Ba al duzue Obabako Testiguen berri?
Julianen amonak bizitzako azken urteak seme-alaba ezberdinen etxeetan pasa zituen. Bakoitzarenean hilabetea edo bi hilabete, jada ez naiz gogoratzen. Zamorakoa zela uste dut, baina ezin erabat ziurtatu. Etxean zegoenean denei zabaltzen zien atea. Juliani galdetu nion ea hori ez ote zen problema bat, baina berak ezetz erantzun zidan.
Adibide gisa jarri zidan amonak egun batean nola hartu zituen Jehovako lekukoak. Julian ikasten zegoen bere gelan. Amonak atea ireki eta Jehovakoen txapa ederki aguantatzen zuen, haiek galdetutako gauza guztiei amen esaten zien bitartean.
Zein zen amonak inoiz pasatzen ez zuen marra? Diruarena. Hau da, Jevoharen supporter-ek aldizkaritxo bat ematen ziotela. Ondo. Harengatik dirua eskatzen ziotela, Messik gola sartu baino azkarrago bueltatzen zuen amonak oparitxoa.
Ez dakit Obabako Testiguek dirua eskatuko ote duten (ez dirudi), baina bideo-trailer polita prestatu dute Añorgan martxoaren 22tik aurrera hilero abiatu duten literatur solasaldiaren berri emateko.
Mila esker esteka zabaltzearren. Eta ez, ez gara Jehovako Testiguak eta ez dugu deus kobratuko!! Guztiz doakoa da. Hori bai, bakoitzaren denbora urrea bezain garestia bada, hori izanen da bakoitzak ordaindu beharko duen prezioa, irakurtzen emango duen denbora alegia. Beste dena, gure kontu!
Mila esker berriz esteka partekatzeagatik! Izan ondo!