Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / 63. Zinemaldia bukatu da

63. Zinemaldia bukatu da

Mikel Iturria 2015/09/29 23:35
Zinemaldiaren hasieran aipatu nituen ikusteko asmoa nituen pelikulak eta jaialdia amaitu denez, orain tokatzen da esatea zeintzuk ikusi ditudan eta bakoitzari buruzko lerro gutxi batzuk idaztea.

Aurreko apunte batean aipatu nituen 63. Zinemaldia ikusteko asmoa nituen filmak. Gaur, berriz, ikusi nituenen inguruan ariko naiz. Berandu samar nabil, badakit, baina gaur eman du ezagutzera Zinemaldiak ikusle kopurua (ia 175.000 ikusle) eta jakin dugu ere Loreak filmak ordezkatuko duela Espainia Oscarretan (zorionak, bide batez). Beraz, hain berandu ere ez da.

1.- The Show of Shows: 100 years of Vaudeville, Circuses and Carnivals. Lehen filma Tabakaleran ikusi nuen, jaialdia eta Tabakalerako zine-aretoa egun berean estreinatuz. Nola egin daiteke film mutu bat garai bateko zirku, rodeo, eta abarreko irudiak erabiliz, post-rock musikaz lagundurik? Ba emaitza ederra lortzen du zuzendariak. Ez dakit zinema aretoetara iritsiko ote den, baina ondo inbertitutako 75 minutu izango dira.

2.- Vinyland. Zinema ikasle baten lana. Oso zine gutxi, baina oso musika ona. Batez ere Bloody Mary musika dendaren inguruan mugitzen den bertako binilojale batzuei buruzkoa. "Support your local scene" kategoriakoa. Filma babestera joandako jendez lepo aretoa (Principe Zinemetako 7. gela ez da oso txikia). Eta Juan de Pablos ikusleen artean.

3.- El Club. Hau izango da Zinemaldian ikusi dudan pelikularik onena seguruenik. Txileko herri txiki batean, moja batean zaintzapean, bizi diren lau apaiz pederasten gorabeherak. Bosgarrenaren etorrerarekin batera areagotuko dira arazoak. Lan borobila zuzendariak (Pablo Larraín) eta aktoreek.

4.- Allende mi abuelo Allende. Marcia Tambutti zuzendaria Salvador Allende zenaren bilobetako bat da. Gaur egun egindako dokumentalean, batez ere, familiako emakumeak agertzen dira. Denei asko kostatzen zaie Allenderi buruz hitz egitea, baina bilobak lortzen du hainbat korapilo askatzea. Alarguna ere azaltzen da. Txileko historiaren zati bat dokumental sendoan.

5.- Anomalisa. Animazio filma. Hotz utzi ninduen. Oso gutxi geratu zait memorian.

6.- Amama. Victoria Eugeniara berandu iritsi nintzen eta beteta zegoen aretoa. Goiko aldean ikusi behar filma, azken lerroan, pantailaren 2/3 ikusten nituela. Oso pelikula gutxi egiten da euskaraz eta karga izugarria eraman behar dute zinemagilek sorbaldan. Halere, esango nuke hori ere gainditzen ari dela. Baserria eta bizimodua ulertzeko bi belaunaldien arteko talka. Erritmo geldoko pelikula indartsua.

7.- Klasiko bat ikustera joan nintzen Chronic ikusi ordez: King Kong.

8.- El botón de nácar. Patricio Guzmán dokumentalistarena izan zen zinemaldian ikusi nuen 3. pelikula txiletarra. Bere herrialdeko bi une lotzen ditu Guzmánek: Patagoniako indioen aurka XIX. mende amaieran egindako sarraskia eta Allenderen kontrako estatu-kolpea eta ondorengo Pinocheten errepresioa. Gomendagarria. Askotan naturari buruzko filma ematen zuen.

9.- Les Chevaliers Blancs. Sekzio ofizialean ikusi nuen bigarrena. Oso gai potentea: Europako GKEk Afrikako herrialdetan jokatzen duten papera. Nirekin joan zirenei asko gustatu zitzaien, baina ni ez nintzen asebete. Ez zitzaidan ikuspegia gustatu edo nik zer dakit zer.

10.- Mi querida España. Larrainenarekin batera gehien gustatu zaidana. Jesús Quinterok azken 35 urteetan egindako hainbat elkarrizketa lotuz Espainiako historia bat osatzen du Mercedes Moncada dokumentalistak. Gaur egungo Cadizeko chirigotak tarteka.

11.- Les démons. Hau ere sail ofizialekoa. Montrealeko klase ertaineko auzo batean bizi diren hainbat haurren gorabeherak. Bahiketa bat tarteko. Erlojuari begira pasa nuen denbora gehiegi. Luze egin zitzaizkidan bi orduak.

12.- No estamos solos. Kursaaleko bigarren aretoa beteta. Iaioflautak, PAH-ko ordezkariak, Xixongo komadreak... eta El Gran Wyoming ekoizlea. Pere Joan Ventura zuzendariak mikrofonoa eta kamera eskaini zien M-15aren bueltan eta ondoren kaleak zapaldu zituzten hainbat aktibistari. Emozio asko egon zen aretoan eta bateriak kargatuta atera zen jendea bertatik. Zineforum-etan eta mugimendu sozialetako guneetan asko mugituko den filma izango da.

13.- Black Mass. Betiko zine beltza, klasikoa. Kostatu zitzaidan antzematea protagonista Johnny Depp zela. Oso gustura ikusi nuen eta gustatuko zaizu mafia eta zine beltza maite badituzu.

14.- London Road. Arrisku handiegia hartu zuen Zinemaldiak pelikula honekin. Ez zen jaialdia ixteko modukoa. Ipswich herrian bost emakume hil zituzten eta bizilagunen testigantzak harturik eginiko musikala da. Antzerki mundukoa zuzendaria eta aktoreak. Jende asko ikusi nuen ordua baino lehen belodromotik hanka egiten. Ez nintzen filma ulertzeko gai izan.

Amaiera: niri luxua iruditzen zait jaialdia. Zoragarria da hainbat egunetan zehar hainbat ordu pasa ahal izatea pelikulak ikusten. Batzuk gehiago gustatuko zaizkizu, beste batzuk gutxiago, baina osotasunean jaialdiak berak merezi du.

Las películas que vi en la 63 edición del Zinemaldia, este apunte en castellano.

etiketak: donostia, zinemaldia
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter