Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Bi notizi on Anoeta ingurutik

Bi notizi on Anoeta ingurutik

Mikel Iturria 2005/01/25 18:53

Bi notizi on datoz Anoeta ingurutik: U2 taldeak abuztuaren 9an eskaini behar duen kontzertua da bata; bestean, zerikusia dut nik eta, bide batez, propaganda pixkat egingo dut, Erakusleihoa. Beste bi desio? Adibidez, ea behingoz Realak martxa hartzen duen 2005ean eta igandean partida irabazten duen eta Kirol Patronatuko instalazioetako langileek lortzen ote duten nahi dutena-edo, greban baitaude gaurko egunez.

Ez dakit zer izango den zailena, igandean Realak irabaztea edota Kirol Patronatuko instalazioetako langileen egoera konpontzea. Gatazka luzea daramate, bizpairu urte atzera joan baigaitezke. Edo gogoratu nola 2003ko Zinemaldiaren klausura, belodromoan egiten dutena, zalantzan egon zen, beraiek deitutako greba deialdia zela-eta. Gaur behintzat Udalaren menpeko instalazio hauek itxita egon dira.

Goazen kulturari arreta pixka bat jartzera. U2 taldearena gehiago izango da negozio, mugitzen duten dirutza kontutan hartuz gero. 90. hamarkadaren hasieran Anoeta belodromoan egon ziren, maiatza aldera, oker ez banago Zoo TV Tour biraren barruan. Ez naiz oso U2 zalea, epika garaiak gutxiago gustatzen zaizkit, gainera. 90 hamarkadako eta oraingo soinu hauek gehiago. Hala ere, 46-75 euro bitartean ordaindu behar izateak, atzera botatzen du edozein. Zenbat pagatu genuen duela 12-13 urteko kontzertuagatik? Ez dakit. "Inoiz ikusi gabeko ikuskizuna" izango dela. Beno, hori betikoa, zer esango dute ba? Hilabetero egoten diren mendeko futbol partida horien antzerakoa dirudi askotan.

Beno, Erakusleihoa behintzat debalde aterako zaio ikusleari. Edu Zelaieta poetak iaz argitaratutako Mugaldekoak poesia liburua oinarri duen Mugaldekoak hirukotearen "Kantuak, poemak eta kantu-poemak" emanaldiarekin hasiko gara datorren ostiralean, urtarrilaren 28an, arratsaldeko 19:30etan.

Zelaieta Gasteizen bizi bada ere, aita aldetik beratarra da. Muga-frontera, egunero gainditu beharreko mugak, norberaren barne mugak eta beste hainbat muga hartu zituen erreflexio gai Joseba Jaka beka jaso zuen liburuan.

Kabigorrin ikusi nituen urtarrilaren 13an. Zelaietaren testuak eta Beñardo Goietxeren musikak nagusi, Raúl Ruizen harmonikak eta zerra melodikoa ahaztu gabe, noski. Poesia lasaia, gertukoa, ludikoa zenbaitetan, umoreari aterik ixten ez diona. Musika Beñardo Goietxek egin du, esan bezala. Gutxik ezagutuko duzue, hala ere, Pettirekin eta Moraurekin ibili bada ere. Dedio! Horrelako artistei norbaitek esan beharko lieke beren lana ederra dela eta lasai ibil daitezkeela edozein tokitan. Joseba Irazokiren azken “Irri eta solas” diskoko letra bat ere berea da. Eta zoragarria da, adibidez, "Baigorritik Erratzurat" poemari jarri dion musika. Zuzenean entzun behar duzue musika, nik letrarekin utziko zaituztet.

Esan bezala, hurrengo emanaldia, Erakusleihoa programaren barruan, datorren ostiralean, urtarrilaren 28an, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean (Anoeta Estadioaren 7 eta 8 ateen artean).

Erakusleihoa programari buruzko informazio gehiago

BAIGORRITIK ERRATZURAT
Baigorritik Erratzurat, Aldudetik Elizondorat
joaten zen Baztango nekazari gaztea
isilpean, gordeka, bizkar-lan betean:
hogeita hamar kilo kobre soinean.

Baigorritik Erratzurat
Ibai Handirik ez, Itsasarterik ez.
Oinezko bide malkartsua baizik:
izerdia eta nerbioak bidaideturik
negu gorrian nahiz udazken orbelduan.

"Mugarik ezean, kontrabandorik ez"
pentsatzen zuen nekazariak bere artean
etxera bidean, egunabarrean.

"Duty free ez zen guretzat existitzen"
pentsatzen du ozenki aitona zaharrak ferryan,
"migrazio-poliziarik ere ez;
jendarmeak eta karabinero gizajoak baizik".

Tijuana, Tanger, Tarifa
ez ziren
Baigorritik Erratzurat.

Tamara
Tamara dio:
2005/04/16 17:01

"Mugaldekoak" kontzertuan ikusteko aukera izan nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Edu Zelaiaren liburua erosi dut eta liluratuta nauka. Jakin nahi nuke ea taldearen orriren bat dagoen. Eta Gasteizen kontzertu gehio egingo dituzten. Milaesker!!! aio

iturri
iturri dio:
2005/04/16 21:26

Kaixo Tamara:

Aste honetako Berria egunkariaren zenbaki batean irakurri dut emanaldia zutela. Ez dut gogoratzen noiz eta non.

Bestalde, webguneari dagokionez, ez dut uste Eduk ezer daukanik.

Nahi baduzu, saiatuko naiz berarekin harremanean jartzen eta ea berak erantzuten dizun.

Eskerrik asko.

Aio.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter