Reala, makala
Realaren egoera ekonomikoa oso txarra denean eta inguruan hil kanpaiak baino entzuten ez zirenean (ez da broma, hilabete honetan Javier Yubero jokalari ohia, Mario Soravilla gazte mailako taldearen kapitaina eta Darko Kovacevic-en ama zendu dira), suspertu egin da taldea: Zaragozara joan, partida serioa jokatu eta hiru puntuak Donostiara.
Beheko tabernara iritsi naizenean ikusi dut nola epaileak penaltia adierazi duen Realaren alde. Errepikapenetan ez zen ezer ikusten (zelaiaren alde ilunean gertatu baita), baina epaileak txilibitua jo duenez... Xabi Prietok (speaker-ak behin eta berriro Txabi deitzen zuena) hartu du baloia. Paradinha eta guzti gainditu du apenas bere lekutik mugitu den etxeko atezaina. Hik bai potroak, dedio! (kanpora bidali ezkero, a zer nolako mekaguendioskak!) Hortik aurrera, esan bezala: partida serioa, Aranbururi txartel gorria eta kitto.
Hala ere, Realaren egoera ekonomikoa dela-eta (Administrazio Kontseilu berriak publiko egin duenarekin) zenbait zalantza dut. Prentsaurrekoa izan eta egun batzuetara, Joseba Iturriak zioena irakurri nuen Gara egunkarian. Berak dioenez, egoera ez omen da esaten dena: puztuta omen daude zorrak. Kazetari honek ere baditu potroak horrelakoak esateko, hori ezin zaio uka.
Beraz, nork dauka arrazoi? Aurreko kontseilua zegoenean eginiko auditoriak edo orain Fuentes eta enparauek agindutakoa (teknikoki auditoria ez dena)? Ezjakina naiz gai hauetan, baina Gipuzkoako prentsa idatzizko errege den periodikuan, eta talde bereko irrati eta toki telebistan, irakurri eta entzuten ari naizenak ez nau komentzitzen.
Kudeaketan delitu aztarnarik ea antzeman ote zuten galdetu zion kazetari batek prentsaurrekoan Fuentesi. Eta honek, edo bere taldeko beste norbaitek, ezetz erantzun. Orain LFP-ko buru den aurreko gure presidentearen kudeaketa eskasa izan zela argi dago (berak bai egin duela karrera: nonbaiten irakurri nuen kilo erdi euro poltsikoratuko zituela urtero).
Beraz, ez dakigu 17 milioi euro (hori uste dut dela aurrekoek botatako kopurua) edo 31 milioi euro (gehi beste 11 milioi denboraldi amaierarako: beraz, 42 milioi) zor ote ditugun. Diru asko da, dena den.
Orain etorriko dira gure atzetik, spam mediatikoa eginez: Gipuzkoako gizartea zein arduratsua den, nola maite dugun talde txuri-urdina, inoiz ez dugula huts egin hark gure babesa behar zuenean... eta auskalo beste zenbat esaldi merkezurrean erositakoak.
1991n, orduan bai, 42.000 pezeta jarri nituen Real Sociedad kirol elkarte anonimoaren bost akzio erosteko. Eta 2006an, zer demontre egingo dut nik? Zer demontre egingo dugu realzaleok?
Oharra: "Reala, makala; Reala, makala; Reala, makala" abesten zidaten, umeago zirenean, Ondarruko ilobek.
Aupa Patxi:
A zer pulamentua duten gure gaztiek! Ganorazko ezer ezin egin 2. B mailako edozein talderen aurka Errege Kopa tartean dagoenean.
Okerrena da bihar Zamora datorrela Zubietara Sanseren aurka jolastera: baietz irabazi Sansek Zamorari.