Larrujolearen semena badator
Ernest Lluch Kultur Etxeak Erakusleihoa programaren barruan abenduaren 15ean izango den "Larrujolearen semena" ikuskizunaren berri eman nahi dizue. Emanaldia arratsaldeko 19:30etan izango da kultur etxeko areto nagusian (Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.
Beraien hitzetan, "kabaret musiko-liriko-narkotrapezista" da eskainiko digutena: "Ikuskizun hau zer izango den ulertzeko jarritzazu edukiontzi loredun baten edozein poeta epikoren zazpi bertso errimatu zurituta eta nahastu itzazu bederatzi akorde gozorekin. Gehi iezaiozu katilukada bat ur bero eta zaporea -starlux pastila erdi tarteko- hartu bitartean irabia ezazu guztia, aurretik iogur natural koilarakada bat eta bi gerezi hezur botata, ahal dela. Emaitzak, kasualitaterik kasualenean ere, ez du ikuskizunarekin zerikusirik izango".
Partehartzaileak: Txaber Fernandez, Txaber Larreategi eta Josu Martinez.
Txaber Fernandez
Bach-en zale amorratua zen mediku baten klinikan sortu zen mundura joan den mendean. Esku batean bibolin bat eta bestean txirula bat zeukala jaio zen, hortzik gabeko ahoarekin bibolinaren arkua sustengatuz. Horrekin nahikoa ez eta La Traviatako aria ospetsuena kantatzen zuen (letra ondo ez bazekien ere) hirugarren pisuko gaixoek entzuteko bolumenean. Erditzea gauzatu zenean, bere amak argi egin zuen berba: latza izan da.
Txaber Larreategi
Errioxako ardoak inoizko uztarik onena izan zuen urtean jaio zen Ilargiaren alde ilunean eta geroztik bertan bizi da. Hondartzetako are ale zenbatzailea da afizioz, karlista-leninista bokazioz, ikaslea sakrifizioz eta baju-jotzailea intuizioz. Bestelakoan nahiko tipo normala da.
Josu Martinez
pelikano bat izan zen aurreko bizitza batean eta egungora Mahoma Hegirara joan osteko 1407. urtean sortu zen, gizaki forma hartuz. Georges Brassensen jarraitzailea, gitarra hartu eta kantuan ibili ohi da norbaitek mesedez faborez arren eta otoi isil dadin eskatu arte. Behin David Bisbalekin konfunditu zuen gizon batek kalean. Betaurreko beltzak zituen eta lurra bastoi luze batekin ukituz zihoan oinez.