Argentinako diktadurapean lapurtutako haurra
Guerrieroren erreportajea kronika bat da, 2026ko maiatzaren 10ean argitaratu zena El País Semanalen. Izenburua: Una sangre común. Eta María Eugenia Sampallo Barragánen istorioa kontatzen du.
Una niña robada por la dictadura argentina, este apunte en castellano
María Eugeniaren gurasoak bahitu egin zituzten militarrek, eta geroztik ez dago haien berri -gogoratu 30.000 hildako edo desagertu eragin zituela Argentinako diktadurak 1976 eta 1983 bitartean-. Mirta Barragán, ama, eta Leonardo Sampallo, aita, 1977ko abenduan atzeman zituzten. Sampallo 1978ko otsaileko egun batean jaio zen.
2001eko uztailean, Maiatzeko Plazako Amonen eskutik ezagutu zuen María Eugeniak familia. Hots, amona, izebak, anaia...
Sampalloren kasua ezaguna bihurtu zen herrialdean bere eskuratzaileen (apropiatzaile) aurka jo zuelako bide penaletik. Bera izan zen bide hori jorratu zuen diktadurak lapurtutako lehen haurra. Epaiketa 2008an izan zen eta epaileek 8 eta 7 urteko zigorra eman zieten guraso plantak egin zituen bikoteari. 10 urteko kondena ezarri zioten María Eugenia lapurtu zuen militarrari.
Pare bat bider irakurri nuen kronika eta behin entzun dut bi ordu pasatxo dituen narrazioa, Leilak berak egindakoa hainbat laguntzailerekin.
El País egunkariko zutabegile gisa ezagutu nuen Leila Guerriero. Behin baino gehiagotan entzun izan ditut bere zutabeak larunbatean Ser katean. Revista 5W-k Ander Izagirrerekin batera elkartu zuen eta solasaldi hartatik liburuxka bat argitaratu zuten.
Idazle gisa hainbat liburu plazaratu ditu Anagrama argitaletxearekin. Horien artean arrakasta gehiena esango nuke azkenak lortu duela, La llamada izenekoak. Baten batek esan izan dit Una sangre común kronika liburu honen ildotik jotzen duela.
Aipatu liburuan, ESMA tortura eta hilketa gunetik pasa ondoren bizirik atera zen Silvia Labayruren istorioa eman zuen ezagutzera Guerrierok. Gutxienez hamasei edizio ditu Espainiako Estatuan, 2024ko urtarrilaren hasieran plazaratu zuenetik Anagramak.
