Argia Sarien emate-ekitaldian
Lehen aldiz hurbildu nintzen pasa den ostiralean Argia Sarien emate-ekitaldira. Eta lehenengo gauza izango da gonbidapenagatik eskerrak ematea antolatzaileei.
Konpainia eta giro ederrean egotea tokatu zitzaidan, gainera, Interneteko saltsero batzuen artean jarri baininduten. Mahaian eseri bezain pronto, Sareko Argia grebaorokorra.info ekimeneko lagunei eman zietela ikusi nuen. Beste behin, irizpide egokiz gainera, Interneteko ekimen kolektiboak saritu zituzten.
Fakun, Galder eta Nagorez gain (Teketenen blogean dituzue haiei eginiko argazki batzuk), zorionak eman nahi dizkiet ere gainerako saridunei: Itxaro Borda idazlea (prentsa idatzia; bertan egon ez zen bakarra: bideo bat jarri zuten haren hitzekin), AEK (publizitate munduko saria), Eriz Zapirain (telebista alorrean; oraindik ez dut ezer ikusi, baina jende askok eta desberdinak hitz politak baino ez dizkit esan Zai Zoi Bele saioaz) Agin Rezola (irratigintzan, Info7n 5etako dilijentzia irratsaioko gidaria: vis comica berezia duen kazetaria) eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak (sudur gorriak ematen duen askatasuna ekitaldian bertan ezagutzera eman zutenak).
En la entrega de premios de la revista Argia, este apunte en castellano.