Boliviako haur meatzariei laguntzeko aukera bat
Duela hamar bat egun Ander Izagirreren mezu bat jaso nuen gaur zuekin konpartitu nahi dudana.
"Askok ezagutzen dituzue Boliviako meatzeetan lanean ari diren haurrei buruz kontatu ditugun istorioak. Orain, ekimen bat sortu dugu asko gustatzen zaigun proiektu bat laguntzeko (Escuela Robertito), Potosiko Cerro Rico inguruko meatze-ahoetan bizi diren haurrak hartzen dituen eskola, hain zuzen ere. Eskolak ume hauek laguntzen ditu hezkuntza, elikadura eta osasun kontuetan. Eta, batez ere, laguntzen die prestakuntza emanez eta dituzten ahalmenak indartuz autonomo bihur daitezen, beste lanbide batzuk bila ditzaten meatzegietatik at. Gustatzen zaigu ez izatea asistentzia puntuala, baizik eta haurren autonomia etorkizunari begira lantzen duen eskola izatea, haurrek beraien kabuz bizimodua aurrera atera dezaten baldintza duinetan".
Gauza gehiago kontatu zituen Ayuda para los mineritos apuntean.
Egun batzuk pasa ondoren, mezu berri bat jaso nuen. Kasu honetan, Anderrek zioen abian zela jada mineritos.org webgunea.
Atera dituzten kalkuluen arabera ume baten hileko eskolaratze kostua 10 eurokoa da. Eta pentsatu dut agian gaur kontzientzia txarra izan dezakezuela atzo jan eta edandako guztiagatik (ajea ahaztu gabe, noski) eta egokia izan daitekeela urtea ekintza on batekin hastea eta horregatik eskaini diot gai honi 2011ko nire lehen apuntea.
Anderrek dio diru guztia Potosira joango dela, ez dela bidean ezer geratuko. Eta nik sinetsi egiten diot. Sartu, mesedez, mineritos.org webgunean. Eskerrik asko.
Datu bat gehiago: goiko argazkia Daniel Burguirena da.
Mineritos somos y en el camino nos encontraremos, este apunte en castellano.