Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia

Martiria

gabiria 2005/04/04 09:17

Triste daude Vatikanoan. Ez hainbeste Aita Santua hil delako, ezpada ez dutelako lortu Wojtyla zuzen-zuzenean emandako erretransmisio baten erdian hiltzea.

Bestela, ez dauka zentzurik azken asteetan egin dutena. Ohituta geunden Aita Santuaren irudi gero eta eskasagoa ikusten, konkortuta eta esaten zuena ezin ulertuta, baina azken irudiak gehiegi izan dira. Morbozaleentzat ere gehiegitxo, eta Aita Santua estimu handitan ez dugunontzat ere gehiegitxo. Muga guztiak gainditu dituzte Vatikanoan, ikuskizun patetiko horrekin.

Gero ahoa beteko zaigu telezaborrarekin, eta perretxikoak bezala sortzen ari diren Anaia Handiekin. Mila Anaia Handi berri ari dira sortzen, etika guztiak muga-mugaraino eramaten dituztenak: esate baterako, horietako batean bizitza osoa jaso nahi da, The Truman Show hartan bezala: herri bat sortuko dute eta, bertan, umeak jaioko dira, eta euren bizitza egingo dute, eta haziz joango dira, eta, suerte apur batekin, azkenean hil egingo dira eta denok ikusiko dugu prozesua, geure bizitzako prozesuarekin nahikoa ez bagenu bezala. Beste saio horietako batean, berriz, hil berri den norbaiten gorputza jarri nahi dute kameren aurrean, ikusteko gorputz bat zelan usteltzen den apurka-apurka, hezur eta hauts bihurtu arte.

Esperimentu katodiko horiek txiki geratzen dira Vatikanoak eman duen ikuskizunaren ondoan. Penaz egongo dira, ez zaielako hil leihoan zegoen batean, esate baterako bihotzekoak jota eta uso zuri batek begi bat aterata. Edo meza baten erdian, ostia eztarrian trabatuta eta Aita Santua lurretik bueltaka hasita, eskuak saman. Edo, hobeto oraindik, pena handiagoa izango dute ez zaielako jausi leihotik behera, zaku zuria airean hegaz, jausten eta jausten eta, han behean zain, gurutze punta-zorrotz bat, sartuko zitzaiona bizkarretik eta irtengo tripatik. Eta, batez ere, mundu osoko kamerak eszena hura hartzen, zuzen-zuzeneko erretransmisioan. Sei mila milioi pertsona Aita Santuaren zuzeneko heriotzari begira, Anaia Handiaren gailurrik gailurrena. Erlijioaren lorpenik handiena, martiri bat begien bistan.

Eta eskerrak ez den horrela hil. Bestela, nork jasango zuen jasaten ari garena baino informazio-bonbardaketa handiagorik?

etiketak: Hara-honakoak
Jozulin
Jozulin dio:
2005/04/05 15:25

Kar, kar, kar! Oso ona, Julen. eitb24.com-en irakurri nuen Jon Pol hil bezperan: "CNN kateak jakinarazi duenez, azken igurtzia eman diote Aita Santuari." Azken igurtzia, ze guay!

iigo
iigo dio:
2005/04/04 16:36

Goizean Krakoviako alkateari entzun diot irratian, Aita Santuaren gorpua ez bazen, bihotza, behintzat, Krakovian ehorzteko. Kristoren gurutzeko zozpalak!

XXI. mendean eta oraindino sineskeria horietan dabil jendea. Polonian heroi nazionala da Wojtyla, eta katolizismoa, Poloniako herriaren bereizgarria, errusiar eta eslaviar ortodoxoen eta eskandinaviar protestanteen aurrean.

Showmana genuen Wojtyla, eta orain haren gorpua, domekako martiniarekin batera ikusteko; martiri martinia, atzo 12:00etan telebista guztietan. Jainko laztana!

Erlijioa hain arriskutsua ez balitz, barre egingo nieke santu-jalei... Biba humanismo sozialista! Kanpora sineskeriak!

Eskerrik asko Julen, gu exortizatzeagatik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Julen Gabiria

Ostiralez jaio nintzen, neguan eta arratsaldean, Estokolmo Sindromea lehenengoz agertu zen urtean. Geroztik, neguko ostiral arratsaldeen beharra izaten dut, batez ere udaberriko astelehen goizetan.