Neneh Cherry Realaren ajeen aurka
Azaroaren 22ko oharra: gune honek arazoak izan ditu azken bi egunetan. Gaur, asteazkena, igo dut sarera, baina astelehenerako aurreikusita zegoen apunte hau.
Realaren martxa hain da penagarria, futbol zelaian egon ondoren eta etxera joan aurretik, beste planen bat egin beharra dagoela astea behar den bezala bukatzeko. Atzoko plana Neneh Cherry abeslariaren kontzertura joatea izan zen. Eta asmo hori ez nuen nik bakarrik izan, 700 lagunek bete baikenuen atzokoan Gazteszena aretoa. Cherryk 42 urte ditu eta senarra eta beste zenbait lagunekin osaturiko CirKus taldearekin batera etorri zen Donostiara. Gustatu zitzaidan emanaldia, baina hobeto egon zen duela zenbait urte Victoria Eugenian eskaini zuena.
Wikipedian begira ari nintzela, Neneh Chelsea taldeko zale dela irakurri dut. Beti irabazten duen talde baten jarraitzaile izatea ez da zaila. Meritua Realeko zaleek dugu.
Bakero etxera bidali ondoren, Lotinaren lehenengo partidan politto aritu ziren txuri-urdinak, baina ilusio hori desagertu egin da. Galtzea merezi ez bazuten ere, Vila-real taldea gailendu egin zen egun hartan ere Anoetan. Atzo ez zen hori gertatu, baina gutxi falta zitzaien Iruretak entrenatzen dituen Betiseko mutilei hiru puntuak Andaluziara eramateko.
Azken aste hauetan, John Toshack ahoberoaren bi zutabe irakurri ditut eta ados nago berak bertan esandakoekin. Realaren kide garen guztiok argi izan beharko genuke zer den talde hau. Ezinezkoa da Getafe, Malaga eta beste zenbait tokietako erdipurdiko jokalariez betetzea aldagela. Kanpotik ekarritako hiruzpalau jokalari onak behar ditugu, beti berdegunean egon beharko luketenak (bere kalitateak hori eskatzen duelako). Gainerako bizkarrezurra etxeko jokalari beterano eta gazteen nahasketa beharko luke. Reala hori dela konturatzen ez den bitartean, gainbeheran jarraituko dugu. Miguel Fuentes eta konpainiak beste Reala dute buruan (edo hori dirudi).
Gainera, ez dut uste oso garbi dutenik nortzuk joaten garen igandero estadiora. Dirudienez elite ekonomikoa garela uste dute. Izan ere, 30.700 euro balio duen auto aleman baten propaganda jarri ziguten domekan eserlekuan. Nori begira ari dira? Realeko jokalariek erabili dituzten autoak salgai ere bazeuden txartelan (42.000-44.000 euro bitartean), baita 3.900 euroko gangaren bat ere, baina azalean 30.700 euro balio dituen autoa.
Hori ez da Reala. Chelsea izango da?