Benítez de Lugo abokatua: Gürtel auzia eta funts putreak
Etxean telebista gutxi ikusten dut, baina aurreko batean haren paretik pasa eta edadeko gizon bat ari zen elkarrizketatzen Andrea Ropero El Intermedio izeneko saioan. Minutu bat egongo nintzen ari begira, adi entzuten zer esaten zuen.
Ez nuen tipoa ezagutzen. Hark esandakoa pisuzkoa iruditu eta hurrengo egunean hasi nintzen sarean begiratzen eta ikusi nuen profila zuela Wikipedian: Mariano Benítez de Lugo.
Esan bezala, 60 urte baino gehiago daramatza abokatu gisa, aitari lekukoa hartuz haren bufetean. PSOEko militante izandakoa ere bada, ez dakit gaur egun bertan jarraitzen ote duen, eta Felipe Gonzálezen gobernuan pare bat urtez goi karguren bat izan zuen.
2024ko erdialdean liburu bat argitaratu zuen: Los desahucios instados por los “fondos buitre”.
Etxegabetzeak direla eta ez direla, duela gutxi Espainiako Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio hamar urtez luzatu den auzi batean. Ana Botella Madrilgo alkate zen garaian hainbat etxebizitza saldu zizkion Etxebizitza institutuak Blackstone funts putrearen filial bati. Madrilgo erdialdean dauden bizilagun horiek lortu dute etxebizitza erosi ahal izatea Udalak funts horri saldutako baldintza berberetan.
Aipatu liburua hainbat pertsonari eskaini dio, baina batez ere auzi hori zela eta bere buruaz beste egin zuen emakume bati.
Javier Del Pinok elkarrizketa egin zion abendu bukaeran A vivir que son dos días irratsaioan. Etxegabetzeak, justizia, Gürtel auzia (bera izan zen herri akusazioaren abokatuetako bat), Hurtado magistratua eta Mariano Rajoy presidenteari buruz aritu ziren solasean.
Elkarrizketaren azken zatia transkribatu dut gaztelaniazko blogean idatzitako apunte batean: El abogado Benítez de Lugo, el caso Gürtel y los fondos buitre.