Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Sabur, pazientzia behar dugu (besteak beste)

Sabur, pazientzia behar dugu (besteak beste)

Mikel Iturria 2005/12/05 07:30

Mendigurenek publikatu zuen bere blogean zentsurari buruz idatzitako apunte bat. Durangoko Azokak aurten gai horri eskainiko baitio arreta berezia. Norbaitek beste zentsura mota bat ekarri nahi izan du gogora apunte horren komentarioetan: euskal abertzale ez direnek hemen sufritzen dutena. Bakoitzak bere minari erreparatzen dio.

Atera gaitezen Euskal Herritik: SOS Balcanes elkarteak Bosniako gerraren amaiera duela 10 urte izan zela gogoratzeko "Eta gerraren ondoren zer?" erakusketa paratu du kultur etxean. Inaugurazio eguna pasa den asteazkenean izan zen. "Sabur" dokumentala bota genuen, Gipuzkoako gazte batzuk duela bi urte Gorazde herrian grabaturiko elkarrizketaz osaturikoa. Dokumentalaren proiekzioa amaitu ondoren, jendea gustura dago hizketan. Gorazden uda honetan ateratako zenbait argazki ikusgai dauden bitartean, tragoxka bat hartzeko aukera dago. Jendea lasai. Ardoa, ura, patatak, olibak.

Ni ere lasai nago. Hizketan. Halako batean, Irene Cormenzanari begira nagoela, aurpegia aldatu egin zaiola konturatu naiz. Tipo batekin ari da hizketan-edo. Nola edo hala kendu du gizona gainetik.

Ireki parentesia: Irene oso ezaguna izan zen Gipuzkoan Bosniako gerraren garaian. 1992-1995 urteetan emakume adoretsu honek SOS Balcanes taldearen bozeramaile lanak egin zituen, besteak beste. Gero desagertu egin zen mapatik eta orain berragertu da. Itxi parentesia.

Galdetu diot ea zer gertatu zaion tipoarekin. "Dokumentala partziala iruditu zaiola esan dit. Hasi da esaten ea Serbiako zatia Gorazdetik gertu ote zegoen. Eta nik baietz. Ea zergatik ez ginen joan beste aldera. Eta nik ezetz, ez genuela horrelako asmorik, ez garela albiste agentzia bat. Azkenean, jakinda nondik nora zebilen, esan diot: zergatik ez didazu esaten partziala iruditu zaizula dokumentala? Eta baietz esan dit. Gainetik kendu dut eta haserretu egin zait kasu egiten ez niolako. Jakina dela partziala gure ikuspuntua. Guk ez dugu esan hona hemen Balkanetako gerra haren egiya berdaderua. Guk gure lagunek bizitutakoa erakutsi izan nahi dugu".

Ireki parentesia: George L. Steer periodistaz akordatu naiz. Gernikako bonbardaketaren berri eman zuen kazetari hegoafrikarra. Handik aurrera, euskaldunen ikuspegia zabaltzen ari zela egiten zioten kritika Francoren aldekoek. Itxi parentesia.

SOS Balcanes taldearen inguruan 17-20 urte bitarteko gazte koadrila bat dago gaur egun. Gogotsu daude eta oso gustura ibiltzen omen dira inguru haietan. Datorren urteko udan beste aldera joateko asmoa aztertzen ari dira. Uste omen dute prest daudela salto egiteko.

Erakusketa ikusgai egongo da abenduaren 13a arte. Jai egunetan itxita dago, hori bai. Arratsaldez, 16:00etatik 20:30etara. Larunbatean goizez 10:00etatik 13:30etara eta arratsaldez 16:30etatik 20:30etara. Azken egunean, abenduaren 13an, Drkenda izeneko emakume bosniarra etorriko da arratsaldeko 19:30etan kultur etxera. Emakume honek Gorazdeko defentsan hartu zuen parte. Baina ez du horri buruz berbarik egingo. Asmoa beste bat da: saiatuko da ezagutzera ematen pertsona nola berrosatzen den, nola berreraikitzen den, horrelako gatazka makur baten ondoren.

Ea lortzen duen. Interesgarria izango da haren testigantza. Hemen ere, egunen batean, joan beharko dugu beste aldera.

Bitartean sabur (pazientzia). Besteak beste.

etiketak: Harrikadak
patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/12/05 20:45

Artikulu honen harira, burura etorri jat orain dala gitxi ikusitako La vida secreta de las palabras pelikula, Isabel Coixet-ena. Nahiz eta gehiago espero izan, gomendagarria da, beti be Bosniako gerraren ondorioetaz gabiltzala.

PD: Zer erraz ahazten gara gauzetaz. Geure lubakian sartuta, eta pitokerietan pentsatuz, normala da.

merkurioezdagoetxean
merkurioezdagoetxean dio:
2006/03/21 10:57

Mila esker, artikulu hau idatzi duenari, lehenik. Zure testuan aipatutako SOS Balkanes inguruko gazteetako bat naiz, zehazki, dokumentala aurkeztu zen egunean, mahaian Ireneren eskuinetara eserita eta urduri egon zen hura... eskertzekoa da, benetan, norbaitek bere blogean Bosniako egoera gogoraraztea, zeharo ahaztuta baitugu eta urteurrenetan oroitzen dugu gertatutakoa. Tristea da gero. Guk lanean jarraituko dugu bitartean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter