Eto´o eta La Granja
Aste honetan erosi dut martxoko RockDeLux musika aldizkaria. Irakurleek hautatutako Estatuko 2004ko kantarik onenak oparitzen dituzte CD batean. Kantu batek eman dit atentzioa hasieratik: Eto´o (su jugador favorito) da, Mallorcako La Granja taldearena.
90eko hamarkadan talde honen pop doinuak entzuten ziren. Ni ez nintzen oso zalea, baina bai noizbait entzun ditudala, telebistan edo irratian. Halako batean, agur esan zuen taldeak. Baina mende berriarekin berpiztu da La Granja.
Iaz Mallorcan ari zen Eto´o jokalari kamerundarrari kantua egin ziola irlako musika talde batek entzun nuen. Seguraski El día después edo horrelako kirol saio batean.
Kanta hori Eto´o (su jugador favorito) da. Eta ahotsak, melodiak eta gitarrek berehala harrapatu naute. Disko horretan ageri den kanturik gogokoena bilakatu da.
Bide batez, Anoetara joaten naizenean eta Realaren kantua entzuten dudan aldiro pentsatzen dut Gipuzkoako rock, pop edo dena delako talde batek moldatu beharko lukeela kanta hori eta eguneratu. Badago bertsio bat, Orfeoiarena, baina ponposoegia iruditzen zait.
Egia da ere duela bi denboraldi, Reala Liga irabaztekotan zegoenean, atera zutela diskoren bat. Baina ez dut horrelakorik eskatzen. Kaskarrak baitziren kantu haiek. Gogoan dut Os Diplomaticos de Monte Alto taldeak egin ziola kantua A Corunhako Depori. Edo MCD taldeak harro abesten zuela Athleticen alde.
Gipuzkoan ez dago talderik horrelako zeozer egiteko prest? Bide batez, horrek ez luke berpiztuko hain burumakur dagoen futbolzale giputza (realzalea)?
Bitartean La Granjakoen kanta entzuten konformatuko gara.