Ilunabar bat futbolean
Larunbat gaueko 22:00etan Realak Atlético Madrid hartu zuen Anoetan. Goiz iritsi nintzen estadioaren ingurura. Bokatak hartzea tokatzen zitzaidan, besteak beste. Ordu erdi nuen aurretik lagunekin egindako zita bete arte eta estadioari buelta bat emanez pasa nuen denbora. Gauza bitxi batzuk ikusi nituen:
Euskaltel enpresak propaganda egin behar zuela irakurri nuen goizeko prentsan. Propaganda banatzeko, bi talde bildu zituzten. Bakoitza laranjaz jantzitako zazpi-zortzi lagunek osatzen zuten, bonboa eta guzti. Alde batetik bestera peñen modura mozorrotuta. El móvil de Chanquete es de Euskaltel eta antzeko kantak abestu zituzten. No comment.
Datorren partida Zaragozan du Realak. Hori aprobetxatuz bidaia antolatu du Peña Mujikak. Eta horren berri emateko karteltxoak jarri dituzte hainbat tokitan Nos vamos a follar a la Virgen del Pilar lemapean. Gizonezko euskaldun txapeldunak atzetik hartzen du Pilarreko Ama Birjina den emakumea. No comment two.
Belodromoan Whitesnake taldearen kontzertua. Garai bateko kartela.
Tabernetara joaten bazara trago bat hartzera, lagun batzuk ariko dira zure atzetik Realaren pegatinak itsatsi nahian. Inolako identifikaziorik gabe, harritzen nau jendeak nola botatzen duen dirua. Itsulapikoa beste batzuen kontura bete beharko dute.
Erraustegiak direla eta ez direla, mahai bat zeukan Txingudiko koordinadorak kamisetak saltzeko, sinadurak batzeko eta informazioa emateko. Mujikakoek Ama Birjinarekin egin nahi zutena egingo dutela agintariek gurekin bururatu zitzaidan.
Fauna osoa biltzen gara futbolaren inguruan.