Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Zinebi (2. eguna)

Zinebi (2. eguna)

Julen Gabiria 2005/11/23 09:00

Atzoko egunak gazi-gozoak eman zizkigun arratsaldeko eta gaueko saioetan: arratsaldean gazia, gauean gozoa. Arratsaldean aurkeztutako 8 pelikuletatik, bakarra ere ez zen salbatu. Gaueko saioan beste 8 film eskaini ziren, gehienak interesgarriak.

Beharbada Zinebiko antolatzaileen estrategia izango da: badakite arratsaldeko saiora oso jende gutxi joaten dela (atzo 50 bat egongo ginen), eta, aldiz, Arriagak beste kolore bat hartzen duela gauetan, eta butaken patio ia osoa beteta egoten dela. Kalitatea, eskaintzekotan, jende asko dagoenean eskaintzea erabaki dute? Akaso.

Gaueko saiotik, beraz, lau pelikula aipatuko ditut, onenak nire ustez.

Lehenengoa, Dawn, Britainia Handiko 10 minutuko filma, atzoko lanik erakargarriena izan zen, proposatzen zuena proposatzen zuen moduagatik. Shreepali Patel zuzendariaren pelikulak neba-arreba biren goiza kontatzen du: goizeko 6ak dira, ama eta haren maitalea ez dira oraindik esnatu, eta umeak etxeaz jabetu dira. Aita-ametan jolasten dira, elkar orrazten dute, batak errieta egiten dio besteari, gosaria prestatzen dute, bazkaria prestatzen dute, etxea askatasun eremu bihurtzen dute, ama lotan dagoen bitartean. Kanpoan, esne-partitzailea lanean, trenak pasaeran. Eta ama denbora larregi ari da lotan. Ez baitago lotan.

Bigarrena, 26 minutuko Krooli dokumental finlandiarra da, Pv Lehtinen zuzendariarena. Dokumentala esan dut eta dokumental gisa agertzen da Zinebiren egitarauan ere, baina fikzioa da, edo dokumental faltsua: Sirja Luomaniemi igerilaria da, munduko errekorraren jabea 50 metro libreetan, 23:59ko markarekin. Egia izan zitekeen, errekor horren jabea Inge de Bruijn holandarra ez balitz, 24:13rekin. Edozelan ere, dokumental faltsu honek kirolari eta benetako bizitzari buruzko hausnarketa interesgarria planteatzen du, eta gizakiek geurea ez den medio bat (ura, kasu honetan) konkistatzeko egiten ditugun ahaleginei buruzko ideia eskaintzen du. Gainera, zalantzarik gabe, orain arteko proposamen bisualik ederrena izan da pelikula hau.

Hirugarrena, benetako dokumentala, HlŽadanie ilúzií eslovakiarra, 26 minutukoa hau ere. Zuzendaria Sahraa Karimi da; bistan denez, ez oso izen eslovakiarra: izan ere, Sahraa Karimi afganiarra da, ez eslovakiarra. 2001ean, Agfanistandik irten eta, Bratislavako Zinemaldian parte hartzeko aitzakiarekin, hantxe geratu zen, asilo politikoa lortuta. Eta, hain zuzen ere, asiloa lortu ezinean dabiltzan errefuxiatuen arazoari buruzko dokumentala ekarri du Bilbora: Gabcikovoko (Eslovakia) errefuxiatuen esparruaren berri ematen digu, hango txetxeniar, afganiar, irandar, afrikar eta abarren bizimodua erakutsita. Filma soil-soila da, baina Karimik ez du gehiago behar izan gugandik hain gertu dagoen errealitate ezezagun hori fideltasunez erakusteko.

Laugarrena, At the Quinte Hotel, Bruce Alcock zuzendariarena. 3 minutuko animaziozko film kanadiarra da, eta, egia esan behar badizuet, ezin izan nuen behar bezala jarraitu, narratzaileak oso arin egiten zuelako berba eta irudiak ere borborka zihoazelako. Hitzezko mezua jaso ala estetika bisualarekin gozatu, hori izan zen nire barne-borroka pelikulak iraun zituen 3 minutuetan. Baina, edozelan ere, denbora labur horretan sumatu nuena ona izan zen, orain arte animazioan ikusitako onena, nire ustez.

Gaur egun laburra dugu, 6 pelikula baino ez dituzte emango eta.

etiketak:
Julen
Julen dio:
2005/11/23 14:17

Aipatzeko puntuan egon naiz pelikula hori ere, baina azkenean erabaki dut ez jartzea nire gustukoenen zerrendan, arrazoi bategatik: ideia geniala eta ezin originalagoa da, hasiera ere bai, baina iruditu zitzaidan apurka-apurka beherantz egin zuela filmak, gero eta beherago. Azkenean, planteamendua bikaina iruditu arren, filma ez zitzaidan gustatu.

Iritzi bat, beste askoren artean. Patxi Lurra ere handik ibili zen. Zer diozu zuk, Lurra jauna?

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/11/23 15:48

Neuri gehien gustau egin jatazanak "At the Quinte Hotel", plastikotasunagaitik (animazinozkoak orokorrean gustukoak ditut) eta "Live at five", sarkasmoagaitik eta gidoiagaitik. Aktore nagusia, Dylan Baker , Zinemaldian ikusi neban beste pelikula batean, "Happiness"-en. Berton be sarkasmoa eta "american way of life"ri egindako kritika gordina ziran nagusi. Atzo, gelditu nintzan pelikularen hasierako esaldietako bategaz, idazmakina lakura botaten dauanekoa: "Agur irudimena! Mozkortzera noia".

Pelikula biak estadubatuarrak, zer eingotsagu! 5etik 4 puntu emon neutsen. 3 puntu, esate baterako, HlŽAdanie Ilúzií pelikulari. Hizkuntza anitzen plastikotasuna be, zoragarria, azaltzen daben errealitatea ez hainbeste.

Julen
Julen dio:
2005/11/23 16:12

Kinielan sartuko dugu, orduan, biei gustatu bazitzaizuen. Horra beste adibide bat, zelan irakurleek hankaz gora jar dezaketen blogariaren iritzia. Hala behar du, gainera.

Dena dela, hartu arnasa lasai, Patxi Lurra, At the Quinte Hotel kanadiarra da eta. Ikusi bestela.

kasetaria
kasetaria dio:
2005/11/23 12:30

Gauza bitxia da, ilunetan aretora sartu eta sudur bat eta betaurreko batzuekaz topo egitea. Aupa esan, eta aulki baten bila jotzen dozu.

Lehen laburra amaitzen ari da, baina beste guztiak ikusteko parada izango duzu. Esan dizute jadanik, arrastikoak ez direla oso onak izan. Esperentza daukazu, hala ere.

Eta geratzen diren guztiak ikusteko jezarri zara, ia beterik dagoen Arriagako antzoki ederrean.

Gehienak gustatu zitzaizkidan, baina gehien Julenek aipatu ez duten Bostetan zuzenean delakoa. Taberna-jatetxe bat da, demagun Kalderapeko eta bostetan Julio Ibarra edo Maialen Iriarte etorri ohi da, aspaldi telebista utzita, arrastiroko informatiboa jendaurrean (kamara barik) aurkeztera. Han topatu du idazmakina urpera bota duen idazle sormenik gabekoa.

Polita da istorioa. Bitxia. Barre egin genuen, baina baita gogoeta ere, informazioaren gizartean bizi garen honetan.

Filme amerikarra da, barregarria, eta nire ustez oso interesgarria. Bostetan zuzenean.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2005/11/23 11:29

Zeuk barrualdea, eta neuk kanpoaldea

Ai, Zinebi-ren kartelak!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.