ona den edo ez. Hau da, ez dago etxera eramateko moduan, bestela amarenak egin du. Gizajoak, baina, oso ondo daki non dagoen. Bizitzaren azken fasean zegoela esan zidan ostiralean.
Bada familian norbait, fede onez, amari esaten diona penatuta dagoela atta egoitzan ikusteagatik. Ez diot esango ezer berari, baina zer uste du gu pozez txoratzen gaudela zaharra inguru horretan ikusterakoan? Egun batzuk daramatzat attaren irudia burutik kendu ezinik. Ez da erraza.
Bukatzeko, anekdotatxo bat ostiralekoa. Sartzerakoan, andre batek eskatu zidan kentzeko gurpildun aulkiari lotzen zion gerrikoa. Kristo guztiari eskatzen zion gauza bera. Handik ordubetera-edo, askatu egin zen eta hiru laguntzaile joan ziren bera berriro lotzera. Biraoak, oihuak… eta hortzen marka langile baten besoan.
Ez da gozoa izan behar horrelako toki batean lanean aritzea.