Spam telefonikoa
Nazkatuta naukate. Telefono bidez etxean sartzen zaizkigun saltzaile horietaz ari naiz, e-mail bidez jasotzen ditugun spam mezuak (guk eskatu gabe jasotzen ditugun mezu komertzialak) baino askoz ere deserosoagoak eta desegokiagoak. Gehienetan arratsaldeetan harrapatzen naute, telebistaren aurrean lo kuluxka egin nahian. Eta beti "zenbaki pribatua" mozorropean ezkutaturik.
Telefono aparatua jaso orduko, badakit zertara datorren hariaren beste aldean dagoena. Modu arretatsuan, oraingoz, esaten diet ez dudala ezer jakin nahi eta, mesedez, ez deitzeko berriro. Ez dut uste kasu handirik egiten dutenik, halere.
Processblacken post honek gogoratu dit spam telefonikoarena. Mezu horrek badu esteka interesgarri bat: Minid.net teknofilo ospetsuak gai honi buruz idatzitako mezua. Komentario asko eta interesgarriak daude haren azpian. Batzuk atera ditut handik eta hona ekarri.
Seinfeld-en ikusitakoa
Andrés-ek dio:
Seinfelden ikusi nuenean grazia handia egin zidan gauza bat egiten dut nik:
Deitzen duenak: Arratsaldeon, XXXXXX enpresatik deitzen dut ondorengo informazioa emateko…
Nik: Buf, orain ezin zaitut atenditu. Nahi izan ezkero etxeratzerakoan, gaueko 12:00etan-edo, hots egingo dizut eta kontatuko didazu nahi duzuna.
D: Kontua da 12:00etan jada ez nagoela lanean.
N: Beno, berdin du, emaidazu etxeko telefonoa eta harea deituko dizut.
D: Buf.. Etxeko telefonoa... ezin dizut eman.
N: Zergatik? Ez duzu etxera deitzerik nahi?
D: Ez.
N: BA NIK ERE EZ DUT NAHI ZUK NIRE ETXERA DEITZEA!!!
Eta moztu egiten dut elkarrizketa.
Lasai mozteko dio batek
Lagun bat daukat horrelako zerbitzu batean lanean ari dena (Sykes enpresan, hain zuzen ere, Uni2 taldekoa). Ematen dizkieten ikastaroetan nola jokatu behar duten erakusten diete. Formulario bat dute eta lau aukera dituzte:
a) Jarrera ona du
1) Interesatzen zaio
2) Ez zaio interesatzen
b) Ez du jarrera onik
Eta berdin-berdin egiten dute lan, eta kobratu, zuk telefonoa eskegi edo ez eskegi.
Langile puteatuak dira
Argie 01k dio:
Ezagutzen dut egunero 8 ordu lanean ari den jendea, lau pezetagatik, aulki ergonomikorik gabe, ezin jantzi jean galtzarik, ezin joan komunera bi aldiz baino gehiago eta, gainera, derrigorrez eseri behar aulkian modu jakin batean (tente eta hankak junto-junto). Datuak ematen hasi naizenez, hona hemen datu gehiago: Gurutze Gorriarentzat ari ziren lanean. Honek esklabu-enpresa baten zerbitzuak kontratatu baitzituen...
Typephases ere antzera mintzo da
Behin, promozio basati hauek egiten dituzten jendea zegoen lokal batean egon nintzen. Gogoa kentzeko modukoa zen han ikusitakoa. Toki txiki-txiki batean sartuta, telefono zenbaki zerrenda batekin, neska haiek eguna pasa behar zuten jendea izorratzen eskatu gabeko dei horiek eginez.
Neska hauen tokian jartzen naiz eta, noski, beraiek ez dute errurik jatekoa horrela atera behar izateagatik (nahiz eta denok bezala, noizbait oso gaizki erantzun dudan dei desegoki bat jasotzerakoan).
Eskua sartu beharko litzaieke aukera hauek baliatzen dituzten enpresei. Spam-a baino askoz ere okerragoa da.
Ni ere nere onetik aterazen naute. Edo tira, ninduten.
Telefonoa mahai gainean uzten det, eta handik ordularudenera edo azaltzen naiz, aurikularra bere tokian jartzera.
Ez dago inor hariaren bestaldean, jakina, eta ez dute berriz deitzen.