Wotjyla, marineritoa eta hauteskundeak
Beno, gaur hiruko santuarekin nator: ezin izan dut agoantatu eta Karol Wotjylaren heriotza aipatuko dut, gainetik bada ere. Jiménez Losantosekin jarraituko dut, EAEko hauteskunde kanpainarekin bukatzeko.
Baga. Wotjylarenak egin du, baina martxa honetan nireak ere bai! A zer nolako matraka! Francok pakean utzi gintuenean ez nituen nik hamar urte, baina antzeko sentsazioa izan da azken boladan telebista piztearena. Larunbat gauean, adibidez, telebista kate gehienek aukeratu zuten Wotjyla: La2-ek Ana Obregón jarri zigun eta ETB1-ek Athleticaren partida.
Biga. Nire inguruan badaude FJL zale batzuk. Tipoa gorrotatzen dute, baina ezin egon honek zer dioen irakurri edo entzun gabe. Marineritoa deitzen diogu, behin batek jaunartze eguneko argazkia ikusi zuelako. Martxoaren bukaeran irakurri nion Nacho Escolar-i ondorengo mezua. Klikatu aurretik, esan behar dizuet estomagoa behar dela irakurtzeko. Prest zaudete? Ondo da ba! Aurrera.
Boga. Denok dakizuen bezala, atzo gauean lau lehendakarigairen arteko eztabaida bota zuen ETBk. Bosgarren bati ez diote utzi bere burua aurkezten, ezta EITBko instalazioetan sartzen ere. Parlamentuan daudenen artean, UAkoak ere falta ziren. Hori ere esan beharra dago.
Harritu ninduen eszenografiak. Ez nuen espero. Jaime Otamendiri ulertu nionez debatea nolakoa izango zen lauren artean erabaki zuten. Egia esateko minutuko (edo bi minutu ziren?) tarte hori boladan dago.
Laburpena: Javier Madrazo espero baino okerrago; Ibarretxe ere hobeto ibil daiteke. María San Gil espero baino hobeto eta Patxi López espero bezala.
Esan bezala, kontuz Mariarekin, uste baino boto gehiago jaso ditzake-eta emakume honek. Hori bai, diskurtsoa irentsi ezina da.
Beste hark zioen bezala: ea A-17ko kaliza lehenbailehen pasatzen den. Amen.