Txetxo Bengoetxea berbetan
Txetxo Bengoetxea musikaria ezagunago (eta maitagarriago) bihurtu zen Euskal Herrian La pelota vasca Medem-en filman agertu zenetik. Apirilaren 17ko hauteskundeak direla-eta, Ezquiaga zenbait pertsona ezagun elkarrizketatzen ari da Gipuzkoako orakuluan. Joan den ostiralean, hilaren 8an, Txetxo elkarrizketatu zuen.
Ibilbide luzeko musikaria da antiguatarra. 21 Japonesas taldeko lider izana da. GATA taldean ere ibilitakoa. Bakarka dihardu orain eta dagoeneko bi disko eman ditu argitara. Azkena joan den urteko udaberrian argitaratu zuen, hilabete asko eskubideak erosi zizkion disketxearekin borrokan pasa ondoren. Naïve konpainia frantsesean publikatu behar izan zuen azkenean.
2004ko ekainaren 11n inauguratu egin zen Manifesta ditxosozko hura. Kursaalaren kanpoaldean iragarrita zegoen Txetxoren kontzertua. Berandu iritsi nintzen, ordu berean Lugaritz Kultur Etxean beste emanaldi bat baitzegoen, Urdangarin eta konpainiaren "Txikiegia, zaharregia agian".
Txetxoren azken bi kantuak entzuteko aukera izan nuen. Ordubeteko saioa egin zuela esan zidaten. Haserre zegoela nabaritzen zitzaion, antolatzaileekin ziurrenik, desastre xamarra izan baitzen dena. Jende gehiago zegoen Antiguako kultur etxean, Kursaaleko terraza hartan baino, soinu arazoak ahaztu gabe. Argazki honetan baina kontzentratua ikusten da bere lanean
Ezquiagak eginiko elkarrizketatik entresaka eginaz, bi erantzun aipatuko ditut:
Gaur egungo Euskal Herria ea nola ikusten duen: "Zama handia eta pilatutako mina izugarria izanik ere, herria aurrera doa. Arazoa da bigarren edo hirugarren martxan goazela; biolentzia eta mina desagertzerakoan, herri hau bosgarren martxan joan daiteke lasai-lasai. Etorkizuna badugu eta ona gainera!".
Galdera topikoa: musika mundua Madrilen mugitzen da eta zu hemen bizi zara: "Hemen dago nire etxea eta ondo bizi naiz hemen, bidaiatu behar badut ere. Nire azken diskoaren promozioa bukatu berri dut. Eta musikaren mundua oso gaizki dago: datozen aldaketen aurrean ezin egona dago, disketxeak ez dira egokitzen eta jende guztiak uste dut musika debaldekoa dela eta musikariak airetik bizi garela. Baina musikariak frigorifikoa bete behar dugu, guztiek bezalaxe, eta inspirazioa ez dator zerutik. Hala ere, hau beste istorio bat dela uste dut".
Bai, Txetxo, hori beste istorio bat da. Zaila duzue etorkizuna. Are zailagoa musika merkatuaren % 80a kontrolatzen duten bost korporazio handien esku jarraitu ezkero.