Ruper ezin zait aipatu niri
Astelehen goizean ikusi dut Sarasua Ruperri buruz galdezka. Gaua iritsi arte itxoin dut erantzuteko. Honen ondoren doa.
Inoiz ikus-entzun dudan kontzerturik zirraragarriena Ruper Ordorikak 1992ko ekainaren 26-27an Donostiako Victoria Eugenian emandakoa izan zen. Irungo jaien bezperatan geunden. Lagun batekin etorri nintzen, kasualitatez, teatrora. Hain atera nintzen harrapatuta, ezen Irungo jai girora joan beharrean, Hendaiako hondartzara joan baikinen.
Orduan hasi nintzen ruperzaletzen. Bilduma bat 1992ko diskoak aurreko kantarik esanguratsuenak biltzen ditu. Hasiera-hasierako diskoak ez zaizkit hainbeste gustatzen, baina hemen bildutako kanten bertsio asko bai. Ez da posible, 1990 urtekoa, potentea da. Juan Carlos Pérezen produkzioa, oker ez banago. Zendu berria den Santi Ugarte ere hortik zehar zebilen. (Portzierto, zein isilik pasa den Ugarteren heriotza).
1992ko Ruper Ordorika & Mugalaris mini-CDa ere gustuko dut. AEBetara joan aurretik grabaturikoa. New York-en pasa zituen ondoren hilabete batzuk. Hasiberria zen Daniel Calparsorok egin zion bideo-klipa.
Hiru horiek dira niretzat diskorik majoenak. Gerokoak, ondo daude, baina ez dute horien magia. Agian Gaur 2000an grabaturiko zuzeneko diskoak, bai.
Urte horretan ikusi nuen lehen aldiz Ruper zuzenean Euskal Herritik kanpora. Madrilgo Café Centralen izan zen, 2000ko azaroan. Hiruzpalau egun lehenago eta-k lineako autobus batean zihoazen 4 pertsona akabatu zituen Madrilen. Giroa ez zen beste mundukoa, beraz. Hala ere, kontzertu ederra ikus-entzun genuen taberna hartan.
Bitxikeria: Madrilen-eta jotzen duenean Peter Punk kanta abesten du, gazteleraz, gitarrarekin. Letra oinarrituta dago Leopoldo María Paneroren poema batean. Zoragarria. Geroztik ez diot entzun.
Ea halako batean ere EHn animatzen den poema horrekin.
Sarriren liburuak ez zaizkit hain erakargarriak egiten. Martin Larralde zoragarria da, hori bai.
Aupa Edu:
Kar, kar, kar. Edo jua, jua, jua: Hendaia plaian ez zen ezer gertatu, zeren nire laguna mutila da. Eta ni ez naiz homosexuala.
Apirilaren 23an, dena ondo joanez gero, Bartzelonan egongo naiz, San Jordi egunean. Ilusio egiten dit egun hori Bcn-n pasatzea.
Gainera, txoritxo batek kontatu dit, litekeena dela egun horretan Barnan Arzalluzen memoria liburua aurkeztea. Eta aurkezlea erakundearekin bildu zen gizona izan daitekeela.
Ez da plan makala Espaloian egotea Ruper entzuten. Baina Bartzelonan, Ranbletan, lagun giroan.... dedio.