Arraytxiki eta Publikatu.com aurkeztu zituzten atzo Donostian
Astelehenean-edo enteratu nintzen Haritz Rodriguezek aspaldian elikatu gabe zuen blogean aurkezpenaren berri eman zuelako. Teketenek ere gauza bera egin zuen bere blogean, baita twitter kontuan ere.
Zertara nindoan oso ondo jakin gabe hurbildu nintzen KMKra. Ez ginen jende asko bildu. DVko Ibargutxi kazetariaz gain, Garako kazetaria ere bertan zegoela uste dut. Gipuzkoako periodiko salduenaren argazkilaria eta Argazki Press agentziakoa ere.
Blogari gutxi batzuk ere hurbildu ginen. Hogei bat minutuko espitxa bota zuten biek. Gorka hasi zen lehenago Arraytxiki web laborategia aurkezten eta, ondoren, Haritzen txanda iritsi zen. Honek Publikatu.com laborategi-haztegiaren diru-iturri gisa planteatu zuen. Sustatun dago albistea ondo garatua. Slidesharen ere badago aurkezpena.
Galderen txandan Mikel Iturbek aka azken_tximinoak galdetu zuen ez ote zen mundurat.net egitasmoaren antzekoa. Gorkak ezezkoa erantzun zuen, ez zirela konpetentzia. Izan ere, mundurat herri mugimenduen eremuan ari dela lanean eta Arraytxikik innobazio soziala landu nahi duela.
Ekitaldia amaitu ondoren, bi ekintzaile hauekin, Mikel Iturberekin, Nagore izeneko neska batekin eta UKnetberriko beste partaide batekin hartu genituen han inguruan pare bat trago.
Gaur irakurri dut Marko Txopiteak ez duela begi onez ikusten Publikatu.com egitasmoa, kontsumismoa sustatzen duelako-edo. Motza izango naiz, baina bere kritika irakurri ondoren zer esan ez dakidala geratu naiz. Horrela izango da, baina bizi garen munduan bizi gara.
Argazkiak Haritzek bidali dizkit eta nire flickr.com kontuan kargatu ditut. Espero dut ez haserretzea.
Ea zortea duten egitasmo hauekin.