Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Duncan Dhu, duela hogei urteko kontuak

Duncan Dhu, duela hogei urteko kontuak

Mikel Iturria 2006/11/29 08:00

En castellano

Astelehen gauean, Donostiako Udalaren Batzar Aretoan aurkeztu zen Juanra Vilesek idatzi duen "Duncan Dhu. Crónica de un éxito (1984/89)" liburua. Aurkezpen instituzionala erabat: Ramon Etxezarreta, Kultura zinegotzia; Ignacio Casado, SGAEren delegatua; Mitxel Ezquiaga, guardiako kultur kazetaria eta Viles bera. Aurrealdeko eserlekuetan, PNV, PP, EA eta PSEko zenbait zinegotzi. Aulki gehienak beteta. Jende asko.

Berandu iritsi nintzen, baina egileak berak kontatutakoa entzuteko garaiz. Liburua esku artean izan nuen, (Fundación Autor argitalpenaz arduratu dela kontutan hartuz, ez dakit zer nolako zabalpena izango duen), baina ezin izan nuen bat eskuratu. Viles Bankoa banketxeko Prestakuntza arduraduna da gaur egun eta liburuaren solapan alkandora eta gorbata urdina soinean duela ageri da, Donostiako parke bateko aulkian eserita, eguzkipean.

Garai baten kronika dirudi, Juanrak bere buruarekin kitatu beharreko zorra. Denbora asko pasa da eta, haserreak alde batera utzita, taldeko hiru kideen argazkia azaldu zen atzo Gipuzkoako zenbait komunikabidetan. Ezquiagak aurkezpenean aipatu zuen zubiak eraiki behar diren garai honetan argazki ederra osatzen zuela hirukoteak. Berak badio horrela izango da. Amen.

Gazte denboran gorroto nuen talde hau. Irunen Kortatu eta enparauak entzuten genituen. 1986an, errematerako, "Canciones" diskoa oparitu nion nire nobia izandako bati (berriro nire nobia izateko), baina ahalegin ustela izan zen. Ondorioz, gehiago gorrotatu nituen.

Handik urte batzuetara, 90. hamarkadan, diskoa entzuten hasi nintzen. Urte gehiago pasa ziren eta hamarkada horren bukaera aldera, Erentxunek eta Vasallok gidatzen zuten taldeak Victoria Eugenian eman zuen kontzertuan egon nintzen.

XXI. mendearen hasieran ez hori bakarrik: haiei buruzko liburuaren aurkezpenean egon naiz, Vasalloren diskoak erosi eta entzuten ditut, Erentxunen kontzerturen bat edo beste ikustera hurbildu naiz… Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!

Post Scriptum: Hau idatzi gabe ezin dut sosegurik hartu. Musikari ezberdinekin egon nintzen aretoaren atzealdean, paretik pasatzen ziren pintxo eta edalontzi urrien likidoa tokiz aldatzen (barrura). Gogoa ematen zuen Casadorengana hurbildu eta esateko: "Casado jauna, hona hemen Donostiako zenbait musikari". Hari begira, berak musikariekin eta nik Pakistango herriarekin harreman berdintsua dugula baitirudi.

etiketak: Kultur harrikadak
iturri
iturri dio:
2006/11/29 21:15

Aupa Jon:

Arrazoi duzu, baina Donostian gertatu da. Zergatik? Ez dakit.

jon
jon dio:
2006/11/29 20:45

Rock talde bati buruzko liburua PP, PNV, PSOE eta EAko zinegotzien aurrean aurkeztea, non ikusi da hori? Berdin beste edozein siglarekin...

i eme
i eme dio:
2006/11/29 14:15

Nei, antzeko zeozer pasatu zait talde honekin. 80ko hamarkadan, "rock radikala" zenak alienatu gintuen eta belarriak itxi zizkigun (agian ez zen izan "rock radikala" belarriak itxi zizkiguna... politika izango zen; herri hontan beti pasatzen den bezela). Orain, belarriak irekiagoak ditudanean, pertsonaia interesgarriak iruditzen zaizkit.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter