Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola

Euskaltel eta UCI Pro Tour

gabiria 2005/04/08 09:06

Euskaltel ez dabil. Ez ondo ez txarto. Txarto dabilela esatea ere asko da, ze, behintzat, txarto ibilita ere, ibili egingo litzateke. Eta ez dabil.

Horren arrazoiak hamaika izan daitezke, eta atzo Migel Madariaga managerrak egin zituen deklarazioek oso argi utzi zuten zerbaitek txarto usaintzen duela Derioko taldean. Ustel hatsa dago, giroa ez da ona talde barruan, igarri egiten da.

Zer esan zuen atzo Madariagak, halako iskanbila sortzeko?

  1. Uste dut planifikazioan egon dela akatsa.
  2. UCI Pro Tourrari beldurrez ekin diogu, eta oraindik ez diogu erritmoa hartu. 3. Oso karrerista onak ditugu, baina hemen bakarrik dira karrerista onak, gure artean. Batzuk taldearen filosofiagatik daude hemen, baina beste talde batzuetan ez lirateke korritzen egongo edo ez lirateke profesionaletara pasatuko. Dugun egurrarekin egin behar dugu lan, eta dugun egurra ez da UCI Pro Tourrerako behar dena.
  3. Ez daukagu plantillarik UCI Pro Tourrerako.
  4. Txirrindulari bakoitzak bere egutegia aukeratu du, eta hori da egin dugun akatsetako bat. Horrela egin genuen, Julian (Gorospe) horrelakoa delako.
  5. Txirrindulari asko, ez denak, eroso-eroso daude, badakitelako beste inon ez dutela kobratuko hemen bezala.
  6. Talde honen betiko jarrera ausarta desagertu egin da.

Gauza larri asko daude hor. Larriegiak, publikoki esateko. Gauza horiek barruan konpondu behar dira, inondik ere ez trapu zaharrak jendaurrean jarrita. Baina hitz horiek argi uzten dutena da oso giro txarra dagoela, eta nonbaitetik egingo duela eztanda Euskaltelek, jadanik egin ez badu. Hala ere, hauek denak iaztik datozen kontuak dira, ez dira berriak. Tourreko hondamendiaren ostean (ez denboraldiaren hondamendia, denboraldia ona izan zen eta), gauzak ez ziren konpondu, eta ondorioak orain heldu dira, txirrindularitza nabarmen aldatu den urtean.

Eta horretara noa. Esan bezala, arrazoiak mila izango dira, baina nik denboraldi honi buruz eta denboraldiaren aurrean izan beharko litzatekeen planteamenduari buruz egin nahi dut berba, argi dagoelako Euskaltelek ez diola behar bezala ekin.

Kontua da iaztik hona txirrindularitzak UCI Pro Tour izeneko aldaketa bat izan duela. Aldaketa handia, ez diena bakarrik eragiten karreren antolatzaileei: txirrindularitza taldeengan ere eragin handia izan du eta izango du. Tartean, Euskaltelengan. Tira, Euskaltelengan eragina izan beharko luke, ze oraindik ez du izan.

UCI Pro Tour denboraldi osoa hartzen duen liga bat da, martxotik urrira arte doana. Liga horretan, 20 talde ari dira parte hartzen, munduko 20 onenak omen direnak. Tartean, asko kostatuta, Euskaltel. Beste talde on asko geratu dira kanpoan, esate baterako Comunitat Valenciana, lehen Kelme zena.

Oraindik ez dago oso ondo zehaztuta zer demontre den Pro Tour kontu hori, baina, momentuz, munduko karrerarik onenek osatutako liga bat da. Karrera bakoitzak puntu batzuk ematen ditu, gehiago edo gutxiago, mailaren arabera. Beraz, denboraldi osoa kontuan hartuta, txirrindularirik onenen zerrenda modu horretan erabakiko da, eta ez orain arteko UCIren zerrendarekin (azken horrek puntuatzeko sistema alu samarra zuen, egia esan). Gainera, talderik onenen zerrenda ere osatuko da, beti ere aipatutako 20 talde horien arteko lehiaren arabera.

Beste alde batetik, UCI Pro Tourren sartzeko, taldeei lizentzia bana ematen zaie, taldeek ederto ordainduta. Lizentzia horiek 4 urtekoak dira, hau da: Euskaltel eta gainontzeko 19 taldeak 4 urtez egongo dira liga honetan, eta 4 urte horietan ez dute kategoria galduko. Hala ere, eta detaile hauek zehazteke dauden arren, 4 urte horien ostean talde batzuk kategoriaz jaitsiko dira eta beste batzuk igo, futbolean moduan. Beraz, gerta daiteke 4 urte barru Euskaltel (adibidez) mailaz jaistea eta Comunitat Valenciana Pro Tourrera igotzea.

Beraz, UCI Pro Tourren dauden taldeek 4 urtez hor egoteko eskubidea dute. Aldiz, betebehar bat ere badute: ligako karrera guzti-guztietan parte hartu behar dute. Hori ez da batere gauza samurra, eta denboraldi amaieran igarriko da, nekeak eta komeriak datozenean. Esate baterako, aste honetan bertan, Euskaltel eta gainontzeko 19ak Euskal Herriko Itzulian egon dira, baina, gainera, asteazkenean Belgikan ere egon ziren, Gante-Wevelgem korritzen.

Horrek zer esan nahi du? Bada, txirrindularitza gauza bat izan dela iaz arte, eta beste bat aurtendik aurrera. Iaz arte, karrerak korritzen ziren irabazteko edo beste karrera handiagoren bat prestatzeko, eta denboraldia ere horrela planifikatzen zen.

Iaz arte, taldeek pare bat lider handi zituzten normalean, eta egutegian karrera sortatxo bat gorriz markatuta. Gainontzeko karreretan ere egiten zen irabazteko ahalegina, zelan ez, baina beti ere gorriz markatutakoei begira. Horrela, Euskaltelek Mayo eta Zubeldia zituen, eta Tourrerako prestatzen zituen batez ere. Tartean, bazeuden karrera interesgarriak (Euskal Herriko Itzulia, Euskal Bizikleta, Asturiasko Itzulia, Dauphine Libere...), eta horietan ere topera ibiltzen ziren, jakina. Gainontzeko karreretan zerbait lortuz gero, primeran; baina helburua beste bat zen.

Orain, berriz, planteamendua aldatu egin da talde gehienetan. Euskaltelen ez, Euskaltelen oraindik lehen bezala pentsatzen jarraitzen dute, baina egunen batean konturatuko dira UCI Pro Tourren daudela, munduko 20 talderik onenen artean, eta maila hori eman behar dutela. Bada, orain, talde bakoitzak pare bat lider baino gehiago ditu, eta badakitenez karrera guztietan parte hartu behar dutela, egutegia banatu egin dute:

Lehen ziklisten arabera erabakitzen zen taldea ze karreratan ibiliko zen fuerte; orain karreren arabera erabakitzen da ze ziklista fuerte eraman.

Hori da UCI Pro Tourrek ekarri duen aldaketetako bat. Orduan, denboraldiaren prestakuntza indibidualizatua egiten da txirrindulari-sorta bakoitzarentzat, eta egiten da, esate baterako (kontuan izanda ez naizela prestatzaile fisikoa):

  • Udaberrirako (EH Itzulia, Klasikoak, Giroa...): udaberrian forman egongo diren dozenatxo bat ziklista, eta beste dozena erdi ez direnak hain fin ibiliko.
  • Udarako (Tourra batez ere): udaberrian hain fuerte ibili ez diren horiek (baina orain jada forman daudenak), gehi forma hartzen ari diren beste batzuk (Tourrerako prest egongo direnak).
  • Udazkenerako (Vuelta batez ere): udan forma hartu dutenak eta, udaberriko martxatik errekuperatu ostean, fresko dauden beste batzuk.

Horrelako zerbait. Badakit nire adibide hau ez igual dela lar zuzena, ez zehatza, ez zientifikoa. Horretarako daude profesionalak. Nik dakidan gauza bakarra da gainontzeko taldeek horrela egin dutela, eta Euskaltelek ez. Madariagak berak aitortuta: "Txirrindulari bakoitzak bere egutegia aukeratu du". Baina zelan egin daiteke horrelako astakeriarik! Kadeteak gara ala?

Mayok-eta bai, horiek aukeratu beharko dute euren egutegia, liderrak dira eta. Baina besteek? Argi dago zer den gertatu dena. Euskaltelen ez da planifikaziorik egon. Ez dira karrerista bakoitzaren ezaugarriak aztertu eta, horren arabera, esan: zu Tourrera, zu Girora, zu Vueltara eta zu Paris-Roubaixera.

Prestatzaileak ez dira konturatu karrera guztietan egon beharra dagoela. Eta, gainera, lehiatzeko moduan egongo den ziklistaren bat behar da karrera gehienetarako (guztietarako esatea asko izango litzateke). Eta hori posible da. Eta gezurra da Madariagak dioena Euskaltelek ez daukala UCI Pro Tourrerako moduko talderik. Badu taldea. Euskaltelek ez daukana da ilusiorik, ez behintzat duela 2-3 urtekorik. Hara: Pro Tourreko taldeek korredore kopuru minimo bat izan behar du, eta gehienezko kopuru bat. Gehienez, uste dut 28 direla. Oso oker ez banago, Euskaltelek 26 ditu. Kopuru polita da denboraldi osoari eusteko. Kontua da 26 horietatik 6 edo 7 direla zerbait irabazteko modukoak, karreraren batean lehiatzeko modukoak (Mayo, Zubeldia, Samuel Sanchez, Aitor Gonzalez, Egoi Martinez, Unai Etxebarria...). Baina kopuru hori ondo dago, eta plantilla badago, txirrindulari saiatu eta sufrituekin, "aguadore" on askorekin. Behar dutena da plangintza hobea. Esate baterako, Euskal Herriko Itzulirako Egoi Martinez omen zen ondo zegoena. Gero jausi egin zen, eta hori ez da Euskaltelen errua. Kontua da bera zela liderra, baina ez: ez zegoen ondo. Ondo daude Osa, Valverde, Di Luca, Cunego... Planifikazio kontua da. Egoi Martinezi abenduan esan izango baliote "hauxe da zure denboraldia: udaberria eta udazkena", prestaketa beste modu batekoa izango litzateke. Eta Gante-Wevelgemekin zer?, galdetuko du norbaitek. Egia da: Gante-Wevelgem moduko karrerak derrigorrez egin beharra enbajada hutsa da. Tira, ba orduan karrera horretara eraman udaberrian ondo egongo den bat, bakarra, eta beste zortzi udarako ari direnak prestatzen, eta joan daitezela errodajea egitera soilik. Ezin da hain konplikatua izan!

Denboraldi osoa bete daiteke horrela. Ezin dena da zure itzulian, dena erakutsi behar duzun itzulian, arrastaka ibili, ihesaldietan sartu ezinik eta Garate moduko mendateetan heste meharra ahotik botatzeko puntuan. Eta egoera hau konpontzeko modu bakarra zein den argi dago: garaipenak. Kontua da orain, bi hilabete pasatu ostean eta etxean barregarri geratu ostean, zaleak (arrazoiarekin edo ez) eskatuko duena da garaipen horiek Giroan eta Tourrean izatea. Eta hori bai izango dela zaila. Eta presioa handiagoa. Kazetariak ere ez dira isilik egongo. Eta zer gertatuko da Tourrean berriro egiten badute laban?

Madariagak esandako beste gauza bat, berriz, onartezina iruditzen zait talde profesional bateko manager nagusiaren ahotan: "beste talde batzuetan ez lirateke korritzen egongo edo ez lirateke profesionaletara pasatuko". Eta hori txirrindularien errua al da ba? Nork pasatu ditu profesionaletara? Nor ari da gastatzen aurrekontua, ustez balio ez duten txirrindulariak profesionaletara pasatzen? Eta benetan ez badute balio UCI Pro Tourrerako, zergatik pasatzen dituzte? Eta Madariagak baldin bazekien ez zeukala talde onik liga honetarako, zergatik jarri zuen hainbesteko interesa taldea UCI Pro Tourrean sartzeko?

Azken-azkenik, datu txiki bat: Euskal Herriko Itzulia hasi baino lehen, Pro Tourreko 20 taldeen sailkapenean, Euskaltel azkenaurreko postuan zihoan. Azkena Illes Balears zen. Illes Balearsek dagoeneko lortu ditu etapa bi eta lidergoa hiru egunez. Beraz, Itzulia amaitzerakoan, Illes Balearsek salto handia emango du aurrera, eta badakigu nor izango den azkena, lehoiaren buztana.

Lasaia itxuraz, bizia izatez

gabiria 2005/04/07 08:54

Pentsatzekoa zenez, esprintean erabaki zen atzoko etapa, Ortuella eta Gasteiz artekoa. Baina horrek ez du derrigorrean esan nahi emoziorik gabekoa izan zenik edo, une batean edo bestean, etapa garaipena baino zerbait gehiago egon ez zenik jokoan.

Bai: kiniela guztietan sartzen zen iheslariren bat egongo zela, eta halaxe gertatu zen. Tartean, hurrengo igandean jokatzekoa den Paris-Roubaix klasikoa gogorarazi ziguten irudiak ere ikusi ahal izan genituen. Eguneko ihesaldi nagusia boskote bat izan zen, tartean, zelan ez, Kaiku bat (Ruben Oarbeaskoa muxikarra), eta -o! Arantzazuko Ama (edo Arratekoa)- Euskaltel bat: Iker Camaño santurtziarra. Gainontzekoak, Saunier bat, Comunitat Valenciana bat (Pascual Llorente, joandako larunbatean Miguel Indurain Saria irabazitakoa) eta Rabobank bat.

Tropelarekiko 2:35 minutuko tartea lortu zuten, eta liderraren taldea martxan jarri zen apurka-apurka, gehiegizko su-festarik gabe. Horrelakoetan gertatu ohi denez, tropelak hala erabakitzen duenean harrapatzen dituzte aurrekoak, eta atzo ere bazekiten tropela izango zela helmugara helduko zena. Horretarako, baina, beltz egin beharko zuten lan, geroago alde egingo zuten izen handiagoko beste ziklista biren bila.

Aipatutako boskote horretan, Ruben Oarbeaskoa zen Osarengandik hurbilen zegoena denboran, eta tropelak erabaki zuen hobe zela kontuz ibiltzea. Kontrolatzea, bai; ihes egindakoei ihes eginda joatearen poza ematea, bai; baina hortik gora, kontuz. Izan ere, sarritan gertatu izan da ustez arriskurik gabekoa den ihesaldi batek kolpea jotzea eta, ondorioz, talde horretako txirrindulariren bat jartzea lider.

Hiru adibide ezagun

Lar urrun joan barik, horixe bera gertatu zen 2002ko Euskal Herriko Itzulian: Altsasuko etapan (gaur jokatuko denaren antzekoa, beraz), orain lider den Aitor Osa ihesaldi batean sartu zen. Etapa irabazi zuen baina, batez ere, Itzulia izan zen eskuratu zuena, ihesaldian lortutako aldeari esker.

Txirrindularitzaren historian asko izan dira ihesaldi bat egin eta, horri esker, maillot horia azken egunera arte jantzi ahal izan duten ziklistak. Oraindik ere ondo gogoratzen dugu 1990eko Espainiako Vuelta. Orduan, Seur taldeko txirrindulari italiar ezezagun batek 4:30eko aldea hartu zuen ihesaldi batean, eta lider jarri zen. Hurrengo hamahiru etapetan ere lider jarraitu zuen. Amaierara arte, beraz. Marco Giovannetti zen. Vuelta irabazi ostean ere, jendeak ez zuen aintzat hartzen, esanez hura txiripa hutsa izan zela. Baina gero ez zituen hain emaitza txarrak lortu, batez ere Giroan: beti ibiltzen zen aurretik, eta zenbait alditan zapaldu zuen Italiako karrerako podiuma.

Beste adibidea, aspaldi bateko Tourrean dugu. Duela urte batzuk, dokumental batean, ziklista izandako gizon zahar bat ikusi nuen, triste. Izena ere ez zitzaidan ezaguna egiten: Roger Walkowiak. 1956ko Tourra irabazi zuen koitaduak. Dokumentalean esaten zuen askotan pentsatzen zuela hobe ez balu Tour hura irabazi, ze, geroztik eta gaur arte, jendeak aurpegiratzen dio sufritu barik irabazi zuela, kasualitatez, meriturik gabe eta ia-ia opariz. Walkowiakek ez zuen etapa bat bera ere irabazi Tour hartan, eta, hala ere, azafaten muxuak jaso zituen Parisen. Gizona negarrez hasi zen dokumentalean. Hobe irabazi ez banu, errepikatzen zuen. Ez zuen ulertzen; eta ez zuen ulertzen jendeak zelan ez zuen ulertzen, beste edozeinek bezala sufritu zuela, ez bada gehiago. Esaten zuen berak ere igo behar izan zituela gainontzekoen mendate berberak, eta maillot hura hortzekin defendatu behar izan zuela. Eta atzera begiratzen zuen eta esaten zuen, jakinez gero jendeak ze txarto tratatuko zuen gero, ez zela ihesaldi hartan sartuko. Txirrindularitzaren handitasuna eta makurkeria.

Ihesaldi arriskutsuak

Bada, Oarbeaskoa arriskutsua zen atzo tropelarentzat, eta Illes Balears hasi zen lehenengo (Osaren taldea), eta Phonak gero, Miguel Angel Martín Perdiguerorentzat lanean, etapa esprintean erabakiko zela jakitun. Polita izan zen Phonak blokean ikustea, estetikoki esan nahi dut, maillotik politenetakoa eurena da eta. Gaur egun ez dira oso maillot politak egiten, dena esan behar bada. Ziurrenik, talde bakoitzak esponsor gehiegi ditu eta, denen koloreak sartu behar direnez, bistarako deliktiboak diren maillotak diseinatzen dira. Phonakena, berriz, erraz identifikatzeko modukoa eta kolorez erakargarria da. Erraz identifikatzearena oso gauza inportantea da gaur eguneko ziklismo telebisiboan, eta, hala ere, talde askok eta askok ez dute hori oraindik ulertu. Erraz identifikatzen dira, adibidez, Phonak, Kaiku, Euskaltel, Rabobank, Telekom eta horrelakoak. Illes Balears taldearena, adibidez, negargarria da, eta Libertyrena ere oso polita. Baina gaur egun ez dago antzinako taldeen moduko maillot ederrik. Ziklismoaren epikari buruz ari garenean, maillot ederrak etortzen zaizkit niri buruz, kolorez lisuak eta konplikaziorik gabekoak. Egunen batean horri buruz ere egin beharko dugu berba.

Baina bueltatu gaitezen atzokora.

Bat-batean traktore bat agertu zen bide erdian, ustekabean. Errepide estu batetik zihoazen, partzelaria horietako batetik, eta txirrindulariak astiro-astiro pasatu behar izan ziren haren ondotik. Kotxeak, berriz, ortuetatik sartu ziren, eta helikopterotik eman zuten ETBkoek. Ondo. Une horretan, karrera bera baino, hori zen ikusgarriagoa, eta eskertu genuen.

Kontua da aurreko boskote horretako kideak, apurka-apurka, geratuz joan zirela. Euren ordez, beste batzuk hasi ziren sartzen aurrean. Eta oso egoera polita eta ikusgarria gertatu zen: beste boskote bat sortu zen, eta bost horietatik hiru talde berekoak ziren. Txirrindularitza eskoletan irakasteko moduko egoera izan zen atzoko hori. Comunitat Valenciana taldekoak ziren hiru horiek. Beste izen garrantzitsu bat ere tartean zegoen, ordea: David Moncoutie. Gogoratzen izen horrekin? Jakina! Herenegun, Osaren aurretik La Lejanan irabazi zuena! Arriskua tropelarentzat.

Baina zelan sartu ziren talde bereko hiru txirrindulari aurrean? Bada, lehenengoa (Pascual Llorente) aurreko ihesalditik geratutakoa zen. Gero, ikusita aurreko taldetxoa desegiten hasia zela, Comunitat Valencianako beste batek egin zuen salto tropeletik, arnasa berria emateko ihesaldiari. Horrela sartu ziren bi aurrean. Eta hirugarrena? Hirugarrena agertu zen Moncoutiek tropeletik alde egin zuenean, bera atzetik irten zelako, kontrolatu nahian. Horrela, hiru ziklista, bostetik. Egoera polita sortu zuen Vicente Belda zuzendari eta txirrindulari ohiak.

Hori gutxi ez, eta bat-batean ezusteko beste gonbidatu bat agertu zen aurreko taldean: Bradley McGee. Zakilizutek esango zukeen moduan, gehiegiegi. Arriskutsuak ziren azken hori eta Moncoutie, eta gero eta gutxiago geratzen zen Gasteizko helmugara heltzeko. Denbora apur bat kendu nahi zioten Osari. Hamar kilometro baino gutxiago geratzen ziren. Sei, bost, lau. Hiru falta zirenean, tropela gain-gainean zuten, baina, ahaleginduta ere, ez zuten aurreko taldetxoa harrapatzen. Horren errudun nagusia McGee bera izan zen: taldetik tiraka eta tiraka, gurpiletik ateratzen zituen gainontzeko bostak!

Onena nagusi Gasteizen

Azken kilometroaren barruan sartuta harrapatu zuen katuak sagua, eta tropela bat eginda sartu zen Gasteizko azken etorbide luzean, ez aurretik izerdi nahikoa bota barik.

Eta esprintean, Alejandro Valverde murtziarra (Illes Balears) nagusi. Txirrindulari itzela da, etorkizun handikoa (handikoa ez, osokoa), sekulako estiloa duena eta, batez ere, pertsona ona eta apala. Ezaugarri horiekin, erraza da Valverderi buruz ondo egitea berba. Beste txirrindulari asko gogorarazten dizkigu (Perurena, azken urteetako Jalabert...), baina garrantzitsuena da bere bidea egiten ari dela, oso gaztea dela eta oso-oso ona. Atzokoa aurtengo bosgarren garaipena du, tartean Paris-Nizan ere irabazita eta hango sailkapen orokorrean bigarren geratuta.

Atzoko etapan, Giovanni Lombardi beteranoa geratu zen bigarren. Aspaldiko txirrindularia! Zer egiten zuen hain aurrean? Ezusteko ederra hartu genuen, indartsu dagoela ikusita.

Euskaldun gutxiago tropelean

Euskaldunei dagokienez, aipagarriena da Dioni Galparsorok etxera joan behar izan zuela, amigdalitisak jota. Antza, urtean lau edo bost bider izaten ditu, eta, beraz, ebakuntza egitea erabaki du. Bestetik, Libertyko Koldo Gilek ere karrera utzi du (aurtengo Murtziako Itzulia irabazi du burlatarrak). Beste bat, euskal herritarra izan ez arren, aipatzeko modukoa dena: Samuel Sanchez erretiratzea izan zen atzo Euskaltelek egin zuen ekarpena, Camañoren ihesaldiarekin batera. Azkenik, **Andreas Klöden" alemaniarrak ere hanka lurrean jarri zuen (2000ko irabazlea).

Euskaltelen egoera larria da: "Euskaltel afera" deitu beharko genioke kontu honi. Zuzendariak urduri jartzen hasi dira, eta herenegun Gorospek esan bazuen ere gauzak ondo planifikatu dituztela, atzo, Madariagak aitortu zuen ezetz: planifikazio txarra egon dela eta, gainera, talde eskasa dutela UCI Pro Tourrerako. Baditut lerro batzuk horri buruz idatzita, baina biharko utziko ditut, Madariagaren deklarazioen ostean Euskaltelek gaur zerbait egingo duelakoan, edo hori sinistu nahian. Edozelan ere, urak oso nahastuta talde laranjan. Denboraldi hasieratik bertatik hasi badira trastoak elkarri botatzen... Itxura eskasa ikusten diot kontu honi eta, Nostradamus izatera jolasteko gogo barik, uste dut aldaketaren bat etorriko dela handik edo hemendik. Edozelan ere, honi buruzko gehiago bihar.

Jokin Ormaetxea gogoan

La Lejanan Osak lortu ez zuena, garaipena Ormaetxeari eta haren gurasoei eskaintzea, Valverdek egin zuen atzo. Pertsona oso-osoa da murtziarra, eta detaile hori izan zuen.

Aitor Osak lider jarraitzen du, eta lidergoa mantentzeko lanean Valverderen laguntza izango du, gainera. Atzoko txapeldunak aitortu zuen Osa dela Illes Balears taldeko indartsuena, eta itziartarrari laguntzeko dagoela bera. Gero, Alejandrok Aitorri esan zion biharko etapako goizeko sektorean (Arantzazun amaitzen dena) segundo batzuk hartu beharko lituzkeela, arrastian arazo gutxiago izateko erlojuaren kontrakoan. Izan ere, arratsalderako, Julich eta Rogers ari dira agertzen faborito nagusi legez, eta denok dakigu 9 kilometroko erlojuaren kontrako batek min handiagoa egin dezakeela 150 kilometroko lau etapak baino. Horregatik, momentuz Julich eta Rogers hortxe daude, aurrean baina ezkutuan, 20 segundora biak.

Gaurko etapa

Aurrerago, arriskutsu asko. Lar aurrean, egia esan. Areriorik nagusienak 2 segundora ditu Osak. Oso kontuz ibili beharko du bihar, baina oso adi gaurko etapan ere. Izan ere, Gasteiztik Altsasura doazen 167 kilometroak gorabeheratsuak dira. Batez ere azken 20 kilometroetan oso ondo kontrolatu behar da etapa. Azken tarte horretan, La Cadena mendatea igo beharko dute, eta gero errepideak apur bat gorantz joko du. Ihesaldiak egongo dira, hori seguru. Horrelako etapetan, normalena taldetxo bat heltzea izaten da, tropelaren oniritziarekin edo barik.

Edozelan ere, ustez lasaia izan behar zuen atzoko etapan horrelako emozioa bizi izan bagenuen, zer ez ote da gertatuko gaur? Auskalo. Bien bitartean, begi guztiak biharko goizeko etapara begira daude. Zer esanik ez arratsaldekora.

Eta adi: beste protagonista bat ere agertuko omen da bihar. Eguraldia. Eguraldi makurra. Noren alde izango ote da hori? Esperantzarik ez dugu galduko: Aitor Osak gustuko omen du besteei gustatzen ez zaien eguraldia...

Aukeratuen taldea murrizten ari da

gabiria 2005/04/06 08:42

Nahia eta ezina, hori izaten da, sarritan, txirrindularitzaren ezaugarrietako bat. Atzo, nahi, Aitor Osak nahi zuen. Ahal ere, ahal zuen. Indarrez topera dago itziartarra, baina bera baino azeriago ibili zen David Moncoutie frantziarra. Duela bost urte helmuga berean Di Lucarekin gertatu zitzaion bezala, oraingoan Cofidis taldeko ziklistarekin gertatu zitzaion. Anekdota zaleak ere bagarenez, esan dezagun Moncoutie hau dela iazko Tourrean Egoi Martinezi azken pedal-kolpean Figeaceko etapa kendu ziona. Baina hori baino zertxobait gehiago ere bada: Osaren antzera, txirrindulari saiatua, indartsua eta zenbait etapa ere badituena bere palmaresean. Tartean, Tourreko hura eta Dauphineko beste bat. Igotzailea, atzo ondo ikusi zenez, eta erlojupekoan ere ez dena albo batean uztekoa.

Polita izan zen atzoko etapa ere. Hasieratik, hiru ziklistak egin zuten ihes: Jon Bru beratarrak, Andoni Aranaga azpeitiarrak eta Bingen Fernandez bermeotarrak. Kaiku bi eta Cofidis bat. Bistan denez, bai Kaikuk eta bai Cofidisek hasieratik zuten agendan etapa hau apuntatuta, gero Kaikuko Ricardo Serranok ere ahalegina egingo baitzuen Zugaztietan gora, eta Cofidiseko Moncoutiek zer esanik ez. Gero, bizikleta gainean estilo ederra darabilen Bru bakarrik geratu zen buruan, baina laster harrapatu zuen tropelak.

Kaiku taldearen ahalegina benetan eskertzekoa ari da izaten. Herenegun Ricardo Serranoren erakustaldia ikusi bagenuen Garaten gora, atzo Zugaztietan gora saiatu zen, indartsu berriz ere. Bru eta Aranagaren ahalegina ere polita izan zen, eta, gutxienez, tropeleko maillotik ikusgarriena (koloreagatik diot, ez politena delako) ondo agertu zen behin eta berriro. Aranaga da, hain zuzen ere, sortu berria den talde honen garaipen bakarra duen txirrindularia, Valentziako Itzulian lortutakoa.

Ahalegina eskertzekoa dela diot, ze, karrerari mugimendua eta bizitasuna emateaz gain, kaikutarrak Espainiako Vueltako gonbidapen-txartelik gabe daude, eta horren bila ari dira. UCI Pro-Tourren kontuetako bat da hori: sailkapen horretan sartuta ez dauden talde (eta lasterketa) txikiek bereak eta bi egin behar dituztela duintasunez iraun ahal izateko. Eta, azken batean, Kaiku moduko talde baten aspirazioak Espainiako Vueltan parte hartzeraino heltzen dira, ez gehiago. Vueltan ez sartzea, berriz, pena izango litzateke: denok dakigu esponsor batek ze erabaki har dezakeen bere taldea ez bada Espainiako erakusleihorik handienean (behintzat luzeenean) sartzen.

Azken igoera bizia

Oso karrera arina izan zen: batez beste, orduko 42 kilometrotik gora egin zuten. Gogorra, beraz. Hori argi ikusi zen Zugaztietako eta, batez ere, La Lejanako azken igoeran. Ezagutzen ez duzuenontzat, Zugaztieta gaztelaniazko La Arboleda da, Trapagaran baino gorago dagoen meatzarien herrixka bat, bisitatzeko modukoa. Hara joan, eta duela mende batean gaudela ematen du. Xarma handia dauka herritxo horrek eta bere inguruak (xarma handiagoa zuen golf zelaia egin zuten arte). Baina ez gaitezen enroilatu. Kontua da, Zugaztietara heltzerakoan, ezkerretik hartuta, beste maldatxo bat dagoela, laburra, 600-700 metro ingurukoa. Baina laburretik duena gogorretik ere badu. Malda hori da La Lejana, eta hantxe zegoen helmuga.

Bada, Zugaztietako igoera hasi zenean, Rabobank taldea jarri zen tiratzen, karrera arinagoa eta, beraz, gogorragoa egiten. Rabobankek Menchov eta Boogerd ditu bere ziklisten artean, eta, duda barik, horien alde eta etsaien kontra egiteko jarri ziren indarrez tiraka. Gero ikusiko zen hori horrela zela, ze Menchov, iazko irabazlea, zazpigarren sartu zen helmugan, Moncoutierengandik 8 segundora. Boogerd ere bederatzigarren, 13 segundora.

Baina Rabobankeko beste txirrindulari batek (ezezaguna niretzat) jo zuen erasoa: Pieter Weening zen, atzo 24 urte bete zituen gaztea. Eta, isil-isilka, herenegun ere, Zarauzko helmugan, 42 aukeratuen artean sartu zena!

Weeningen atzetik, gero, Ricardo Serrano irten zen, lehenxeago salto egin zuen Heras atzean utzita. Atzokoan ez zitzaion katerik irten, baina arerio gogorrak topatu zituen. Izan ere, laster agertuko ziren Osa eta Moncoutie, minutu batzuk geroago La Lejanan egingo zuten buruz burukorako prest.

Weening bera izan zen La Lejanako magalera heldu zen lehenengoa. Heldu eta bertan geratu, hala ere: ziurrenik, Weeningek ez zuen espero halako maldarik topatzea, eta Rabobankekoa lurrean iltzatuta bezala geratu zen, aurrera egin ezinda eta balantzaka. La Lejanako bidea ze estua den kontuan izanda, arriskutsu samarrak ere izan ziren Weeningen balantzak, ze txirrindulari batzuk, unetxo batez, hura aurreratu ezinda geratu ziren.

Eskaintza gosez

Orduan, Aitor Osak jo zuen kolpea, eta atzetik David Moncoutie irten zen. Biak bakarrik geratu ziren, duela bost urte bezala, baina atzerritarra aldatuta: orduan Di Luca italiarra, orain Moncoutie frantziarra. Osaren buruan, gogo bakarra: berriro bigarren ez geratzea. Irabazi nahi zuen, garaipena Jokin Ormaetxea zenari eskaintzeko.

Jokin Ormaetxea txirrindulari azkoitiarra (Paternina) negu honetan hil da, Txitxarroko denboraldi-amaierako jaiaren ostean, etxerako bidean kotxearekin istripua izan zuenean. Osa anaiak Itziarkoak direnez, Txitxarro ondokoak beraz, Ormaetxeari eta Joseba Albizuri esan zieten euren etxean geratzeko lotan, baina azkenean kotxea hartu zuten. Gero, istripua.

Atzo, garaipena Ormaetxeari eman nahi zion. Hori zeukan buruan. Hori ez zen guztia porrota zen. Egun batzuk lehenago, Aitor Osak esan zuen Valverderi laguntzeko zegoela Itzuli honetan, baina bazeukan beste asmo bat ere, kiroletik harago zihoana eta gizatasuneraino heltzen zena. Garaipena lortzea baino, atzo, Osaren nahia garaipen hori eskaintzea zen.

Ez zuen lortu. Hasieran Moncoutie Osaren aurretik joan bazen ere, Osak aurrea hartu zion eta frantziarrak, azti, itziartarraren gurpilari eutsi zion, lasaiago. Azken metroetan, beraz, Moncoutiek aski izan zuen pedal-kolpe gutxi batzuk ematea, gipuzkoarrari garaipena kentzeko. Osa lider jarri zen, baina garaipenak berriro egin zion ihes, duela bost urte bezala.

Gero, Osak deklarazioak egin zituen ETBn. Belarrientzako gozatua da hari euskaraz entzutea, gazteleraz entzutea zigorra den bezala. Triste zegoen, ezin izan ziolako garaipena eskaini Ormaetxeari. Telebistako esatariak gogorarazi zion lider jarri zela, eta Osak argi esan zuen: "bai, baina lider jartzea... Hemen irabazteak baino ez du balio. Tira, gutxienez Ormaetxeari mallo bat emateko gauza izango naiz".

Lider jarri da, beraz. Atzo esan genuen Osak merezi zuela zerbait lortzea karrera honetan. Orain, kontua da gai izango ote den maillot horiari eusten. Eta erantzuna ezezkoa dela dirudi, kontuan izanda azken etapako erlojuaren kontrakoan Aitor ez dela hain ondo moldatuko. Gainera, sailkapenari begiratuta, hortxe daude Di Luca 2 segundora, Halgand 2 segundora, Rebellin 2 segundora eta Cunego 5 segundora, lehenengoak baino ez aipatzearren. Hala ere, Osaren alde, esan beharko da Valverde 20 segundora duela eta, beraz, orain Osa izan daitekeela Illes Balears taldeko liderra, Eusebio Unzue zuzendariak nahi badu. Zail, oso zail izango du, hori bai.

Izan ere, Valverde eta 20 segundora dauden beste txirrindulari ugari gai dira erlojuaren kontrakoan diferentzia hori jateko, eta akaso biharko etapan edo ostiraleko goizekoan ere saiatuko dira segundoak kentzen. Hain zuzen ere, Valverdez gain, Julich ere 20 segundora dago, eta Pereiro, Beltran, Rogers... Apur bat hurbilago, berriz, Contador, Frigo...

Etsai asko kanpoan geratu dira, baina oraindik badaude oilar batzuk ozen kantatzeko prest.

Euskaltelen showa

Euskalteli dagokionez, helmugara heltzen lehenengoa Haimar Zubeldia izan zen, 40 segundora... Sailkapen nagusian ere, Zubeldia bera da mugikorren taldeko lehenengoa ("mugikorren taldea" diot esponsorragatik, ez txirrindulariak asko mugitzen direlako), eta minutu batera dago!

Euskaldunei dagokienez, Osaz gain, ezin ahaztu David Etxebarria. Ondo dago, eta talde aldaketak (Euskalteletik Libertyra) on egin diola dirudi: hamaseigarren dago sailkapen nagusian, Osarengandik 20 segundora.

Bestetik, Euskaltelek ez dauka suerterik: Egoi Martinez, aurrean egon behar zuenetako bat, etxera joan behar izan da, atzo Crédit Agrícole taldeko ziklista batek botatako janari-poltsarekin trabatu eta lurrera jausterakoan. Hasieran klabikula apurtuta-edo izango zuela esan zen, baina, antza, kolpea baino ez zen izan.

Gaurko etapa

Gaur, txirrindulariak Ortuellatik Gasteizera joango dira. Etapak ez luke inongo sorpresarik eman behar, eta, ondo bidean, sprinta izango dugu talde handian eta, asko jota, bi edo hiru txirrindulariren ihesalditxoa aurretik.

Tartean, Barrerilla eta Zaldiaran igo beharko dute, azken hori birritan. Zaldiarango azken igoera helmugatik 10 bat kilometrora dago.

Harategizar (I)

gabiria 2005/04/06 08:26

Askotan esan da: literatura ezer bada, jolasa da. Alde batetik, barruan duzuna nolabait atera behar da, eta hitz edo forma egokiak bilatzea jolas bihurtzen da. Ez naiz gogoratzen ze idazlek esan zuen sekulako obrak zituela buruan, inoiz ikusi ez ziren liburu bikainak. Gero, apur bat etsita, aitortu zuen buruko marabilla horiek idaztea baino ez zitzaiola falta. Jolas egitea falta zitzaion, beraz.

Beste alde batetik, literatura jolasa da, errealitatetik sortzen delako eta horrexegatik delako, hain zuzen, autobiografikoa: idazleari zuzen-zuzenean gertatu ez arren, bere burutik, bere galbahetik pasatu delako, eta bere eskutik heldu delako orri zurira, forma eta erritmo pertsonal batekin. Egia gezur bihurtzea, idazlearentzat, gezurra egia bihurtzea bezain gauza inportantea da. Edo sinesgarritasuna ematea sinesgaitza denari, edo sinesgaitz bihurtzea sinesgarria dena. Baina irakurleak sinesgarritasuna nahi badu, atearen beste aldean ere barra-barra aurkituko du, bizi-bizi, autobusean edo fruterian. Literaturaz ari garela, ez zait gustatzen egia edo gezurra, sinesgarritasuna edo sinesgaiztasuna aipatzea, ez dudalako ulertu nahi literatura errealitatearen sukurtsal gisa, baizik eta, errealitatearen ikuspegi bat emanda, aparte zaramatzan mundu gisa. Labur esateko, jolas gisa ulertu nahi dut, irakurle zein idazle naizenean.

Horregatik, Zazpi Kaleetako paseo hauetan, badago une bat erreala dena, badago beste une bat jolasa dena, eta badago beste bat, azkena, zuen begietara heltzen dena, ez dakidana zer den. Izan daiteke errealitatearen ispilua, izan daiteke gezur galanta, ametsa edo nahi duzuena. Eta horretaz pentsatu dut Harategizar kaletik paseatzen ari naizela, sartu naizenean Kebab batean eta erabaki dudanean, gero, Kebabeko pertsiana jaisten dutenean, jarraitu egingo dudala zerbitzaria, tipo okre hori. Eta pentsatu dut hasi dela jolasa, hasi dela literatura. Hurrengo astean kontatuko dizuet. Baina ez larregi pentsatu egia ote den, ze, akaso, egia izango da.

Ederra dator itzulia

gabiria 2005/04/05 08:02

Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliaren aurtengo maila itzela da. Aspaldi ez da egon horrelako partaidetza bikainik, baina denei buruz berba egitea ezinezkoa denez, atzo aurreko tropelean heldu ziren ziklistarik nabarmenenak baino ez ditugu aipatuko:

Valverde, Julich, Pellizotti, Rebellin, Pereiro, Savoldelli, Garzelli, Frigo, Heras, Menchov, Contador, Beltran... eta zelan ez: atzoko etapako irabazlea, Danilo Di Luca; eta iazko Giroko irabazlea, Damiano Cunego.

Ez ditut alferrik azkenerako utzi bi horiek.

Danilo Di Luca sekulako ziklista iruditu zait beti, 2000. urtean itzuli honetako La Lejanako helmugan lortu zuen garaipenetik. Adi, ze gaur leku berera helduko da itzulia. Di Lucari ederto datorkio gaurko etapako amaiera gorabeheratsua, batez ere ikusita ze indartsu dagoen, bera eta bere taldea. Dudarik gabe, kontuan hartzeko moduko ziklistak dira atzo Zarauzko helmugara aurreko tropelean sartu ziren Liquigaseko laurak: Di Luca, Pellizotti, Garzelli eta Noe. Ederto daude, oso indartsu, eta gaur ikusiko da nor den benetako liderra talde horretan.

Damiano Cunegori dagokionez, zer esan? Iaz Giroa zelan irabazi zuen ikusita, ulertuko duzue mirespenez begiratzea italiar gazteari. Atzo bosgarren geratu zen, eta bada zerbait: Girorako hilabete eskas falta da, baina ikusten da fin dagoela, edo hori pentsatu nahi dut. Poztuko nintzateke Cunegok irabaziko balu Euskal Herriko itzulia! Kontua da beste askok irabazita ere poztuko nintzatekeela.

Valverde, berriz, ikaragarri dago. Ikusi zenuten egin zuen sprinta? Onena izan zen, hirugarren geratu zen arren. Oso-oso-oso atzetik etorri zen, txarto kolokatuta. Eta, hala ere, denak gainditu eta hortxe sartu zen. Liquigasekoen gurpila hobeto zaindu izan balu, hanka erdiarekin irabaziko luke murtziarrak. Ona, oso ona da morroia.

Aurreko tropela

Aurreko tropelean euskaldun bi baino ez ziren sartu: David Etxebarria (seigarren) eta Aitor Osa (hamaseigarren). Itziartarrak eraso polita jo zuen Garate gainean, eta Davide Rebellin irten zitzaion atzetik, baina ez zuten tropela apurtu. Merezi du Osatarren zaharrenak zerbait polita egitea itzuli honetan (2002an irabazi zuen), baina berak ere aitortu du Valverderen menpe egon beharko duela, normala denez.

Euskaltel taldeari dagokionez, ez zuen inortxo ere sartu aurreko taldean, eta Gorka Gonzalez zarauztarra izan zen talde laranjako lehenengoa, 45. postuan eta 21 segundora. Horrenbestez, etaparen bila joan beharko dute Gorosperen mutilek, aurten inauguratu barik duten palmaresari hasiera eman nahi badiote. Triste ari dira iazko Tourretik, burumakur. Eta iruditzen zait aurtengo denboraldia txarto planifikatzen ari direla, denboraldi hasierari hain kasu gutxi eginda. Badirudi gehiago ari direla Mayoren denboraldia prestatu nahian, beste ezer baino. Zergatik ez dute izan 10-12 txirrindulariko taldetxoa fin denboraldi hasierarako?

Aldiz, beste euskal taldeak, Kaikuk, bai sartu zuen txirrindulari bat aurreko taldean: Ricardo Serrano espainiarra hain zuzen ere, itzelezko erasoa jo zuena Garaten gora. Pereiro zihoan une hartan aurrean ihes eginda, baina Serranok gezi baten moduan aurreratu zuen, harrigarria izan zen. Baina badakizue: azienda ahulak zorri asko, eta Serranori katea irten zitzaion. Jaitsi barik, eskuarekin sartu zuen atzera katea, eta plater handiarekin ekin zion berriro maldari. Indartsu dagoen beste bat, antza.

Kaikuk Dioni Galparsoro ere ondo omen dauka, Oscar Guerrero zuzendariak esana baita lehenengo hamarren artean sartzeko asmoa zuela. Orain zailago izango du, 21 segundoko tartea baitago lehenengo eta bigarren taldeen artean, eta hori, hain itzuli laburrean, oso zaila da gainditzeko. Batez ere, kontuan izanda aurrean zelako jendea dagoen, eta zelako taldeekin.

Eta atzoko beste euskaldun protagonista, Iban Mayoz donostiarra, garai bateko Jose Luis Mayoz haren semea. Ia hasiera-hasieratik egon zen ihes eginda, Carlos Zarate espainiarrarekin batera. Baina jendeak Iban Mayoz entzun eta Iban Mayo pentsatzen du, eta lankide bi etorri ziren atzo galdezka eta ilusionatuta, entzun dutela Mayo ihes eginda doala. Baina ez: Mayoz zen, Mayoren izen bera duen beste txirrindularia.

Aurten ere, seguru nago Iban Mayoz Iban Mayo ibiliko garela, baina alferrik: asko harrituko nintzateke Iban Mayok noizbait Tourra irabaziko balu, eta ez txarra delako, ez: kontua da onartu beharko dugula Tourrean etapak irabaztea ere oso gauza handia dela, eta Dauphine irabaztea ere ez dagoela edonoren esku. Tourra irabazteko, berriz, ziklista ona izan behar da (Mayo bada), baina, gainera, suertea izan behar da, talde ona izan behar da (Mayok ba al du?) eta mila faktore ez-matematiko. Iaz ilusio handiegiak egin zituen jendeak, Alcobendaseko karrera irabazi zuenean. Gero beste garaipen batzuk etorriko ziren, baina jendea eta medioak Tourraren aukeraz hizketan hasi ziren Mayok Alcobendasen irabazi zuenean, eta horrela zaila da zerbait txukuna egitea. Horregatik diot Mayoz Mayo ibiliko garela aurten ere, gehiegi nire gusturako. Eta oker egon nahi nuke, baina ez dut uste Tourrik irabaziko duenik.

Denboraldi hasiera ikusgarriak

Esate baterako, Julich eta Contador ere bikain ari dira. Estatubatuarrak sekulako denboraldi hasiera izan du, Paris-Niza eta Nazioarteko Kriteriuma irabazi ditu eta. Aldiz, Alberto Contadorrek Kataluniako Setmana irabazi du, eta erakustaldi ederrak egin ditu Paris-Nizan eta Milan-San Remon, adibidez.

Gaurko etapa

Une honetatik aurrera, eliminazio lasterketa egin nahi izango dute batzuek, etsai batzuk paretik kentzeko. Izan ere, 42 txirrindulari daude denbora berarekin, eta oso izen handiak daude tartean.

Hasteko (edo jarraitzeko, hobeto esanda), gaur etapa polita daukagu: Zarautz-La Lejana, 166 kilometro.

Helmugarako 60 kilometro inguru falta direla hasiko da festa, Zugaztieta igo behar baitute. Gero, jaitsi eta gora eta behera ibiliko dira Bizkaiko mugetan, txirrindulariek "pestoso" deitzen duten bide horietako batean. Gero, Kobaron eta, azkenean, La Lejanako igoera izango dute.

Adi atzoko protagonistekin, etapa bat lortu duenak bi ere lortu nahi izaten ditu eta! Lortu ez zutenek ere ondo estututa dituzte hortzak, a zelako plantela aurtengoa...

Asel Luzarraga Bilbon

gabiria 2005/04/05 07:48

Bihar, asteazkenean, Asel Luzarraga idazleak "Karonte" eleberria (Elkar) aurkeztuko du Bilboko Zazpi Kaleetako Abante Kulturgunean.

Berarekin batera izango da Xabier Mendiguren Elizegi editorea ere, eta aurkezpenaren ostean luncha emango da.

Eguna: Apirilaren 6a, asteazkena
Ordua: 19:00
Lekua: Abante Kulturgunea (Barrenkale 12)

Zatoz eta gozatu literaturarekin (eta pintxoekin).

Martiria

gabiria 2005/04/04 09:17

Triste daude Vatikanoan. Ez hainbeste Aita Santua hil delako, ezpada ez dutelako lortu Wojtyla zuzen-zuzenean emandako erretransmisio baten erdian hiltzea.

Bestela, ez dauka zentzurik azken asteetan egin dutena. Ohituta geunden Aita Santuaren irudi gero eta eskasagoa ikusten, konkortuta eta esaten zuena ezin ulertuta, baina azken irudiak gehiegi izan dira. Morbozaleentzat ere gehiegitxo, eta Aita Santua estimu handitan ez dugunontzat ere gehiegitxo. Muga guztiak gainditu dituzte Vatikanoan, ikuskizun patetiko horrekin.

Gero ahoa beteko zaigu telezaborrarekin, eta perretxikoak bezala sortzen ari diren Anaia Handiekin. Mila Anaia Handi berri ari dira sortzen, etika guztiak muga-mugaraino eramaten dituztenak: esate baterako, horietako batean bizitza osoa jaso nahi da, The Truman Show hartan bezala: herri bat sortuko dute eta, bertan, umeak jaioko dira, eta euren bizitza egingo dute, eta haziz joango dira, eta, suerte apur batekin, azkenean hil egingo dira eta denok ikusiko dugu prozesua, geure bizitzako prozesuarekin nahikoa ez bagenu bezala. Beste saio horietako batean, berriz, hil berri den norbaiten gorputza jarri nahi dute kameren aurrean, ikusteko gorputz bat zelan usteltzen den apurka-apurka, hezur eta hauts bihurtu arte.

Esperimentu katodiko horiek txiki geratzen dira Vatikanoak eman duen ikuskizunaren ondoan. Penaz egongo dira, ez zaielako hil leihoan zegoen batean, esate baterako bihotzekoak jota eta uso zuri batek begi bat aterata. Edo meza baten erdian, ostia eztarrian trabatuta eta Aita Santua lurretik bueltaka hasita, eskuak saman. Edo, hobeto oraindik, pena handiagoa izango dute ez zaielako jausi leihotik behera, zaku zuria airean hegaz, jausten eta jausten eta, han behean zain, gurutze punta-zorrotz bat, sartuko zitzaiona bizkarretik eta irtengo tripatik. Eta, batez ere, mundu osoko kamerak eszena hura hartzen, zuzen-zuzeneko erretransmisioan. Sei mila milioi pertsona Aita Santuaren zuzeneko heriotzari begira, Anaia Handiaren gailurrik gailurrena. Erlijioaren lorpenik handiena, martiri bat begien bistan.

Eta eskerrak ez den horrela hil. Bestela, nork jasango zuen jasaten ari garena baino informazio-bonbardaketa handiagorik?

Betiko efemeride bera

gabiria 2005/04/01 08:57

Gaur, goizero bezala, irratiarekin esnatu naiz. Zain nengoen, erabakia zein izan ote zen. Entzun dut erabakia, izara artean.

Gero, efemerideen tartean, NODOko ahotsa:

"En el día de hoy, cautivo y desarmado el ejército rojo, han alcanzado las tropas nacionales sus últimos objetivos militares. La guerra ha terminado. Burgos, 1º de abril de 1939, Año de la Victoria. El Generalísimo Franco".

Historia berdin-berdina izango zatekeen hitz bakarra aldatuta ere:

"En el día de hoy, cautivo y desarmado el ejército rojo, han alcanzado las tropas nacionales sus últimos objetivos militares. La guerra ha comenzado".

Gaurko egunez, duela 66 urte.

Hirurogeita sei urte barru ez dakit irratia entzuteko moduan egongo naizen, baina esango dute zelan, duela 66 urte, 2005eko apirilaren 1ean, esnatu ginela jakinez gure soka puta hau apur bat gehiago luzatu zela.

Eta horrela beti, soka luzatzen. Gerra hau amaitzeko gogo barik.

Verdes

gabiria 2005/03/31 11:34

Lagun batek esan dit lagun batek esan diola bihar itxiko dutela Verdes liburu-denda.

Banekien laster zirela ixtekoak, baina albistea egun biko aurrerapenarekin heldu zait. Egun biko arnasestuarekin, hobeto esanda: Verdesen aurretik pasatu eta sartu ez garen aldi guztiak errekuperatzeko denbora laburregia da egun bi.

Gustuko nuen Verdes. Txiki-txikitatik ezagutzen dut, beti hor, beti presente. Zazpi Kaleetara joan eta hantxe zegoen. Kostatu egiten zitzaidan Zazpi Kaleetan orientatzea, baina zapatak erostera joaten ginen bakoitzean banekien zapata-dendaren ondoan letra handiko kartel hura, VERDES hura zegoela. Ez nekien non, ze kaletan zegoen, baina zapatak erostera joatea zen jakitea Verdes liburu-dendaren paretik pasatuko ginela. Eta sartu ere egingo ginela, eta zerbait erosi. Eta hori gauza handia zen.

Duela gutxi, beste lagun batek Verdesen propagandako papeltxo bat eman zidan, ximurtua eta berdea, uste dut 1977koa edo. Etxean daukat, gordeta.

Liburu-denda historikoa da Verdes. Uste dut Atxagak sarritan aipatzen duela Arestiri buruz ari denean, zelan bera Bilbon egon zenean Aresti ezagutu zuen, eta zelan Arestik idaztera animatu zuen eta zelan esan zion idazle ona izango zela. Buruz ari naiz, baina eskua jarriko nuke hori dena Verdesen inguruan izan zela. Ea norbaitek detaile gehiagorekin esan dezakeen.

Euskararen Corpusean "Verdes" hitza sartuta ere, hortxe dago, Xabier Gereñoren "Euskal espioiak nazien aurka" 1988ko liburuan:
-Tere Verdes-ekin hitz egingo dut.
-Tere Verdes?
-Bai, Verdes liburudendakoa. Agian hark lagunduko zaitu...

Mila istorio eta mila historia Verdes liburu-dendaren inguruan. Istorio pertsonalak, inora ez doazenak, inori ardura ez zaizkionak. Historia, berriz, euskal literaturaren historia, gure historia.

Orain itxi egingo dute. Bertan beste dendaren bat jarriko dute, pentsatzen dut. Eta gero, denborarekin, ahaztu egingo zaigu han liburu-denda bat zegoela, han liburuak saltzen zirela. Eta saltzen zirela, gainera, euskaraz eta tratu atseginarekin. Ahaztu egingo zaigu.

Horregatik, nik azken agurra egingo diot bihar. Goizean joango naiz, eta argazki kamera eramango dut. Hiltzera doazenekin egiten den bezala, azkenekoz bisitatuko dut eta saiatuko naiz oroimenean betiko mantentzen liburu-denda horren irudia.

Bere partez moda-denda bat jartzen dutenean ere, soinekoen artean liburuen usaina hartzeko.

Belostikale (eta II)

gabiria 2005/03/30 08:25

Ez neukan ahaztuta, baina, badaezpadan, Patxik gogorarazi zidan Belostikalen bideoklub bat ere badagoela, beste gauza askoren artean. Sarritan joaten naiz, aukera dudan guztietan, nobedade bila edo, beste barik, antzinagoko pelikulen karatulekin gozatzera, ikusitako pelikulek utzi zidaten zapore ona gogoratzera edo izenburuekin bakarrik zeri buruzkoak diren imajinatzera.

Literaturarekin gertatzen ez den zerbaiten falta izaten dut askotan zinemarekin: literaturan, klasikoak irakurtzea (edo erostea) edonoren esku dagoen zerbait den bezala, zineman nobedadeetara mugatzen da begien aurrean jartzen zaiguna. Logikoa, beste alde batetik, kontuan izanda zine-aretoetan pelikulak proiektatzea kontu garestia dela, eta, beraz, irabaziei begira, ulertzekoa da aretoek nobedadeen alde egitea, arriskatu barik, bestela ere nahiko balantzan ibiltzen dira-eta sokan. Beraz, pelikula berberak jartzen dira ikusgai han eta hemen, berdin dio nora zoazen: gehienez ere, dozena bat pelikulak osatzen dute zine-aretoetan eskaintzen denaren ehunekorik handiena. Zenbat baina? Kalkulu askorik egin barik, esango nuke karteldegiaren %80 hamar bat pelikularen esku dagoela. Zinemaren historiarekin interesatuta daudenek zail dute, beraz. Edo unibertsitateko zinematekan kontsultatu behar dute, edo zine-klubetara jo behar dute, edo pelikula klasikoak internetetik erosi edo jaitsi behar dituzte, edo telebistako desorduetan noiz emango dituzten zain egon behar dute.

Beti, bizitza osoan, inbidiaz ikusi izan ditut Woody Allenen pelikulak, zeintzuetan Allen zine-aretoetara joaten baita eta, gela hutsean, klasiko bat jartzen baitute, zuri eta beltz. Beti sinistu nahi izan dut hori egia dela: Estatu Batuetan edo beste edonon, urrun edonola ere, badaudela aukera hori ematen duten zinemak. Orain zalantzan nago. Gaztetan, telebistan ematen zituzten bakeroen koloretako pelikulei kolorea kentzen nien, zuri-beltzean baino ez nituelako sinisten. Orain ere antzeko zerbait egiten jarraitu beharko dut, edo, bestela, beti geratuko zait Belostikaleko bideokluba, bere pelikula europar, asiar, latinoamerikar, independente eta klasikoekin. Oasi bat, merkatu uniformearen erdian.

Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.