Calexicotik Miguel Povedara
Calexico Donostian
Normalean ez ditut hainbeste kontzertu ikusten aste bukaera batean, baina ostegunean hasi ginen Kakatua. Dabel ur emanaldiarekin, ostiralean Bide Ertzean taldearen Leidor sessions ikusten egon ginen Tolosan eta larunbatean, berriz, Donostian Calexico + DePedro showa ikustera hurbildu ginen Victoria Eugeniara.
Berandu espabilatu nintzen eta zakurraren ipurdian hartu behar sarrerak. Dena dela, ez naiz damutzen. Calexico taldeak perfekzioa ukitu zuela dio Noticias de Gipuzkoan Juan G. Andrés kazetariak. Iñaki Zarata ere oso gustura atera zen emanalditik. Kasu honetan, beraz, publikoa eta kritika erabat ados. Zaratak dioen bezala hau izan daiteke 2009an gogoratuko dugun kontzertuetako bat, nahiz eta urtea hasi baino ez den egin.
DePedro Jairo Zavalaren proiektua da, La Vaca Azul taldeko abeslaria, Amparanoian ere aritutakoa. Itxura guztien arabera, Amparo Sánchez da Calexicorengana hurbildu duena. Eta DePedroren webgunean irakurri dugunez, Texasen ibili omen da Amparo disko berriarekin bueltaka. Produktorea ostiralean Tolosan egondako Kaki Arkarazo da (Negu Gorriak ohia).
Miguel Poveda Barakaldon
1999an-edo egon nintzen José Mercé cantaoreak Donostian eskaini zuen kontzertu flamenkoan (lehen esperientzia). Teatroa ijitoz beteta zegoen orduan. Atzo, berriz, oso ijito gutxi ikusi nituen Barakaldo Antzokian.
Rockdelux aldizkariarengatik ezagutzen dut Miguel Poveda. Badalonako cantaoreak hogei urte zituela, 1993an, Murtzian egiten den Cante de las Minas jaialdian sari nagusiena irabazi zuen.
Duela bizpahiru urte, Marietak eginiko erreseina honengatik erosi nuen Desglaç, poeta katalanen poemekin apailatutako diskoa. 2006an atera zuen azken lana, Tierra de Calma, eta orain kopla disko bat kaleratuko omen du.
Horregatik guztiagatik nuen Poveda ikusteko irrika. Antzokiaren beheko aldea beteta zegoen igande iluntzean (goian ere bazegoen jendea, baina ez dakit zenbat). Kontzertu flamenkoa eskaini zuen: gitarran Juan Gómez Chicuelo laguna, konpasean Jerezeko bi tipo, Carlos Grilo eta Luis Cantatore. Eszenatoki biluzia: aulkiak, mikrofonoak, monitoreak. Lau kideak dotore jantzita, gorbata eta txaketarekin 35 urteko abeslaria.
Ordu eta erdiko emanaldia eskaini zuen. Paloak desberdintzeko abilidaderik ez daukat. Buleriak egon ziren, bai. Soléa (Mairenarena), Rafael Leónen koplak flamenkora eramanak. "Qué bonita está Triana / cuando le ponen al puente / banderas republicanas" (Sevillan bizi da orain). Bukaera a capella egin zuen. Jendeak gogotsu jo zituen txaloak. Eta gu gustura itzuli ginen etxera.
Desde Barcelona blogean irakurri dugu Almodovar zinemagilearen azken filmaren soinu bandan kanta bat izango duela Miguelek. Hemendik aurrera zer esana emango duen artista handia da, dudarik gabe. Elkarrizketa mamitsuak eskaintzen ditu, gainera.
Bukatzeko, azken diskoan Diego Carrascok abesten duen kanta. Youtuben topatu dudan kontzertu bati dagokion bideoa. Amaieran ageri da kantari Poveda.