Tüsüri ere blogari
Atzo arratsaldean jaso nuen Oier Iruretagoienaren mezua: "Web-a berritzen ari nintzen, eta albisteen atal bat egin beharrean, blog bat egitea pentsatu dut, modan jartzen ari denez. Ez dakit askotan idatziko dudan baina hor dago behintzat: http://tusuri.blog.com".
Oierek 16 urte ditu eta ipurterrea da. Duela pare bat urte ezagutu nuen, Casares Kultur Etxeak Musika eta teknologia berriak jardunaldia antolatu zuenean Altzan. Musikariak arratsaldez Altzako kaleetan zehar ibili ziren eta gauean kontzertuak egon ziren Altzako beste kultur etxean. Mutil gazte bat ibili zen bizikletaz toki batetik bestera. Gogoratzen dut oso ondo nola Mikel ez Joseba Irazokik ireki zuen jaialdia, kalean eginiko emanaldi batekin. Oierrek galdetu zion ea Xabier Montoiaren gitarrista ote zen bera. Mikelek baietz. Honek ea Montoiaren azken diskoa gustatu ote zitzaion galdetu zion. Oierrek, lasai asko, ezetz.
Elektronikaldia musika jaialditik pasa ondoren, Donostiako Gazteszenan aritu zen Smith & Mighty Sound System taldearen aurretik, 2003ko urriaren bukaeran. 15 urte zituen orduan eta bere esperimentuak taularatu zituen horretarako oraindik prestaturiko ez dagoen jendaurrean. Hala ere, publikoak txalotu zuen bere emanaldia. Handik hilabete batzutara Erakusleihoan aritu zen.
Errenterian (berak Orereta esango luke) bizi da eta hantxe ibiltzen da (edo zebilen) Zintzilik irratian. Sototik izeneko irratsaioa egiten zuen lehen eta Nontzeberri webgunean ere ikusi dizkiogu zenbait elkarrizketa.
Tipo argia da eta ez da komeni pista galtzea. Beraz, Tüsüri ere blogari. Bejondeiola. Ni jada harpidetu naiz Bloglines-en.
Aupa Mikel! Ez zen Mikel Irazoki, Joseba Irazoki zen... Bueno, Montoiaren diskoarena...je, je...gerora hasieran baino hobeto sartu zait, eh...ez zait asko-asko gustatzen baina disko ona da. Bere bakarkakoa "Do" bezala asko gustatu zait, eta beste bakarkakoa "Joseba Irazoki" bezala, diskoak hasieran hotz utzi ninduen baina zuzenean ikusi nuen Mikelazulon eta asko gustatu zitzaidan. Oso gustora egon nintzen. Jendea ez zegoela nire musikarako prestatua? Zergatik diozu hori? Ez dakit...baliteke...bueno...musika pixkat "arraroa" da agian, baina jendeak nahiko ondo hartu zuela iruditu zitzaidan... Errenteria edo Orereta. nahi duzun bezala. Nik batzutan Orereta eta bestetan Errenteria esaten dut. Bai, jarraitzen dut Zintzilik Irratian(Nola ez!) Bueno Mikel, milesker blog-ari publizitatea egiteagatik! Nik ere jarraituko dut zurearen pista.