Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Ez utzi zelaia inpraktikablea (sic)

Ez utzi zelaia inpraktikablea (sic)

Mikel Iturria 2015/11/29 20:55
Las viejas ciudades / donde es grato vivir...

Gehienetan (beti ez esateagatik) egin duen bezala, ostegun honetan Ander Lipus eta konpainia etorri ziren Donostian duten etxera: Egia Kultur Etxera. Urteak baitaramatza Lipusek lanak Egian erakusten. Orain, Etxekoak antzezlana.

Maddi Mamadouz maitemindu da Afrikan egindako egonaldi batean. Euskal Herrira ekarri nahi du, baina paperak egin behar horretarako. Etxean bi osaba ditu zain Maddik, baita amona ere.

Ez da hau Gerediaga-Lipus bikoaren lanik borobilena, baina nik beti eskertzen ditut beren lanak taula gainean. Jabier Barandiaranen papera goxoki bat da eta aktorearen vis komikoak falta dena osatzen dut. Lipus legeak betetzeko daudela uste duen osaba da, besteak beste. Amonak nahikoa lan du jakiten non dagoen (galtzeimer). Maika Etxekopar kantatzen entzutea zoragarria da, baina hainbat unetan ez da sinesgarri suertatzen aktore lanetan.

Gaua, berriz, Altxerrin amaitu genuen. Joseba B. Lenoir eta Fernando Lutxo Neira ikustera joan ginen. Duela urtebete ez zuten elkar ezagutzen, baina Rafael Berriok elkartu zituen eta orain ematen du betiko lagunak direla. Berriok bi kanta jo zituen bere musikariekin: Mis ayeres muertos eta Niente mi piace.

Durangoko Azokari begira azken aurkezpenak egiten ari dira argitaletxeak. Ostiral goizean Susak Donostiako Liburutegi Nagusian eman zigun ezagutzera Harkaitz Canok idatzitako Beti oporretan liburua, hamalau narrazio labur. Titulua duela hogei urte Xabier Montoiak argitaratutako disko eder batetik atera zuen Canok, aurretik Jim Jarmusch-en Permanent Vacation filma dagoela ahaztu gabe.

Iluntzean, berriz, Zarautzeko Garoan jendaurrean, etxean, aurkeztu zuen Anjel Lertxundik Zu liburua. Juan Kruz Igerabide alboan zuela aritu zen Andu, lepo betetako areto kuttunean. 2012ko uztailean emazteari medikuak esan zion minbizia zuela: pankreatakoa. Urte hauetan “Putakumeak ez digu irabaziko” esalditik abiatuta, “Zergatik niri” nola bilakatu den “Zergatik ez niri” prozesua da paperean irakurriko duguna. Emaztea ez zegoen aretoan, baina ekitaldia samurra, hunkigarria, umoretsua eta alaia izan zen.

Joxe Aranzabalekin gogoratu nintzela esan nion Anduri. Nola aritu ziren Andu eta Joxe Gipuzkoako Foru Aldundian minaren inguruan hizketan, 2009an (Medikuak esan dit minbizia dudala argitaratu zuen aurretik Joxek). Eta gauzak nolakoak diren, duela astebete pasatxo jarri du eskuragarri Interneten Joxek Jon Salaberri, hiesdunen aldeko ekintzailea liburua. Arrasaten 90. hamarkadan hiesdunen borroka ikustarazten saiatu zen ekintzailearen figura alboratua gera ez dadin.

Donostiako Garoan, berriz, igande eguerdian zuzeneko saio dotore batekin gozatu dugu. Paperezko kontzertuak zikloan Gorka Urbizu (Berri Txarrak) aritu da zuzenean Nerea arrebarekin batera. Hainbat kanta eta bertsio jo ditu eta Ainhoa Urretabizkaia (B aldea) kazetariaren galderak erantzun ditu Gorkak. Luxu bat. Bete-betean dagoen sortzaile bat bertatik bertara.

Bidean geratu dira aste honetako beste hainbat ekitaldi: adibidez, Neneh Cherry Kursaal-en, Txiki Psych Fest Intxaurrondon, A Bam Bam Boo Loo Ba! aurkezpena Garoan, Gure kabuz ala hil dokumentala Guardetxean, Mueve el bigote Onkologikoan (Pintxos and Blogs), Jupiter Jon Bukowskin, Izaki Gardenak Victoria Eugenia Cluben...

Eta zergatik aipatzen dut hau guztia? Ba ostiralean bertan lagun batek esan zidalako ea irakurri ote nuen DVn Ramon Etxezarretak duela hamar bat egun argiratutako Kortxo izeneko zutabea. Ezetz nik eta atzo irakurri nuenean seko flipatu nuelako. Etorri zitzaidan burura irailean Joseba Alvarezen txio hau. Elastikoa soinean egindako planteamenduak: Bizardunak edo Esne Beltza?, Ahal bezainbeste ala. Aukeratu behar izatea Beatles edo Stones-en artean oso aspergarria egiten zait. Raimundo Amadorrek esaten zuen bezala, "ni Betis eta Sevilla futbol taldeetakoa naiz".

Bai, badakit batzuen ustez modelo hauek kontrajarriak direla. Eta Donostian sare publikoak indar handia duela (txalotzekoa dena) eta aitortu behar dela hori inbertsio potentea izan dela, baina niretzat une honetan oso beharrezkoak dira Kortxoenea, Le Bukowski, Doka, Guardetxea, Dabadaba, Kaxilda, Garoa.... bezalako arnasguneak.

Ez dezala sektore publikoak elefantearena egin eta zelaia inpraktikablea utzi txikientzat. “Donostiak horrelako kultur proiektu herrikoiak bermatu behar dituela uste baitugu. Kultur aniztasuna eta eredu ezberdinen arteko bizikidetza ez direlako marketin eslogan hutsak, gure eguneroko jardun profesionalean hedatzen saiatzen garen oinarriak baizik.”

Las viejas ciudades / donde es grato vivir...

P.S.: aste hau berezia izan da kultur ekitaldiei dagokienez (bete-betean gaudelako). Ostiralean, gainera, jaieguna hartu nuen.

Otrosí: hau guztiau ez dut lan-ordutan egin.

Azkena: irakurri Borja Venturaren Guztiak.

No dejen el césped impracticable, por favor. Este apunte en castellano.

etiketak: donostia, kultura
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter