Bizikleta astean euskal derbia San Mamesen
Athletic 3 – Reala 0. Amaitu berri da San Mamesen euskal derbietako bat, nagusiena. Reala hobetoen zegoenean gola sartu du talde bizkaitarrak. Bigarren zatian hobeto aritu dira Valverderenak eta beste bi txitxarro sartzea lortu. Galdera: noiz utziko dio Larrak "zergatikan" lekuz kanpo erabiltzeari?
Bizikleta astea izan denak (hasi Nafarroan joan den igandean Miguel Indurain Sariarekin, astelehenetik ostiralera De Lucak irabazitako Euskal Herriko Itzuliarekin jarraitu eta gaur, igandean, Amorebietako Udaberri Sariarekin bukatu), euskal derbia izan du larunbatean.
Realak zortzi jokalari gipuzkoarrekin eta hiru atzerritarrekin ekin dio norgehiagokari. Asko aldatu da iazko taldea, asko aldatu da denboraldi hasierako taldea. Athletic ez dut hainbeste jarraitu, baina espero zen hamaikakoa zelairatu duela esango nuke.
Lehenengo zatian bi taldeek ez dute joko handirik egin. Emozio handia bai, baina pase ustel asko eta maila tekniko gutxi. Hala ere, Reala hobeto ari zen 35. minutuan atzealdean hutsegin eta Ezquerrok lehenengo gola sartu duenean. 1-0.
Bigarren zatian hobeto, lasaiago aritu dira zuri-gorriak. Gainera Valverdek bere maisu izandako Amorrortuk baino hobeto mugitu du aulkia. Realak nabaritu du ere Karpinen hutsunea. Bere tokian Mladenovic serbiarra aritu da, uste dut lehenengo aldiz titular. Ez da gaizki aritu, baina denbora gehiegi darama jokalari honek minutu asko jokatu gabe eta ez du Karpinen profila.
Athletic-en bigarren gola Yestek sartu du (gaur ere look aldaketa egin al du?). Kaskamotz atera da berdegunera, baina ez da hankamotz ibili baloia sareetara bidaltzeko tenorean. Aldez aurretik, teleikusleak abisatu ditu Larrak gure atezaina, Riesgo, gaizki kokatuta zegoela adieraziz. Azpeitiarrak esandako tokitik bidali du baloia zuri gorriak. 2-0.
Hortik aurrera ezer gutxi. Athletic lasai. Aldaketak bi taldeetan. Realean De Paula, Domínguez eta Barkero atera dira. Ez dute asmatu golik sartzen eta Realaren atzealdeak beste hutsegite bat egin duenean, barrura sartu du baloia Ticok. 3-0.
Ea hurrengoa guk irabazten dugun. Bitartean, zorionak garaipena lortu dutenei. Kaguensos!
Gatxa da, gatx-gatxa, zale zuri-urdina izatea Botxoan. Batez be atzo. Zeingotsagu ba! Holakoak gara txikitatik eta orain ez gara aldatuko, ezta? Ez zan txarto egongo, dana dan, gutxiengoen estatusa emotea geuri, Bizkaiko errealzaleoi. Gipuzkoan Atletikzale mordoa dabil, batez be periferian, baina alderantziz ez hainbeste. Eskerrak Araban, Nafarroan eta Lapurdin Diasporako errealzale dexente dagoela.
Aurrera mutilak!