Blogak eta pintxoak Donostian
Oker ez banago lehenengo zita uztaileko lehen ostiralean izan zen, baina ezin izan nuen hurbildu. Atzo, ordea, bai eta iluntzeko 20:00ak baino lehen Donostiako Gandarias tabernan nengoen ea nor zetorren ikusteko irrikitan.
Bertan zeuden David Sánchez Bote, Unai García eta Txomin DD. Aitor Garay-Romero ere laster hurbildu zen. Beranduxeago Ana Malagón, Aini78 lagunarekin. Atzetik etorri ziren Goio Telletxea eta Orreaga. Lehenengo tragoa hartzen ari ginela Pintxos & Blogs ekimeneko antolatzaileak (be-ran-du): Xabier de la Maza eta Andoni Munduate. Beraiekin batera Iñaki Rodríguez eta Latitxa.
Gandariasen trago bat hartu ondoren, La Cuchara de San Telmora abiatu ginen. Han agertu zen Maite Goñi. Zer jan genuen? Haragia eta arraia. Karrillerak edo masailak eta bakailua. Beste zerbait ere erori zen, baina orain ez dut gogoratzen zer zehatz-mehatz.
Handik Arrandegi kaleko Txepetxa tabernara. Bertako espezialitatea ez genuen probatu (antxoa solomoa), baina gilda plater bat eta kroketa bana dastatzeko aukera izan genuen.
Hurrengo geltokia, Etxaniz taberna. Edariak hartu genituen soilik, ez zirelako gai izan, 14 tortilla pintxo atera beharrean, patata tortilla bat platerean zerbitzatzeko. "¿Así queremos ser capital cultural?" esaldiarekin burutzen den gertaera tipikoa. Edonork izan dezake egun txarren bat, baina ez zitzaigun gustatu zabarkeria hura.
Bokatak jateko Sarriegi plazako El Quinto Pinora hurbildu ginen eta plazako eserleku korritu batean egon ginen patxada ederrean hizketan. Bueno, Worldgate jaunak egiten zuen berba soilik eta besteok entzun egiten genuen.
Baten bat etxera joan bazen ere, gehienak Konstituzio plazako terraza batean hartu genuen azken tragoa.
Hurrengo zita abuztuaren 29an izango da Gladys Enea edo Cristina Enea parkean. Liberalak egin du deialdia bere blogean. Ezin izango naiz egun horretan hurbildu, baina ahaleginak egingo ditut hurrengoan (oker ez banago, iraileko lehen ostiralean, iluntzeko 20:00etan, Gandariasen).
Oso ondo pasa nuen.