Atxagaren adierazpenak
Gaur gehienok Bertsolari Txapelketako final nagusiari begira izango zineten. Halamoduz jarraitu dut nik telebistaz arratsaldeko saioa (goizekoari ez diot kasurik egin). Harritu nau Euskadi Irratiak futbolari egitea kasu; Herri Irratiak, fm-n behintzat, bertsoak botatzen zituen bitartean. Zorionak Andoniri eta gainerako bertsolariei.
Dena den, atentzioa deitu didate gaur goizean Atxagari irakurri dizkiodan adierazpen hauek. Bi orri Berrian, Alberto Barandiaranek eginiko galderei erantzunez.
Gauza batzuekin ados nago. Adibidez Otegi eta Arzalluz-en azken liburuei buruz esaten dituenekin.
Baina Euskal Hiriaren alde egotea bada autopista gehiago eta Y grekoa, ez dakit ba. Ez nago ni ados kontu horiekin, baserrian jaiotako asfaltokume petoa izan arren. Hona hemen hiruzpalau galdera jarraian:
Kazetaria: Liburua, antolatuta dagoen bezala, Obabatik ateratzen da; gero, Frantziara, Marokora eta Bilbora. Euskal Herritik Euskal Hirira.
Atxaga: Bai, neure buruari proposatutako bidaia hori da. Ez daukat zalantzarik, Euskal Herri osoa hiritartzea nahi nuke, hori gertatu ezean ez delako leku interesgarririk izango. Eta horrek egiten nau, beharbada, desarrollista, eta egia da. Beti dago akatsen bat, ez dago teoria garden politik. Horrek kostu bat izango duela? Dudarik ez. Baina ni beti izan naiz autobien aldekoa, Y grekoaren aldekoa, eta oso garrantzi handikoa iruditu zait Baionatik Bilbora ordubetean joatea, edo ordu eta erdian.
Kazetaria: Nahiz eta, bide batez, Asteasu suntsitu?
Atxaga: Bueno, ba bai. Halaxe da. Nik horrela pentsatzen dut. Bueno, Asteasu, ez jendea, ez etxeak. Baina, noski, maila irrealean ari gara; hau alegoria bat da. Maila batean horrela hasiko ginateke, proposamen batekin: hiritartu dezagun Euskal Herria, baita fisikoki ere. Hizketakidea aurrean jarriz gero, eta zuk esan didazuna esango balit, orduan hasiko ginateke mintzatzen. Asteasu esango balidate…baina norbaitek esango balit urtxintxa mota bat galduko dela ez dakit zer muinoaren gailurrean, esango nuke, «barkatu, baina urtxintxa joan dadila beste baso batera». Ze, naturari buruzko irizpide batzuk.
Kazetaria: Baina horrek hiritik kanpoko mundu horren erabateko suntsipena ekarriko luke...
Atxaga: Baina zuk pentsa ezazu folk musika ez zela Texas edo Mexiko Berriko inguruetan sortu, hirietan baizik. Hirietako ezker batek ekarri zituen berriro folka eta mugimendu hori.
Kazetaria: Baina herriak existitu ez balira, ez zen folk musikarik sortuko.
Atxaga: Eta, hiriaren ezean, zer gertatuko litzateke herri horrekin? Nahi baduzu, nire inpresioa esango dizut. Oso inpresio txarra da. Akaso, ez zinen konturatuko, baina herri txiki askok oso suburbio itxura txarra daukate. Oso-oso txarra. Eta ez dago inolako harremanik 50eko urteetan ez ezik 80ko urteetan ere izan zuten itxurarekin. Akaso, baikorregia izango da esatea hiriak lehengo mundu hori berreskuratzea ekar dezakeela, baina nik uste dut are baikorragoa dela pentsatzea hiririk gabe herri txikietako mundu hori aurrera aterako dela.
"Lekuak" liburua erosi egin nuen aurrekoan, baina irakurtzeko daukat oraindik. Gabonetan izango dut aukera.
Nik bi aldiz irakurri nuen elkarrizketa, eta hala ere herena baino ez ulertuaren sentsazioarekin geratu nintzen. Iruditu zitzaidan nahiko modu kriptikoan hitz egiten zuela (behintzat niretzako), gauza dexente jakintzat emanda. Eta era berean iruditu zitzaidan dezepzio ozpindua zeriela bere berba kriptikoei. Sekulako dezepzioa jaso duenaren berbak.