Elna bada zure izena...
Blog honen irakurle bazara, dagoeneko jakingo duzu askotan azaldu ditudala hemen Elnako amaetxeari buruzko kontuak.
Duela egun batzuk, Assumpta Montellàk idatzi zuen ekainean 95 urte beteko dituela amaetxe horretako sortzaileak, Elisabeth Eidenbenz andreak. Opari gisa, Assumptak pentsatu du polita litzatekeela Elna izeneko jendea biltzea Bartzelonan, une horren argazkia ateratzea eta berau Elisabeth-i bidaltzea. Dirudienez, 2005etik hona 75 bat jaioberrik dute Elna izena (Kataluniako datuak izango dira).
Deialdia ekainaren 8rako egin dute, igandea, eguerdiko 12:00etan, Bartzelonako Parc de la Ciutadellako negutegian.
Katalunian albisteak komunikabide tradizionaletara egin du salto jada: Catalunya Radio, Màrius Serra La Vanguardian, Isabel Clara Simó Avuin... Ea argazki eder bat oparitzen dioten Elisabeth-i.
Eta argazkietaz ari garenez, hona hemen beste erretratu ederra: 70 urte elkarrekin egon gabe, berriki topo egin dute Vienan Elisabeth-ek eta María Garcíak. María Mexikon bizi den 91 urteko emakumea da eta erizain gisa egon zen lanean aipatu amaetxean. Hunkigarria.