Barkatu: gertu al da herriko kaxkoa?
Ezkerrera jo eta taberna batekin egin dugu topo. Ez dago garbi zabalik edo itxita ote dagoen. Halako batean, zarata entzun eta etxeko andreak zabaldu du atea.
-Barrura!
-Egun on. Bi ebaki, mesedez. Non dago komuna?
Komuna betiko tokian. Tabernaren amaieran, eskuinean.
Etxeko andrea kexu da. Euliak eta moskitoak sartu egiten dira, atean ezin delako inolako errezelik jarri. COVID-19aren aurkako neurriak, infekzioetarako foku omen.
-Barruan baditut txisme elektroniko horietakoak, baina ez dira nahikoa.
Kafeak barran utzi dizkit, nire parean. Supituki burrunba entzuten da. Norbait dator arrapaladan eskaileretatik behera. Kexuka dator, ozenki gainera. Tabernan sartu da bezerorik egongo ez balitz bezala, baina gu gaude bertan. Beno, ni bakarrik, S komunean baita. Beranduegi jarrera modu naturalean aldatzeko. Zerbait esan dio amari eta barrualdera jo du.
-¡Estos hijos!
Patxada falta zaiela gehitu du amak.
Ondoren turismoari buruzko pare bat esaldi gurutzatu ditugu. Jende gutxi dabilela, alegia.
Familia, semea barne, soroetan dabil. Konfinamenduak asko atzeratu dituela lanak eta denak pilatu egin direla. Jendea iritsi ezinik dabil eta hori ere bada urduri egoteko arrazoietako bat.
Kanpoan mahai batzuk daude eta bertan har dezakegula kafea.
Kafeak lasai-lasai hartzen ditugun bitartean hirukote bat dator, edadeko hiru andrazko. Batek garatxo bat erakusten die beste biei, baina zalantzatan da ez ote den akainaren bat izango. Ezetz besteek.
Laugarren bat dator eta hiruretako bat agurtzen du. Honek beste biak aurkezten dizkio. Erretiroa hartutako bi erizain direla. Lan kontu batzuk aipatzen dituzte.
Gero, beste gai batzuk jorratzen dituzte. Batek minbizia pasa zuen duela bospasei urte eta lagunek goraipatzen dute bere jarrera gaitzari aurre egiteko orduan. Batek dio oso ausarta izan zela. Berak ezetz, ez zela horrela izan. Pozik daude elkarrekin daudelako eta garbi gelditzen da denen aurrean.
Amaitu dira gure kafeak. Buelta eman eta herrira itzultzeko garaia da. Errazagoa da orain bidea. Gutxi bada ere beheranzko joera baitauka errepideak.
Agur esan eta bagoaz.
P.S. Apunte hau A-ri eskaini nahi diot. Hobe enteratzen ez bada. Astelehenean borroka latza hasiko baitu. Espero orain arte eraman duen bezala eramatea gaitza eta dena ondo baino hobeto amaitzea.
Bide batez, aste honetan hamasei urte bete ditu blog honek eta eibar.org-eko blog komunitateak.
Perdonen: ¿queda cerca el pueblo? Este apunte en castellano.