Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola

Mozorrorik gabeko festa (III)

gabiria 2005/11/30 09:10

Ezinezkoa delako urtebetez idazlearen mozorroarekin idaztea, egunero idazten baduzu. Zehaztu dezadan: idazle batek urtebetez mozorroarekin idatz dezake, baina egunero idatzitako hori egunean bertan argitaratzen badu, mozorroa jausi egiten zaio. Argitu egin beharko dut hor esandakoa, ea ba.

Idaztea gauza pertsonala da, eta idazleei, oro har, ez zaie gustatzen amaitu gabe duten liburua inori erakustea, lan hori guztiz amaitu arte. Irakurleren batek (eta, batez ere, idazleren batek) gustura irakurriko lituzke zirriborro horiek, baina zirriborroa ez da idazleak eskaini nahi duen azken emaitza, eta gehienak urduri jartzen dira esku artean dituzten izkribuak erakusteko eskatzen badiezu. Normala da: perfekzioaren edo esan nahi dena hitz egokiekin esatearen bilaketa horretan, eta azken zuzenketa sartu arte, idazleak bere buruaren kontrako iruzurtzat hartzen du amaitu gabeko lana argitara ematea. Lan inperfektua da, bere iritziz, azken zuzenketa sartu arte.

Beraz, idazle horrek egunero eta mozorroa jantzita idazten du, etxeko estudioaren babesean, jakinik liburua amaitu arte inork ez dituela lerro horiek irakurriko, eta lasai beraz. Egunero idatzi eta mozorroa jantzita izatea erraza da. Egunean bertan idatzitakoa egunean bertan argitaratuz gero, aldiz, mozorroa jausi eta, idazlearen itzal luzearen gainetik, pertsona horren aurpegia agertuko zaigu. Hori gogorra da idazle askorentzat. Literaturaren munduari esker ematen duten itxura (intelektuala, edo distantea, edo goxoa, edo ironikoa, edo eruditoa, edo iraultzailea, edo madarikatua, edo interesgarria...) apurtu egiten da, eta pertsona agertzen da. Esango nuke idazle askok nahiago dutela liburu txar bat argitaratu, pertsona arruntaren mailara jaistea baino. Eta konbentzituta nago, idazle askorentzat, eman nahi duten itxuraren edo irudiaren gotorlekua dela literatura: literatura, mozorroen biziraupenerako eremu gisa. Ez sorkuntzarako lurralde gisa, ezpada itxuraren estatusa mantentzeko lurralde gisa. Tristea bada ere. Baina, zer egingo diogu: jende triste asko dago bazterretan.

Mozorrorik gabeko festa (II)

gabiria 2005/11/29 08:48

Baina beste mota bateko urtekaria da esku artean duzuna. Urtekaria denik ere ezin esan, arrazoi nabarmenak direla medio: gaurkotasun politikoa, ekonomikoa edo kirol arlokoa ez du bere horretan jorratzen, ez dauka ikuspuntu objektiborik (benetako urtekariek ba ote dute horrelakorik?) eta ez du albisterik ematen. Ez duzu aurkituko larunbat eta igandeetan idatzitako artikulurik, gainera: dena da aste barrukoa. Ez da urtekari osoa, baina urtekaria da hala ere.

Uztailetik uztailera, urtebetea biltzen duen lana da hau, euskal kulturaren mundua lehenengo eskutik bizi duen pertsona batek idatzia. Idazle eta editorea izateagatik da ezaguna Xabier Mendiguren Elizegi, baina 2004ko uztailetik 2005eko uztailera bitartean egunero-egunero idatzi izan duen blogaria ere bada, eta, ondorioz, nahi eta nahi ez, egunero-egunero idaztearen indarrez, idazle eta editorearen gainetik pertsona ere agertu da.

Alberto Barandiaran Santutxun (Bilbo)

gabiria 2005/11/29 08:39

Asteazken honetan, 20:00etan, Alberto Barandiaran izango dugu Santutxun, "Mundu txikia" (Susa) ipuin-liburuari buruz berbetan.

Egilearekin lau berba egiteko aukera paregabea eta Bilbo inguruan literaturaz gozatzeko modu ezin hobea.

Ordua: 20:00
Lekua: AEKren euskaltegia, Txurdinagan
Kalea: Arbidea 21

Galdu barik heltzeko mapa eta argibideak:

(Hurbildu mapa + teklari emanez, edo urrundu - teklarekin. Egin klik txintxeten gainean, Irakurlearen Tartera heltzeko jarraitu behar duzun ibilbidea ikusteko)

Metroz joanez gero, irten Santutxun, Zabalbideko irteeratik. Kalean gora egin, errepide nagusira heldu arte. Errepidea zeharkatu (goian, zebrabidea; behean, lurpeko pasagunea), eskailera batzuk igo eta Txurdinagan agertuko zarete. Lehenengo kalea eskumatarantz hartu, aldats behera. Hantxe bertan dago, parke baten ondoan, AEKren euskaltegia.

Mozorrorik gabeko festa

gabiria 2005/11/28 09:19

Gaurtik hasita eta igandera arte, zazpi ataletan, Xabier Mendigurenen Egunen harian libururako idatzi dudan hitzaurrea jarriko dizuet hemen. Dena kolpean irensteko luzetxoegia iritzita, koilarakada txikitan emango dizuet, gusturago irakurriko duzuelakoan.

Mozorrorik gabeko festa

Nire lehenengo urtekaria ezin hobeto gogoratzen dut: 1982koa zen eta hamar udaberri betetzear nengoen. Egin egunkariak argitaratzen zuen urtero, eta ez dakit hori baino lehenago besteren bat argitaratu ote zuen, baina 1982koa da dudan lehenengoa, eta, horri esker, esan daiteke horixe dela ia goitik behera gogoratzen dudan lehenengo urtea.

Aurreko urte guztiei buruzko zantzuren bat izan dezaket, gurasoen argazki-albumetik erreskatatuta edo, ezustean, buruan gordeta geratu zaidan detaileren batengatik. Baina urtekariak bereziki maite ditut 1982az geroztik, ze, zeharka bada ere, nire bizitzari buruz ari dira.

Zabaldu dezagun, esate baterako, aipatzen ari garen urtekari hori. Zabaldu dezagun, hain zuzen ere, Xabier Mendiguren Elizegik bere bloga hasteko hartu zuen egun beretik: uztailaren 16a, beraz, baina 1982koa. ETAk Alianza Popularreko militante bat hil zuen Algortan, tiroz. Alberto López Jaureguizar deitzen zen. Ez naiz horrekin oroitzen: gazteegia nintzen edo ohituegi nengoen. Zertxobait beherago, aldiz, Lemoizko langileei buruzko albiste bat dakar, eta segituan gogoratu naiz Lemoizen kontrako martxekin, hitz batek oroitzapen sorta osoa dakarrelako eta oroitzapen sorta batek iraganaren zati handi bat dakarrelako. Gogoratzen naiz, zehazkiago, zelan aitaren sorbaldetan joan nintzen martxa horietako batean, eta gogoratzen dut jende asko zegoela, denak oinez, zelaietatik. Batez ere, jendearen buruak gogoratzen ditut, txanoak eta abarrak, goitik ari nintzelako ikusten eszena hura.

Hatxe maiuskula duen Historia ez da horrela idazten, badakit; baina norberaren historia idazteko ez dago beste modurik: nire kasuan, behintzat, eta nire memoria txarraren erruz, hatxe handiko Historiatik abiatu beharra daukat, hatxe txikiko historia eraikitzeko. Eta esango nuke gehienok behar izaten dugula erreferentzia hori, oharkabean pasatu zaigun bizitza berreraikitzeko.

Zinebi: palmaresa eta ulertu ezinak

gabiria 2005/11/27 11:19

Bistan da Zinebiko epaimahaikideek eta ikusle soilek ez dugula bat egin gustuetan. Ezagun batzuekin eta besteekin berbetan ibili naiz, palmaresa ulertzen ote duten, eta gehienak apur bat harrituta geratu dira Zinemaldiko Sari Nagusiarekin: Txileko Obreras saliendo de la fábrica lanak irabazi du sari hori.

Atzo ez nintzen sari-banaketara joan eta, ondorioz, ezin izan nituen pelikula sarituak berriro ikusi. Beraz, filmok eragin zidaten lehen eta azken inpresioarekin geratu naiz, pelikula horiek erredimitzeko aukerarik gabe.

Esan egingo dut: Obreras saliendo de la fábrica pelikularekin lo seko geratu nintzen. Zer zen hura aspergarria! Langile batzuk lanean, langile horiek fabrikatik irteten, eta langileak hondartzan, itsasoari begira: 21 minutu berbarik egin gabe, makinen zaratekin eta itsasoaren soinuarekin. Oraindik ez dut pelikula hori gustatu zitzaiola esan didan inor aurkitu.

Fikziozko pelikuletan, sari nagusia Jyu-go hun okure no heimon japoniarrak irabazi du. Pelikula sinpatikoa, baina, nire ustez, ez dena batere nabarmendu zinemaldiko beste faborito askoren artean. Sinpatikoa, hori bai.

Bigarren saria, berriz, Solace filmak irabazi du, baina ez dut ikusi produkzio estatubatuar eta britainiar hori.

Dokumentaletan, lehenengo saria Hladanie ilúzií eslovakiarrak lortu du. Faboritoen artean sartu nuen, eta pozten naiz, ezagutu beharreko gaia delako eta filmaren estetika ere ederra zelako.

Bigarren saria Rising tide estatubatuarrarentzat izan zen, eta hor ere bat nator epaimahaikideekin. Estatu Batuetako herri aberats bateko komertzio txikiek aurrera jarraitzeko dituzten estuasunak kontatzen da dokumental honetan.

Animazioan, lehenengo saria Zero degree irandarrarentzat. Esan nuen luzetxo egin zitzaidala bere 8 minutu eskasetan, baina, egiaz, ideia inteligente eta originala du filmak, eta merezi du saria.

Bigarren saria, berriz, Jam session fim poloniar eta alemaniarrak lortu du. Ez dut ikusi, ezin ezer esan.

Horraino sari nagusiak. Ondoren, sari-apurrak datoz:

Espainiako Zinemari emandako Sari Nagusia: El gran Zambini (pelikula hori euskal zinemaren gauean eskaini zitzaigun baina...). Niri ez zitzaidan gustatu, baina badakit jendeari sinpatikoa egin zitzaiola.

Euskal Zinemari emandako Sari Nagusia: La gallina ciega, Isabel Hergueraren animaziozko filma (...eta El gran Zambini euskal zinemaren gauean eskaini bazitzaigun eta Espainia mailako saria irabazi badu, zelan ez du irabazi, bada, Euskal Herri mailakoa?). Bisualki polita da pelikula hau... baina mundu guztia ados dago zinemaldi honetako pelikularik onenetakoa eta, duda barik, edizio honetako euskal zinemako pelikularik onena Sintonia izan dela.

Latinoamerikako Pelikularik Onena: Dalva pelikula brasildar loarazlea.

Aipamen berezia: Oh my God estatubatuarra (ez dut ikusi).

Publikoaren saria: La apertura britainiar-argentinarra (ez dut ikusi).

Interpretazio onenaren saria: Sintonia filmeko Josean Bengoetxea eta Tania De la Cruz aktoreei.

Euskal gidoirik onenaren saria: Jose Mari Goenagaren Sintonia eta Ugo Sanzen Los ojos de Alicia.

Zinebi (4. eguna)

gabiria 2005/11/25 08:29

Zinemaldia amaitzeko puntuan dagoen honetan, faborito gehienak gure aurretik pasatu dira, eta kinielak ere hasi dira ikusten Arriaga antzokiko butaketatik. Gero eta gutxiago falta da: gaur emango dira sail ofizialeko azken pelikulak, eta bihar sari-banaketa egingo da. Larregi aurreratzen ari gara, baina; goazen apurka-apurka, atzoko pelikularik onenak errepasatzera (gaueko pelikulak ez nituen ikusi, ez nintzen-eta saio horretara joan).

Atzoko onena, eta Zinebiko punta-puntako faboritoen artean sartu zena, Antebody estatubatuarra izan zen, 16 minutuko fikziozko filma, James P. Gleason zuzendariarena. Gizon bat hilda agertu da errekan. Hartu dizkiote hatz-markak eta Morty izeneko gizon bat dela jakin da. Joan dira Mortyren emaztearengana, eman diote albiste lazgarria... baina Morty etxean dago, bizi-bizirik. "Ez da posible", diote poliziek, "hilda zaude". Joan dira denak hilotza ikustera, eta bai, Morty da: berak ere onartu behar izan du. Hemengo marka hau, hango tatuaje hori... bera da. Aurrerantzean, Mortyk heriotzatik ihes egiten saiatu beharko du, gauza jakina baita atzetik jarraika duela. Bernardo Atxagaren "Bagdadeko morroia" ipuinaren ildotik doan filma da, biribila eta irekia. Zirraragarria.

Era berean, oso onak izan ziren beste hiru pelikula ere: Svetlonos animaziozko film txekiarra, 25 minutukoa, Vaclav Scankmajer zuzendariarena. Hemen ere, gaia antzekoa da: gerlari batek hamaika froga pasatu beharko ditu gaztelu batean gertatzen ari den zerbait argitzeko, baina gaztelu horretako estatua bizidunek ez dizkiote gauzak erraz jarriko. Azkenean, oztopo guztiak gainditu ostean, helmugara heldu eta konturatuko da helmuga heriotza bera dela, eta, garaipena lortu duen arren, galdu ere egin duela.

Hye-Jee Kim zuzendariaren Przytul mnie 14 minutuko film poloniarrak neska errebelde baten gorabehera emozionalak kontatzen ditu, modu hurbilekoan baina tonu melengan erori gabe, errebeldiarekin baina nerabetasunari egotzi ohi zaion degradazioan erori gabe, irudi ederrekin eta interpretazio txukunarekin.

Azkenik, animaziozko beste film bat: God on our side holandarra, 7 minutukoa. Michal Pfeffer eta Uri Kranot zuzendariak Picassoren "Guernica" koadroan oinarritu dira, Israel eta Palestinaren arteko gatazkan sakontzeko. Picassoren eragina dudaezina da, eta irudiak gogorrak eta sinbolismoz beteak dira.

Gaur azken hiru saioak ditugu, guztira 27 pelikularekin. Eta bihar jakingo dugu nortzuk izan diren irabazleak.

Zinebi (3. eguna)

gabiria 2005/11/24 08:26

Atzokoa arratsaldeko saioa izan zen, horrek dakarren guztiarekin (edo ia). Ez, exajeratu egin dut: atzokoa ez zen hain txarra izan. Egia da ez zela egon punta-puntako obrarik, baina Arriagatik nahiko gustura irteteko moduko lanak ikusi genituen, hori bai.

Atzo eman zituzten 6 filmetatik, lau nahiko interesgarriak izan ziren. Proiekzioaren ordenean joanda, hauek, hain zuzen:

Milk, 10 minutuko film britainiarra, Peter Mackie Burns zuzendariarena. 20 bat urteko neska bat bere amama garbitzen ari da urez betetako baineran. Euren artean sortzen diren konbertsazioek osatzen dute istorioaren haria: amamaren atzetik dabilen sagu bat, neskaren mutil-laguna, amamaren umetako fobiak eta oraingo filiak... eta amaiera dibertigarri eta ausarta, zeinetan konplexurik gabe erakusten baita atsoaren gorputz biluzia.

Viva volta, 15 minutuko dokumental brasildarra, Heloisa Passosek zuzendua. Raúl de Souza munduko tronboi-jolerik onenetakotzat zegoen hartua 70eko hamarkadan; gaur guztiz ahaztuta dago, baita Brasilen ere, bere sorterrian. Gainbehera joandako musikari itzelaren hitzak jasotzen ditu dokumentalak, bossa-novaren musika ederrak lagunduta. Filmaren amaierako eszena luze eta ederrean, Raúl de Souzak sekulako pieza jotzen du Maria Bethania kantari ezagunarekin batera.

Zero degree, 8 minutuko animaziozko film irandarra, Omid Khoshnazarrena. Soldadu batek gizon bat fusilatzen du, une hori bideokamera batek jasotzen duen bitartean. Bideokamera horren bisoretik ari gara pelikula osoa ikusten, eta enkoadrea horma bihurtzen da eszena barruan dagoen soldaduarentzat. Horrela, soldaduak eszenatik irten nahi badu, ezin izango du, bisoretik ikusten dugun irudiak horma imaginario batzuk dituelako. Azaltzeko konplikatua da, baina ikusteko erraza eta interesgarria, nahiz eta, aukeran, 8 minutu horiek luzetxo geratzen diren, ideia errepikatu eta errepikatu egiten baita.

Blindgangare, 21 minutuko film suediarra, Pernilla August zuzendariarena. Azken aldian Suedian egiten diren pelikula askoren antzera, laburmetraia honetan ere, pertsonen arteko harremanetatik abiatuta, mila gai ukitzen dira: fideltasuna, bakardadea, traumak, irudi sinbolikoak, patua... Hala ere, pelikula hau ez da ur handiegi horietan galtzen, eta orekaz aurkezten ditu aipatutako gaiak.

Edozelan ere, gogoratu lan hauek ez direla, nire iritziz, aurreko egunetako punta-puntako filmen artean lehiatzeko modukoak, koxka bat beheragokoak baino.

Atzo pelikula gutxi izan bagenituen, gaur gehiegi: hiru saio daude, eta azkena 00:30ak baino beranduago amaituko da. Kritikatzeko moduko puntu bat, kontuan izanda bihar laneguna dela. Gaur 26 pelikula emango dira, horietako 10 azken saioan. Pelikula horiek, beraz, komentatu gabe geratuko dira, ze ni lotan egongo naiz desordu horietan. Ea Zinebira joaten diren beste hiru blogarietakoren bat (bat, bi eta hiru) animatzen den saio hori kubritzen...

Zinebi (2. eguna)

gabiria 2005/11/23 09:00

Atzoko egunak gazi-gozoak eman zizkigun arratsaldeko eta gaueko saioetan: arratsaldean gazia, gauean gozoa. Arratsaldean aurkeztutako 8 pelikuletatik, bakarra ere ez zen salbatu. Gaueko saioan beste 8 film eskaini ziren, gehienak interesgarriak.

Beharbada Zinebiko antolatzaileen estrategia izango da: badakite arratsaldeko saiora oso jende gutxi joaten dela (atzo 50 bat egongo ginen), eta, aldiz, Arriagak beste kolore bat hartzen duela gauetan, eta butaken patio ia osoa beteta egoten dela. Kalitatea, eskaintzekotan, jende asko dagoenean eskaintzea erabaki dute? Akaso.

Gaueko saiotik, beraz, lau pelikula aipatuko ditut, onenak nire ustez.

Lehenengoa, Dawn, Britainia Handiko 10 minutuko filma, atzoko lanik erakargarriena izan zen, proposatzen zuena proposatzen zuen moduagatik. Shreepali Patel zuzendariaren pelikulak neba-arreba biren goiza kontatzen du: goizeko 6ak dira, ama eta haren maitalea ez dira oraindik esnatu, eta umeak etxeaz jabetu dira. Aita-ametan jolasten dira, elkar orrazten dute, batak errieta egiten dio besteari, gosaria prestatzen dute, bazkaria prestatzen dute, etxea askatasun eremu bihurtzen dute, ama lotan dagoen bitartean. Kanpoan, esne-partitzailea lanean, trenak pasaeran. Eta ama denbora larregi ari da lotan. Ez baitago lotan.

Bigarrena, 26 minutuko Krooli dokumental finlandiarra da, Pv Lehtinen zuzendariarena. Dokumentala esan dut eta dokumental gisa agertzen da Zinebiren egitarauan ere, baina fikzioa da, edo dokumental faltsua: Sirja Luomaniemi igerilaria da, munduko errekorraren jabea 50 metro libreetan, 23:59ko markarekin. Egia izan zitekeen, errekor horren jabea Inge de Bruijn holandarra ez balitz, 24:13rekin. Edozelan ere, dokumental faltsu honek kirolari eta benetako bizitzari buruzko hausnarketa interesgarria planteatzen du, eta gizakiek geurea ez den medio bat (ura, kasu honetan) konkistatzeko egiten ditugun ahaleginei buruzko ideia eskaintzen du. Gainera, zalantzarik gabe, orain arteko proposamen bisualik ederrena izan da pelikula hau.

Hirugarrena, benetako dokumentala, HlŽadanie ilúzií eslovakiarra, 26 minutukoa hau ere. Zuzendaria Sahraa Karimi da; bistan denez, ez oso izen eslovakiarra: izan ere, Sahraa Karimi afganiarra da, ez eslovakiarra. 2001ean, Agfanistandik irten eta, Bratislavako Zinemaldian parte hartzeko aitzakiarekin, hantxe geratu zen, asilo politikoa lortuta. Eta, hain zuzen ere, asiloa lortu ezinean dabiltzan errefuxiatuen arazoari buruzko dokumentala ekarri du Bilbora: Gabcikovoko (Eslovakia) errefuxiatuen esparruaren berri ematen digu, hango txetxeniar, afganiar, irandar, afrikar eta abarren bizimodua erakutsita. Filma soil-soila da, baina Karimik ez du gehiago behar izan gugandik hain gertu dagoen errealitate ezezagun hori fideltasunez erakusteko.

Laugarrena, At the Quinte Hotel, Bruce Alcock zuzendariarena. 3 minutuko animaziozko film kanadiarra da, eta, egia esan behar badizuet, ezin izan nuen behar bezala jarraitu, narratzaileak oso arin egiten zuelako berba eta irudiak ere borborka zihoazelako. Hitzezko mezua jaso ala estetika bisualarekin gozatu, hori izan zen nire barne-borroka pelikulak iraun zituen 3 minutuetan. Baina, edozelan ere, denbora labur horretan sumatu nuena ona izan zen, orain arte animazioan ikusitako onena, nire ustez.

Gaur egun laburra dugu, 6 pelikula baino ez dituzte emango eta.

Zinebi (1. eguna)

gabiria 2005/11/22 08:28

Atzo eman zitzaion hasiera aurtengo Zinebiri, dokumental eta laburmetraien nazioarteko zinemaldiari. 47. edizioa du aurtengoa, nire kasuan hirugarrena, duela hiru urte hasi bainintzen joaten saio guztietara.

Aurten ere, akreditazioa lortu dut, eta hemen egingo dizuet egunero-egunero sail ofizialean ikusitako pelikularik onenen zerrenda partikularra.

Atzokoan 17 pelikula eman zituzten, eta, denen artean, lau nabarmenduko ditut:

Lehenengoa, Sintonía: dudarik gabe, Jose Mari Goenagaren film laburra atzoko onena izan zen. 9 minutu eskasean, itzelezko istorioa kontatzen zaigu, Julio Cortázarren La autopista del sur ipuin ederraren antza apur bat ere badaukana, fondoan baina ez forman. Autopista bateko peajean, gizon bat alboko kotxeko emakumearekin fijatu da. Emakumea kantuan ari da, eta, kotxeko leihoen atzetik, gizonak dantzan ikusten dizkio ezpainak. Orduan, gizonak kotxeko irratia jarri eta, bila aritu ostean, emakumea entzuten ari den irrati-sintonia aurkituko du. Hortik aurrera, eta gizonak irratsaio horretara egindako dei baten bitartez, nolabaiteko harremanetan jarriko dira gidari biak. Istorioaren amaiera irekia eta perfektua da, eta pelikulak, bere 9 minutu horietan, dena du ederto neurtuta, ezer ez sobera eta ezer ez faltan.

Bigarrena, Infrahabitante, 14 minutuko dokumentala, Javier Aspiazu eta Carlos Idirinena. 20 metro karratu inguruko etxe batean bizi den bilbotar baten komeriak kontatzen zaizkigu, irribarrea beti ahoan (batzuetan algara ere bai) baina gai garratz baten aurrean gaudela inoiz ahaztu gabe. Dokumentaleko protagonistak egia ederrak botatzen ditu, eta Surbisa, Etxebide eta antzeko erakundeak ondo larrututa irteten dira. Apunterik hartu ote zuten atzo palkoetan zeuden agintariek?

Hirugarrena, Endspiel alemaniarra, luze egiten diren 12 minutuko filma, Mara Eibl-Eibesfeldt zuzendariarena. Neska batek umea egin behar du ezustean, asteburuan eta karabana batean, bakar-bakarrik dagoela. Zuri-beltzean dago filmatuta, krudela da oso, eta angustiak hartzen zaitu goitik behera, ikustean neskaren eta ume jaioberriaren destinuak zelako bidea hartzen duen.

Laugarrena, baina ez aurrekoak baino eskasagoa, Malenkaya Katerina dokumental errusiarra, 24 minutukoa eta Ivan Golovnevek zuzendutakoa. Katerina umea eta bere familia Siberian bizi dira, mutur-muturreko klimaren erdian eta oinarri-oinarrizko bizimoduarekin. Pelikulak urte bi dituen Katerinaren bizimodua erakusten digu, eta, horrekin batera, kontuan hartzeko moduko heziketa klase baten berri eta progresoak oraindik irentsi ez dituen pertsonen filosofia naturalaren berri. Hausnarketa horien erdian, hitzik gabe, soilik naturaren eta umearen soinuen bitartez, pelikulak zer pentsa ematen digu, eta, bide batez, nahiko barre ere egiten da, eta zelan gainera.

Gaur 16 pelikula ditugu. Bihar kontatuko dizuet.

Erramun Landa: «Arte munduaren saltsa ez da sormenerako lagungarriena»

gabiria 2005/11/21 08:23

Eako etxeko atea zein Bilboko estudiokoa adeitasun berberarekin zabaltzen du Erramun Landak, gure gaurko pinturan derrigorrezko erreferentzia den artista honek. Gorte kalean dauka estudioa: kanpoan, errealitate gogorra, prostitutak; barruan, estudioan, Landaren pintura ere krudela da. Baina margolariak umore bikaina dauka, eta hitz-jario inteligentea. Bere pintura ukapen hutsa da: beltzez pintatutako paperetik abiatzen da formak sortzeko, eta, pintatu ahala, ukatu ahala, bere burua eraikitzen du.

Ez naiz aditua pinturan, baina zure pintura ederra bezain gogorra iruditzen zait.

Irudiak gogorrak izatea interesgarria iruditzen zait: bigunegiak irteten zaizkidanean mesfidantzaz begiratzen diet. Kanpotik ikusita oso gogorrak dira, baina niretzat beharrezkoak dira, gogortasunak esnatu egiten baitu egiaren zati bat. Denbora neraman hau egiten, baina, egun batean, pintura honen gaineko kontzientzia hartu nuen, konturatzean kalean ez zegoela nire pinturan zegoena. Ez da beste errealitate baten errepikapena: errealitate bakarra bertan ematen da.

Errealitate iluna, hala ere.

Baina nik botika bat hartu dut nire pinturarekin ez sufritzeko. Une batean, amildegi sentsitibo batean sartu nintzen, eta geroztik hor nago. Amildegi hori babesik gabeko errealitate bat da.

Zer da amildegi sentsitiboan sartzea?

Gauza zoragarria da, apustu handia eta, era berean, bakardade handia. Dena esnatzen da inguruan. Amildegi sentsitiboan sartzean, ez da bizitzako arlo bakarra ukitzen, baizik eta guztiak. Ni beti bizi izan naiz amildegi horretan, baina orain kontzienteagoa naiz.

Amildegiaren aurrean zer egin behar da: pauso bat aurrera ala pauso bat atzera?

Amildegi aurrera heldu bazara eta amildegia ikusten baduzu, asko lortu duzu. Amildegia ezagutzea eta aukera hori dagoela jakitea izugarria da. Eta nik uste dut, zalantzarik gabe, pausoa beti aurrera eman behar dela kasu horretan.

Zuloan jausteko arriskuarekin?

Amildegian jausteak izan ditzake arriskuak, arrisku psikologikoa adibidez. Eta arrisku hori izugarria da. Baina gauero egoten gara leku horretan, ametsetan esate baterako. Desoreka psikologiko horretan, esan nahi dut. Arrisku guztiekin jausi behar da amildegian: atzera egitea erosotasun intelektual eta sentsitiboan geratzea da.

Ze exijentzia maila eskatzen dizu pinturak?

Pinturak dena exijitzen du, ez dizu uzten partzialtasunean egoten. Sormen arloan, eta sormena diodanean sormen puruari buruz ari naiz, ez gaur eguneko sormen kuantitatiboan, bada, sormen arloan exijentzia absolutua da, eta exijentziak berak exijitu egiten dizu, tiratu egiten zaitu.

Literatura irakurtzean ere, zure exijentzia hori asetzeko erabiltzen omen dituzu liburuak.

Azken sei hilabeteetan idatzita aurkitu ditut azken 25 urteotan izan ditudan bizipenak. Nik oso urrun sentitzen nituen arloetan, gainera: teologian edo poesia mistikoan, adibidez.

Baina ez duzu zure burua irakurletzat.

Ez naiz irakurlea: testuak estudiatu egiten ditut. Hamabi urte egon naiz Louis Aragonen Habitaciones liburuari lotuta, eta oso bizipen interesgarriak ekarri dizkit. Ez dakit zenbat aldiz irakurri dudan, baina ez dut behin ere liburu berbera irakurri. Lehenago, Rayuela liburuarekin, identifikazioa sentitu nuen pertsonaiekin: 1983 edo 1984 inguruan izan zen, egunez lo egin eta gauez marrazten nuen garaian.

Hori egiten zenuen?

Bai. Animikoki oso lurralde gorabeheratsuetara eramaten zaitu horrek, baina espiritu gorabeheratsu hori neure egin dut. Gorabeheratsua dela diot, baina horrek ez du esan nahi azaleko bizitza dudanik: buru-belarri sartu naiz arlo honetan, guztiz inplikatu naiz fisikoki, sentsitiboki, pertsonalki... bizitza antolatu dut honen inguruan. Eta arlo honen barruan gorabeherak daude, baina soilik honen barruan. Niretzat sekulako ahalegina da obra modu honetan sortzea, baina lortzen dudanean, beti da lehenago lortu ez dudan zerbait.

Beti bilakaeran, beraz: ilustratzaile aritu zinen, Aizu! aldizkariaren sortzaileetako bat izan zinen, ETBn ere lanean...

ETBn, tamalez! Ipini letra handiz "tamalez", kar-kar... Eta gero, baita ere, arazoak izan ditut kultur munduarekin, ulertu ezinak... Ez dakit noraino kultur mundua kaltegarria edo onuragarria den pinturarentzat, ez dakit. Arte mundua bera, saltsa hori, ez da sormenerako lagungarriena.

Eta, hala ere, saltsa hori gabe zaila da arte munduan aritzea...

Zaila, zaila... errealitatea horrelakoa da. Gertatzen dena da errealitatearen aurrean jarrera edo sentipen batzuk ditudala. Ez dut esaten hori alda dezakedanik edo hori egingo dudanik, ez dut energia gehiegi gastatuko horretan. Esan dizut zertan gastatuko ditudan energiak: lanean. Aurkitu dudan bidea hori da: zaurian ahalik eta barruen sartu. Eta zauririk ez badago, saiatu egiten.

Zure buruari min egin arte?

Nire buruak alde batetik sufritu egiten du, baina bestetik bere nortasuna aurkitzen du. Aspaldi da nire planteamenduak min egiten diola nire buruari, baina, bestetik, planteamendu honek nire burua ulertzeko balio dit. Berandu deskubritu nuen desberdina nintzela, lagun bati amesgaiztoak kontatzen hasi nintzenean. Harrituta geratu zen, eta orduan hasi nintzen nire burua urruntasun apur batekin ikusten. Urte luzez nire buruarekin lar inplikatuta egon naiz, baina une batean argazkitik mugitu naiz, eta urruntasun horrek lagundu egin dit.

Urrundu egingo zinen, baina, pintura hau egitean zeure burua etengabe irudikatzen ari zara, ezta?

Baina nire burua irudikatzen baino, nire burua eraikitzen ari naizela esango nuke. Kuriosoa egiten zait esaten didazunean ametsak errepresentatzen ditudala. Ez, inondik ere ez: pintatzen dudanean, orduantxe sortzen da pintatutakoa. Errealitate hori orduan esnatzen da. Hemen badago beste "estrategia" bat modu ez-kontzientean etorri dena urteen poderioz: ikusi pinturen tamainak. Gero eta txikiagoak dira. Materiala ere paper hutsa da orain. Koloreetan ere, erretorika negatiboan, honaino heldu naiz. Ez dut ekipaje handirik nahi, ez dut zamarik nahi.

Hori da Denbora ez da distantzia erakusketari buruzko laburmetraian diozuna: airea behar duzula.

Eta nork ez? Kar-kar... Airea erreferentziak dira, gauza berberei buruzko ikuspegi ezberdinak. Ideien airea eta erreferenteen airea etenik gabe aurkitu behar dugu: ez bilatu, baizik eta aurkitu. Poema erreferentzialak behar ditugu, mundu honetan lehenago ibili direnen poemak. Airea behar dut, baina aspaldi hildakoen liburuetan baino ez dut aurkitzen. Liburu horietan airea gordeta dago, San Juan de la Cruzen poemetan esate baterako.

Laburmetraian zure margoen errealismo psikologikoa ere aipatzen da.

Horrekin esan nahi nuen hauxe dela gure egoera psikologikoaren ikuspegi erreala, mozorrorik gabekoa. Denbora luzez, pentsatu izan dut irribarreak ez zeukala zentzurik, teatralizazio handia zela. Kanpora begira sortutako zerbait zela iruditzen zitzaidan, eta benetakoagoak zirela ukitu dramatikoagoa duten obrak. Oraingo obra hortik ulertu behar da.

Bakardadea ere sumatzen da lanotan...

Hau bakardadearen gaineko analisi handi bat da. Egunerokotasunak urrundu egiten gaitu barne-bizitza txikiena izateko aukeratik. Bere garaian hortik babesteko beharra izan nuen, eta urrundu, eta bakartiago geratu. Orain ez dut sufritzen bakardadean. Benetako erreferentea aurkitzean, bakardadea izango da zure kidea: sortze prozesu osoan, bakardadea zure ondoan dago jezarrita, eta bakardadeak bakarrik lagunduko zaitu. Nire obran ametsak, barne-bidaiak, malenkonia, oroimena... agertzen dira, eta horrekin bizi ahal izateko besteengandik urrundu beharra daukat.

Amesgaiztoak bai, baina ametsik baduzu zure obran?

Orain barre egiten dut nire ametsak gogoratzean: ze amets arraroak! Garai batean beti izaten nituen berberak: kanposantu erraldoiak, hilkutxak sutan... Ean elizaren inguruan bizi ginen, elizan akolitoa nintzen eta ehorzketetara eramaten ninduten... Horiek denak sinboloak dira, eta badakizu sinboloetan ez duela errealitatearen logikak funtzionatzen, irudien araudiak baizik. Eta irudiak polisemikoak dira, zentzu asko dituzte, ez dute esanahi lineal edo literalik.

Haurtzaroa aipatu duzu, eta, obra hau ikusita, garai hori zuretzat garrantzitsua dela dirudi.

Haurtzaroak eta nire amuma Marikospak pisu handia dute, bai. Baina nire adinera helduta, dudan traiektoriarekin, hori transgreditu nahian nabil. Nire Obabatik, Eatik, imajinario horretatik ihes egin nahian nabil. Lanean, amildegian, zaurian atzamarra sartzen laguntzen ez didan guztia zama da niretzat. Orduan, orain arte errealismo magikoak balio izan badit, momentu batetik aurrera ez dit balio. Eta errealismo magiko horretako pertsonaiek ere horixe esaten didate: nire amumak sakatu egiten nau bide propioa egitera.

Zerk eraman zintuen pintatzera?

Oso zaila da... igoal galdera zuzena da "zerk eraman zaitu beste gauzak abandonatzera, pinturaren alde?". Pinturak aukera ematen dit... egia esango dizut: kaskarkeriatik ihes egiteko.

Errealitatea eta zure burua gainditzeko modua izan daiteke?

Beste arrazoi handietako bat izan daiteke besteengandik maitatua eta preziatua izateko. Hasiera batean bai.

Lehen trazu arinagoak egiten zenituen, baina landu dituzun gaiak gogorrak izan dira beti. Esate baterako, Atxagarekin batera egindako Frontera permeable erakusketako irudiak aintzat hartzen baditugu.

Erakusketa hartan, gauzarik gordinenez modurik goxoenean hitz egin daitekeela ikusten zen. Kontraesan horretan dagoen marruskadura oso interesgarria da. Hala ere, nire estiloa ez da gauza bilatua. Nik ez den hori bilatzen dut; beraz, oso zaila da jakitea zer ari naizen bilatzen, kar-kar-kar...

Eliminazioz bilatzen duzu, beraz? Ez den horretara heldu arte?

Ez dut teknika bat aukeratzen teknika hori hor dagoelako, baizik eta beste teknikak bazterrean utzi ditudalako. Eta teknika bat baztertzen ez badut, horren arrazoia da prozedura horrekin ez nagoela aseta, eta berarekin jarraitu behar dudala.

Dena deuseztatzea da nahi duzuna...

Bai, deuseztatu da hitza. Ezinbestekoa da errealitate guztiak, dialektika posible guztiak akabatzea, errealitate eta dialektika berriak sortzen dira eta. Sormenerako bidea hori da, ez dago besterik.

Eta zure gaurko pinturan hori argi ikusten da: beltzetik abiatzen zara margoa sortzeko.

Bai, baina ez da komeni ideia horiei buruz modu pragmatiko edo dogmatikoan hitz egitea, ze, zorionez, prozedura urrundu egiten da arrazionalismotik. Gaur egungo mentalitateak ez-arrazionala dena ere koadrikulatu egiten du, baina uste dugunean artea edo poesia lotuta dugula, artea beste nonbaiten sortzen da. Hori da duen abantaila. Ez dut nahi baliabide kulturalik eta teknizismorik: nire ortuan letxuga bat landatu eta berez sortzeko moduko lur onik zegoen ikusteko apustua egin nuen, abonurik erabili gabe. Oso apustu serioa izan zen eta onik atera nintzen. Artea zer den ikasi behar izan dut, gero artea zer den ahazteko eta teknika primitiboetara jotzeko. Teknika guztiak ikasi, gero honelako marrak egiteko! Kar-kar...

Ematen du pintura hau biluztea dela. Zuk janztea dela esango didazu baina...

Niretzat sortzea da. Ez banitu pintura hauek egingo, ez nintzateke ni izango.

Baina zure izaera eta zure pintura ez datoz bat: beltzez pintatzen duzu baina zu ez zara beltza.

Gauza bat da kanpotik zelan ikusten zaidan. Nik ez daukat adostasun handirik nire gorputzarekin, eta nire burua ezagutzen ari naiz. Akaso hau guztia gazteagoa nintzenean egin nezakeen, baina asko kostatu zait honaino heltzea. Beharbada hori da pintura ulertzeko klabeetako bat: nahiko analfabetoak garela gure barne-mundua ezagutzeko unean.

Pertsonaia zatikatuak egiten dituzu, marra luzeekin, erdi lainotan...

Besorik gabeko figurak edo buru solteak irteten zaizkit, baina ez da bilatutako zerbait. Nire ezezko erretorikan, koloreak baztertu eta beltzarekin geratu nintzen. Forma aldetik, sakonera zerbait teatrala iruditu zitzaidan, irribarrearen kontuaren antzera. Orain, nire formak bertikalak dira soilik. Konposaketa oso sinplea da: hondoa eta figura. Formatua, berriz, beti horizontala. Elementu gutxiegi dira, baina honaino heltzeko balio izan didate.

Papera beltzez pintatu ostean, begira geratzen zara. Zer ikusten duzu kontenplazio horretan?

Hori da nire prozedura: dena beltzez pintatu eta begira geratzea. Eta nire buruak, edo argi izpi batek, edo kasualitate batek... elementu figuratiboak sortzen ditu. Lehenengo aurpegiak ikusten dira, baina ez diet kasurik egiten. Gero espero gabeko formaren bat agertzen da, oso gutxitan figura oso bat. Elementu bat agertzen zait eta, horrekin lanean hasita, beste elementu batera heltzen naiz. Ez dut aurretik ikusten eszena osoa.

Kasualitatea aipatu duzu. Ze leku dauka zure lanean?

Argi izpiarena izan daiteke kasualitatea, baina hemen, lanean, ez dago ezer kasuala: irudi bat sortzen da, egun horietan beste asko egin ditudalako. Beraz, zentzu horretan ez da kasuala. Kanpotik apur bat isolatuta egon beharra daukat, eta horrela, errealitatearen pertzepzioa aldatu egiten da guztiz: bakarrik geratu beltzez pintatutako irudi baten aurrean, musika jakin batekin... denboraren pertzepzioa aldatu egiten da. Hainbeste aldatzen da, denbora izateari ere uzten baitio, beste gauza bat izateko: denbora hori ezin da logikaren baremoarekin neurtu, baizik eta, beharbada, bizipen eta oroimenen baremoarekin.

--------------------------------------------------------------------------------

Telebista

«Intelektualki dugun gaitasuna liluragarria da, baina ez dugu erabiltzen. Hor daude izugarrizko tresna teknologikoak, ordenagailu itzelak... baina ez diegu inolako erabilpen sortzailerik ematen. Bost urtez egon nintzen telebistan goi mailako teknologiarekin irudiak egiten, baina produkzio horrek ez zuen batere merezi. Telebista aukera ikaragarria da kulturalki, eta, horregatik, egiten duen mina handiagoa da, kontuan hartuta zer komunika dezakeen eta zer komunikatzen duen».

Erretrakzio estetika

«Pintatzean, progresio baten barruan egon naiz, baina, bat-batean, zerbaitek min egin eta atzera egin dut, hortxe geratuta. Une horretan, soberan neukan guztia bota dut, eta lau gauzarekin geratu naiz. Hori da erretrakzio estetika: norabide progresiboa daraman prozedura bat, bat-batean gelditu eta apur bat atzera egiten duena. Karakolen adarren antzera, ukitzen dituzunean».

Molde kulturalak

«Kultur arloan gauzak aurrera ateratzeko dauden aukerak muga moduan ikusten ditut, aukera moduan baino: erakusketa bat egitea edo liburu bat argitaratzea oso konplexua da, eta horrek mugatu egiten du gure produkzioa. Niri kultur arloko ikuspegien arteko dialogoa interesatzen zait, eta uste dut badela sasoia finkatutako molde kulturaletatik aparte beste bide batzuk sortzeko».

Nortasun agiria

Erramun Landa Bizkaiko kostaldeko Ea herrian jaio zen, 1958an. 80ko hamarkadan liburuak ilustratzen egin zuen lan, Aizu! aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen eta ETBn ere aritu zen, diseinu grafikoan. Gaur egun, irakaslea da EHUko Arte Ederretako Fakultatean. Egin dituen erakusketa ugarien artean azkena Denbora ez da distantzia izenekoa izan da, Edorta Jimenezekin batera prestatua. Azaroaren 15etik aurrera Bilboko Henao kaleko Lumbreras Galerian ikusi ahal izango da bere erakusketa berria.

Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.