Rafa Sardina
Ezaguna egiten zitzaidan Rafa Sardina izena. Musikarekin loturikoa. Atzo, Radio Euskadiko iragarki batean entzun nuen Joseba Martinek elkarrizketatuko zuela gauerdian.
Uste dut Ana Pozas abeslariari entzun niola lehenengo aldiz Rafa Sardina bermiotarra zela bere produktorea. Orduan jakin nuen Californian bazegoela euskaldun bat engineer, mixer eta producer gisa lan egiten zuena.
Javier Vizcaínoren Más que palabras irratsaioa entzuten ari nintzela, publizitatearen txanda heldu da. Etxeko programazioaren tartean, Joseba Martinen ahotsa entzun da gauerdian Rafa Sardina musika produktorea elkarrizketatuko duela esanaz.
Sareko Google orojakileari galdetu diot eta lehenengo emaitza Rafa Sardinaren webgunea izan da. Ingelesez bakarrik dago webgunea (eta ni ingelesarekin txarto moldatzen naiz), baina zenbait txorakeria komentatzeko adina atera dut:
Bio erabat profesionala jarri du: Los Angeles hirian bizi dela eta sei Grammy sari jaso dituela. Musika produktorea, nahaslea eta ingeniaria. Ez du aipatzen Euskal Herrian sortua denik. Goiko aldean argazkia dago. Gero, news atalean ikus daiteke tipoa burusoiltzen hasia dagoela, baina webguneko goiko argazkian, duela bospasei urteko hauteskunde kanpainan Odonekin egin zutena egin du Rafak bere buruarekin: kopeta luzatzen ari zaiola ezkutatu.
Discography saila ez zait bereziki interesatzen, disko saltzaile nagusien arteko musikariei loturik baita bere karrera: Luis Miguel, Alejandro Sanz, Mariah Carey, Sheryl Crow... Horietakoen kanta eta diskorik ez dut nire diskografian.
Awards atalean topatu dut detaile politena: saririk preziatuena 2002ko uztailaren 15ean lortu zuen. Xabier izena du. Itxuraz bere semea izango da.
Erantzunak e-postara zuzenean bidaltzeko aukera aktibatuta dago. Esango diguzu ea ondo dabilen.