Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Lagun batek esan dit lagun batek esan diola / Euskaltel eta UCI Pro Tour

Euskaltel eta UCI Pro Tour

gabiria 2005/04/08 09:06

Euskaltel ez dabil. Ez ondo ez txarto. Txarto dabilela esatea ere asko da, ze, behintzat, txarto ibilita ere, ibili egingo litzateke. Eta ez dabil.

Horren arrazoiak hamaika izan daitezke, eta atzo Migel Madariaga managerrak egin zituen deklarazioek oso argi utzi zuten zerbaitek txarto usaintzen duela Derioko taldean. Ustel hatsa dago, giroa ez da ona talde barruan, igarri egiten da.

Zer esan zuen atzo Madariagak, halako iskanbila sortzeko?

  1. Uste dut planifikazioan egon dela akatsa.
  2. UCI Pro Tourrari beldurrez ekin diogu, eta oraindik ez diogu erritmoa hartu. 3. Oso karrerista onak ditugu, baina hemen bakarrik dira karrerista onak, gure artean. Batzuk taldearen filosofiagatik daude hemen, baina beste talde batzuetan ez lirateke korritzen egongo edo ez lirateke profesionaletara pasatuko. Dugun egurrarekin egin behar dugu lan, eta dugun egurra ez da UCI Pro Tourrerako behar dena.
  3. Ez daukagu plantillarik UCI Pro Tourrerako.
  4. Txirrindulari bakoitzak bere egutegia aukeratu du, eta hori da egin dugun akatsetako bat. Horrela egin genuen, Julian (Gorospe) horrelakoa delako.
  5. Txirrindulari asko, ez denak, eroso-eroso daude, badakitelako beste inon ez dutela kobratuko hemen bezala.
  6. Talde honen betiko jarrera ausarta desagertu egin da.

Gauza larri asko daude hor. Larriegiak, publikoki esateko. Gauza horiek barruan konpondu behar dira, inondik ere ez trapu zaharrak jendaurrean jarrita. Baina hitz horiek argi uzten dutena da oso giro txarra dagoela, eta nonbaitetik egingo duela eztanda Euskaltelek, jadanik egin ez badu. Hala ere, hauek denak iaztik datozen kontuak dira, ez dira berriak. Tourreko hondamendiaren ostean (ez denboraldiaren hondamendia, denboraldia ona izan zen eta), gauzak ez ziren konpondu, eta ondorioak orain heldu dira, txirrindularitza nabarmen aldatu den urtean.

Eta horretara noa. Esan bezala, arrazoiak mila izango dira, baina nik denboraldi honi buruz eta denboraldiaren aurrean izan beharko litzatekeen planteamenduari buruz egin nahi dut berba, argi dagoelako Euskaltelek ez diola behar bezala ekin.

Kontua da iaztik hona txirrindularitzak UCI Pro Tour izeneko aldaketa bat izan duela. Aldaketa handia, ez diena bakarrik eragiten karreren antolatzaileei: txirrindularitza taldeengan ere eragin handia izan du eta izango du. Tartean, Euskaltelengan. Tira, Euskaltelengan eragina izan beharko luke, ze oraindik ez du izan.

UCI Pro Tour denboraldi osoa hartzen duen liga bat da, martxotik urrira arte doana. Liga horretan, 20 talde ari dira parte hartzen, munduko 20 onenak omen direnak. Tartean, asko kostatuta, Euskaltel. Beste talde on asko geratu dira kanpoan, esate baterako Comunitat Valenciana, lehen Kelme zena.

Oraindik ez dago oso ondo zehaztuta zer demontre den Pro Tour kontu hori, baina, momentuz, munduko karrerarik onenek osatutako liga bat da. Karrera bakoitzak puntu batzuk ematen ditu, gehiago edo gutxiago, mailaren arabera. Beraz, denboraldi osoa kontuan hartuta, txirrindularirik onenen zerrenda modu horretan erabakiko da, eta ez orain arteko UCIren zerrendarekin (azken horrek puntuatzeko sistema alu samarra zuen, egia esan). Gainera, talderik onenen zerrenda ere osatuko da, beti ere aipatutako 20 talde horien arteko lehiaren arabera.

Beste alde batetik, UCI Pro Tourren sartzeko, taldeei lizentzia bana ematen zaie, taldeek ederto ordainduta. Lizentzia horiek 4 urtekoak dira, hau da: Euskaltel eta gainontzeko 19 taldeak 4 urtez egongo dira liga honetan, eta 4 urte horietan ez dute kategoria galduko. Hala ere, eta detaile hauek zehazteke dauden arren, 4 urte horien ostean talde batzuk kategoriaz jaitsiko dira eta beste batzuk igo, futbolean moduan. Beraz, gerta daiteke 4 urte barru Euskaltel (adibidez) mailaz jaistea eta Comunitat Valenciana Pro Tourrera igotzea.

Beraz, UCI Pro Tourren dauden taldeek 4 urtez hor egoteko eskubidea dute. Aldiz, betebehar bat ere badute: ligako karrera guzti-guztietan parte hartu behar dute. Hori ez da batere gauza samurra, eta denboraldi amaieran igarriko da, nekeak eta komeriak datozenean. Esate baterako, aste honetan bertan, Euskaltel eta gainontzeko 19ak Euskal Herriko Itzulian egon dira, baina, gainera, asteazkenean Belgikan ere egon ziren, Gante-Wevelgem korritzen.

Horrek zer esan nahi du? Bada, txirrindularitza gauza bat izan dela iaz arte, eta beste bat aurtendik aurrera. Iaz arte, karrerak korritzen ziren irabazteko edo beste karrera handiagoren bat prestatzeko, eta denboraldia ere horrela planifikatzen zen.

Iaz arte, taldeek pare bat lider handi zituzten normalean, eta egutegian karrera sortatxo bat gorriz markatuta. Gainontzeko karreretan ere egiten zen irabazteko ahalegina, zelan ez, baina beti ere gorriz markatutakoei begira. Horrela, Euskaltelek Mayo eta Zubeldia zituen, eta Tourrerako prestatzen zituen batez ere. Tartean, bazeuden karrera interesgarriak (Euskal Herriko Itzulia, Euskal Bizikleta, Asturiasko Itzulia, Dauphine Libere...), eta horietan ere topera ibiltzen ziren, jakina. Gainontzeko karreretan zerbait lortuz gero, primeran; baina helburua beste bat zen.

Orain, berriz, planteamendua aldatu egin da talde gehienetan. Euskaltelen ez, Euskaltelen oraindik lehen bezala pentsatzen jarraitzen dute, baina egunen batean konturatuko dira UCI Pro Tourren daudela, munduko 20 talderik onenen artean, eta maila hori eman behar dutela. Bada, orain, talde bakoitzak pare bat lider baino gehiago ditu, eta badakitenez karrera guztietan parte hartu behar dutela, egutegia banatu egin dute:

Lehen ziklisten arabera erabakitzen zen taldea ze karreratan ibiliko zen fuerte; orain karreren arabera erabakitzen da ze ziklista fuerte eraman.

Hori da UCI Pro Tourrek ekarri duen aldaketetako bat. Orduan, denboraldiaren prestakuntza indibidualizatua egiten da txirrindulari-sorta bakoitzarentzat, eta egiten da, esate baterako (kontuan izanda ez naizela prestatzaile fisikoa):

  • Udaberrirako (EH Itzulia, Klasikoak, Giroa...): udaberrian forman egongo diren dozenatxo bat ziklista, eta beste dozena erdi ez direnak hain fin ibiliko.
  • Udarako (Tourra batez ere): udaberrian hain fuerte ibili ez diren horiek (baina orain jada forman daudenak), gehi forma hartzen ari diren beste batzuk (Tourrerako prest egongo direnak).
  • Udazkenerako (Vuelta batez ere): udan forma hartu dutenak eta, udaberriko martxatik errekuperatu ostean, fresko dauden beste batzuk.

Horrelako zerbait. Badakit nire adibide hau ez igual dela lar zuzena, ez zehatza, ez zientifikoa. Horretarako daude profesionalak. Nik dakidan gauza bakarra da gainontzeko taldeek horrela egin dutela, eta Euskaltelek ez. Madariagak berak aitortuta: "Txirrindulari bakoitzak bere egutegia aukeratu du". Baina zelan egin daiteke horrelako astakeriarik! Kadeteak gara ala?

Mayok-eta bai, horiek aukeratu beharko dute euren egutegia, liderrak dira eta. Baina besteek? Argi dago zer den gertatu dena. Euskaltelen ez da planifikaziorik egon. Ez dira karrerista bakoitzaren ezaugarriak aztertu eta, horren arabera, esan: zu Tourrera, zu Girora, zu Vueltara eta zu Paris-Roubaixera.

Prestatzaileak ez dira konturatu karrera guztietan egon beharra dagoela. Eta, gainera, lehiatzeko moduan egongo den ziklistaren bat behar da karrera gehienetarako (guztietarako esatea asko izango litzateke). Eta hori posible da. Eta gezurra da Madariagak dioena Euskaltelek ez daukala UCI Pro Tourrerako moduko talderik. Badu taldea. Euskaltelek ez daukana da ilusiorik, ez behintzat duela 2-3 urtekorik. Hara: Pro Tourreko taldeek korredore kopuru minimo bat izan behar du, eta gehienezko kopuru bat. Gehienez, uste dut 28 direla. Oso oker ez banago, Euskaltelek 26 ditu. Kopuru polita da denboraldi osoari eusteko. Kontua da 26 horietatik 6 edo 7 direla zerbait irabazteko modukoak, karreraren batean lehiatzeko modukoak (Mayo, Zubeldia, Samuel Sanchez, Aitor Gonzalez, Egoi Martinez, Unai Etxebarria...). Baina kopuru hori ondo dago, eta plantilla badago, txirrindulari saiatu eta sufrituekin, "aguadore" on askorekin. Behar dutena da plangintza hobea. Esate baterako, Euskal Herriko Itzulirako Egoi Martinez omen zen ondo zegoena. Gero jausi egin zen, eta hori ez da Euskaltelen errua. Kontua da bera zela liderra, baina ez: ez zegoen ondo. Ondo daude Osa, Valverde, Di Luca, Cunego... Planifikazio kontua da. Egoi Martinezi abenduan esan izango baliote "hauxe da zure denboraldia: udaberria eta udazkena", prestaketa beste modu batekoa izango litzateke. Eta Gante-Wevelgemekin zer?, galdetuko du norbaitek. Egia da: Gante-Wevelgem moduko karrerak derrigorrez egin beharra enbajada hutsa da. Tira, ba orduan karrera horretara eraman udaberrian ondo egongo den bat, bakarra, eta beste zortzi udarako ari direnak prestatzen, eta joan daitezela errodajea egitera soilik. Ezin da hain konplikatua izan!

Denboraldi osoa bete daiteke horrela. Ezin dena da zure itzulian, dena erakutsi behar duzun itzulian, arrastaka ibili, ihesaldietan sartu ezinik eta Garate moduko mendateetan heste meharra ahotik botatzeko puntuan. Eta egoera hau konpontzeko modu bakarra zein den argi dago: garaipenak. Kontua da orain, bi hilabete pasatu ostean eta etxean barregarri geratu ostean, zaleak (arrazoiarekin edo ez) eskatuko duena da garaipen horiek Giroan eta Tourrean izatea. Eta hori bai izango dela zaila. Eta presioa handiagoa. Kazetariak ere ez dira isilik egongo. Eta zer gertatuko da Tourrean berriro egiten badute laban?

Madariagak esandako beste gauza bat, berriz, onartezina iruditzen zait talde profesional bateko manager nagusiaren ahotan: "beste talde batzuetan ez lirateke korritzen egongo edo ez lirateke profesionaletara pasatuko". Eta hori txirrindularien errua al da ba? Nork pasatu ditu profesionaletara? Nor ari da gastatzen aurrekontua, ustez balio ez duten txirrindulariak profesionaletara pasatzen? Eta benetan ez badute balio UCI Pro Tourrerako, zergatik pasatzen dituzte? Eta Madariagak baldin bazekien ez zeukala talde onik liga honetarako, zergatik jarri zuen hainbesteko interesa taldea UCI Pro Tourrean sartzeko?

Azken-azkenik, datu txiki bat: Euskal Herriko Itzulia hasi baino lehen, Pro Tourreko 20 taldeen sailkapenean, Euskaltel azkenaurreko postuan zihoan. Azkena Illes Balears zen. Illes Balearsek dagoeneko lortu ditu etapa bi eta lidergoa hiru egunez. Beraz, Itzulia amaitzerakoan, Illes Balearsek salto handia emango du aurrera, eta badakigu nor izango den azkena, lehoiaren buztana.

etiketak: Ziklismoa
Aritza
Aritza dio:
2005/04/08 19:35

Sakon aztertu duzu Euskaltelen inguruko afera; egia da, kanpotik begituta, zerbait ondo ez dabilena. Neuk ere prentsatzen dut denboraldiaren hasiera ona ez dela izan, baina hasiera baino ez dela kontuan hartu behar da. Orain arte egindakotik hainbat ondorio atera ditzakegu baina denboraldia luzea da. Arrazoia duzu, Julen, garaipenak laster heltzen ez badira, Itzuli Handietara presiopean joango direla. Hori berez ez da txarra, ezin duzu Tourra edo Giroa irabazi ez badakizu presioari eusten edo ez bazara kapaza presioari eusteko, baina UCI hasi denetik bi hilabete soilik pasatu direnean horrelako ahoberokeriak esatea lartsu begitantzen zait. Denboraldiaren hasiera makala izan da, bai, baina UCI lau urtekoa da. Madariaga kexu zen iazko Torrean ikusitako zenbait portaerekin (irainak, isekak,...); gero eta futbolaren antza handiagoa hartzen zion egungo txirrindularitzari eta "hori txarra zen"... Bada, zer esatea gura duzu, horrelakoak esateak apirilak 10 ukan baino lehen... ez dakit nik zeren antza daukan. Nik uste dut aurrera egingo dutela. Dena den, Julen, bat nator zugaz UCIrako taldea eduki badaukala esaten duzunean (nik beste izen batzuk gehituko nituzke: Landaluze, Camaño, Flores,...). Ikusiko dugu.

mikel
mikel dio:
2005/04/08 21:52

Bartaliren liburuan bezala, hor goitik itxasoa ikusi duk, Julen. Diagnostiko bikaina, alajaina. Euskaltel bi bidetatik finanziatzen dugunez -bezero eta zergapeko moduan-, okurritzen zait hauteskunde kanpaina bultzatu behar genukeela, arduradunak denon artean hautatzeko. Kasu horretan, eta goikoa irakurrita, nire botua garbi daukat: Julianen tokian, Julen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.