Do it(urri) yourself
Atzo goizean Berriako kultur atalean bi orrialde oso punki zeuden.
Ezkerrekoa, Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren antolatutako Punk eta (des)eraikuntza nazionala: ukaziotik harago ikastaroari buruzkoa. "No future" garaiak izeneko artikulua sinatzen zuen Ainhoa Sarasolak eta jardunaldietan Juan Luis Zabalak eta Akauzazte taldeko bi partaidek (Oier Etxeberriak eta Joxe Manuel Larrañagak) esandakoak biltzen zituen.
Eskubikoa, Nora Arbelbidek Rachid Taha musikariari eginiko elkarrizketa. Oranen (Aljeria) jaiotako musikaria Euskal Herria Zuzenean jaialdian egon berri da.
Akauzazte taldeko kide baten esaldi hau azpimarratu dut: "Niretzat punkaren herentzia onena gorrotoa da; mundua ez dela asmo onengatik aldatuko, gorrotoa antolatzetik baizik".
Gaur sei urte bete ditu blog honek. Eibar.org blog komunitatearen barruan sortu zen 2004ko uztailean. Antolatu beharra dugu, komunikazioaren eremuan ere. Eta horretarako blogak oso erreminta onak dira.
Gogoratu punkaren leloa: do it yourself.
Eskerrik asko, Joxe.