Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Gari edo pertsona zerotik hasten denean

Gari edo pertsona zerotik hasten denean

Mikel Iturria 2005/01/17 00:01

Ostiral arratsaldean kontzertu potentea zegoen iragarrita Donostiako Lugaritz kultur etxean: Gari. Egona zen Donostian pasa den abenduan, Dvórame gehigarriaren 20. urteurrena ospatzeko kontzertuan, baina emanaldi honetan bera zen protagonista bakarra. Eta musikoa forma onean aurkitu genuela esan beharra dago.

Antzokia ia bete egin zen. Berri ona antolatzaileentzat. Ez baita garai ona kontzertuak egiteko gabonen ondorengo eta Sansebastian eguneko tarteko aste hau Donostian, baina Antiguako jaiak ere hastera doaz, Sansebastianak ere baina kapitalekoak baino luzeagoak.

Banda berria osatu du Hertzainak taldeko abeslari ohiak: Hasier Oleaga (bateria jotzailea, Ortophonk), Iosu Izagirre (baxu jotzailea, Sant Pau 44, diskoaren produkzio lanetaz arduratu dena), Kepa Martínez de Albéniz (teklista) eta Juanma Gereñu (gitarrista). Banda sendoa eta eskarmentuduna.

Zuzeneko soinua gehiegizkoa iruditu zitzaidan hain toki txikirako. Publiko guztia eserita (beste erremediorik ez). Batzutan erdi lo geundela zirudien, zeren ez zen inor mugitzen. Batzuen aburuz agian hobeto aulkirik gabeko aretoren batean. Nik, hala ere, gustura entzun nituen abestiak. Eta gozatu nuen Gariren ahotsarekin, mugimenduarekin, musikarekin. Nabari da pozik bizi dela frontman-a. Marka da gero Peruko oihanera joan behar hemen (gehienok?) ondo bizi garela jabetzeko, baina pertsona bakoitza mundu bat da eta ez naiz ni sartuko gainera artisten barne mundu horietan.

Kontzertuak ordu t´erdi iraun zuen. Lehenengo zatia, ordubetekoa, azken diskoan oinarritua batez ere. Bigarrena, gehiago kanta zaharrei begirakoa. "Aitormena" kantuarekin ausartu egin zen, bertsio berezia eskainiz. Hitz gutxi egiten du Garik eta abestiak bata bestearen atzetik doaz. Bukaeran, bis-en txandan, "Hil ez denak" single-a, hain gutxi gustatzen zaidan hasiera tecno horrekin.

Uste nuen bakarkako bide luzeagoa zeramala (bost disko botatzen nizkion) baina aurretik bi disko atera ditu Elkar disketxearekin eta zuzeneko bat Gara egunkariak zabaldu zuena. 0-tik diskoan sei kanta daude euskaraz eta bost gazteleraz. Eta nik natural somatzen dut Gari euskaraz zein gazteleraz, bietan. Kantak Atxaga (bere aingeru goardakoa omen), Kepa Murua, Jon Maia eta Jon Benitorenak dira. Gari berarenak ere bai batzuk.

Hiru etapa biltzen omen du diskoak: duela zenbait urte bero-bero ibili zen Gari gaztelerazko disko bat prestatzen, contra o mundo bizi zuen etapa iluna; Peruko bidaia prestatzen eta Amerikako herria hartan egindako estantzia; etapa zoriontsua, handik etorri ondorengoa, pare bat urte, neska-lagunaren haurdunaldia eta Mikele alabaren jaiotza.

Poztekoa da, azken finean, bazen garaia Gari pozik eta zoriontsu ikusteko. Bidea aurkitu duen honetan, ea ez duen galtzen.

etiketak: Kultur harrikadak
iturri
iturri dio:
2005/01/18 20:17

Aupale Arantzabal:

Gari asko gustatzen zait, baina, zoritxarrez, behin-edo ikusi dut Hertzainak taldea zuzenean. Bigarren diskoaren aurkezpenean izan zela uste dut ("Salda badago" kantua duena) eta teknikoki hain pattala den diskoan. Hondarribian izan zen, igandea zen. Aste bukaera horretan, gainera, Catalunyan jo zuten eta taldekide batek arazoak izan zituen poliziarekin (edo poliziak berarekin). Oso animatuta ez zeudela esan nahi dut.

Gero, Garik bere bigarren diskoa aurkeztu zuen Donostiako Aste Nagusian, Trinitate plazan. Ez ziren oso garai onak ere, eta tipoa tximista bezala pasa zen eszenatokitik. Coge-la-pasta-y-vete.

Hirugarren honetan, berriz, dotore ikusi nuen Gari eta taldea. Gozatzen.

Ea dena ondo ateratzen den Espaloian.

Iban Arantzabal
Iban Arantzabal dio:
2005/01/18 19:04

Elgetako Espaloia Kafe Antzokian izango da Gari. Kriston gogoa dut ikusteko. Esperantza handia dut eta Perura joan aurretik Gasteizko Azkenan egin zuen moduko kontzertua egiten badu, ni pozik. Peruk baino musikoek lagundu diotelakoan nago. Beti da errazago banda bat atzean izanda. Hori bai, Gari Gari da eta ni gogoz nago ikusteko. Ia ez den etortzen kontzertu korrektoegi bat egitera. Horixe nire beldurra.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter