Aukera guztiak, alferrik galduak
Lerro hauek idazten ditut Auzitegi Gorenak epai triste bat eman duela jakin ondoren: demokraziari aukerarik ez ematea erabaki du aho batez. Iragarritako epai baten kronika zela esan daiteke. Estatuko indar nagusienek erabaki baitute ez bakarrik Batasunak, Aukera Guztiak zerrendak ere ezin duela aurkeztu.
Duela zenbait aste ez nuen espero horrelako erabakirik. Ez nuen sinadurarik eman zerrenda honen alde, baina ematekotan egon nintzen. Azkenean, ezin izan nuen tarterik aurkitu. Ezagutzen dut taldea sustatu duen baten bat. Ezagutzen dut aldeko sinadura eman duen jende asko. Terrorista bihurtu ditu Estatuak.
Beste estatua hura, Patxirena, kendu zuten joan den astean Madrilen. Beldurrez kendu zuten, gauez, ezkutuka. Jende asko oldartu zen kalean, aurreko estatuburu izan zen terrorista haren alde.
PPren inguruan izango dute horiek babesa. Atzokoarekin, San Gil eta Mayor Oreja, askatasunaren txapelduna deitzen diote honi, harro egongo dira. PSOEko indar atzerakoienak ere pozik (badago zeozer aurrerakoirik hor?).
Hor nonbait irakurri dut, gainera, bi alderdi hauek badutela onik ateratzeko aukera asko. Igoal Patxi López izango da hurrengo lehendakaria.
Aukera Guztiak zerrendari botoa ematea aukera bat zen. Orain, Auzitegi Konstituzionalak erabakiko duenaren zain, nori eman botoa izango da datozen asteetako zalantza.
Aterako gara noizbait euskal labirintotik?
Oharra: lerro hauek atzo gauean idatzi nituen, haserre. Zinera joa nintzen, Habana Blues Benito Zambrano zinemagile andaluziarraren film berria ikustera. Zeozer baretu zen nire haserrea.
Estatu espainiarrean jente larregi dago Madrilen kendutako estatuaren pertsonaiak egindakoak eta haren diktadurazko erregimena gaitzetsi ez dituena, eta ez bakarrik besoa altxata eta piper-potoagaz joandako haiek. Espainiako Parlamentuan dagozan PPko hainbatek be ez dabe egin, edo egin badabe "Aukera Guztiak" plataformako kideek erabilitako formula baino xuabeagoa dan bide batez eginda.
Eta Iraken hildako inozente horien guztien erailketak gaitzetsi dituzte PPko horiek guztiek?
Eta GAL-ek egindako hainbat euskal herritarren akabatzeak gaitzetsi dituzte PSEkoek (UGTkoek, Aldaketakoek, espainiar aktoreek...?
Pasa dan martxoak 11n zenbat egunkari gogoratu zan Madrilen hildako jente inozente horretaz guztiaz gain Iruñeako Donibane auzoan herritar inozente bat polizia batek hil ebala? UPN-k, CDN-k edo PSN-k gaitzetsi dabe hilketa hori be bai?
Neuk ez deukot guztiz argi gaitzespenak derrigorrezkoak izan behar diran ala ez. Pentsatzen baitot edozein indarkeriaren aurrean jarrera bat hartu behar dozula, aldekoa edo kontrakoa, pertsonaia publikoa izanez gero. Eta ezbardindu behar dogula gaitzespenaren modua eta edukia. Modua librea izan behar da, noski. Baina edukia argi edukita.
Behin Indymedia EH-n irakurri neban oso testu interesgarria gaitzespenei buruzkoa, erdarazkoa, Madrilgo "Rebelion" webgunean (www.rebelion.org) agertutakoa. Funtsean, azpimarratzen eben gaitzesle askoren hipokrisia, "indarkeria" eta "terrorismoa" moduko berbak ezbardinak direla egile eta hartzailearen arabera. Hori da kontua.
Indarkeria bakarra ETArena baldin bada mundu honetan, jai deukogu. Eta gero eskatzen deuskue munduko uritarrak izatea eta txokokeriak albo batean uztea... Halakorik!