Aukeratuen taldea murrizten ari da
Nahia eta ezina, hori izaten da, sarritan, txirrindularitzaren ezaugarrietako bat. Atzo, nahi, Aitor Osak nahi zuen. Ahal ere, ahal zuen. Indarrez topera dago itziartarra, baina bera baino azeriago ibili zen David Moncoutie frantziarra. Duela bost urte helmuga berean Di Lucarekin gertatu zitzaion bezala, oraingoan Cofidis taldeko ziklistarekin gertatu zitzaion. Anekdota zaleak ere bagarenez, esan dezagun Moncoutie hau dela iazko Tourrean Egoi Martinezi azken pedal-kolpean Figeaceko etapa kendu ziona. Baina hori baino zertxobait gehiago ere bada: Osaren antzera, txirrindulari saiatua, indartsua eta zenbait etapa ere badituena bere palmaresean. Tartean, Tourreko hura eta Dauphineko beste bat. Igotzailea, atzo ondo ikusi zenez, eta erlojupekoan ere ez dena albo batean uztekoa.
Polita izan zen atzoko etapa ere. Hasieratik, hiru ziklistak egin zuten ihes: Jon Bru beratarrak, Andoni Aranaga azpeitiarrak eta Bingen Fernandez bermeotarrak. Kaiku bi eta Cofidis bat. Bistan denez, bai Kaikuk eta bai Cofidisek hasieratik zuten agendan etapa hau apuntatuta, gero Kaikuko Ricardo Serranok ere ahalegina egingo baitzuen Zugaztietan gora, eta Cofidiseko Moncoutiek zer esanik ez. Gero, bizikleta gainean estilo ederra darabilen Bru bakarrik geratu zen buruan, baina laster harrapatu zuen tropelak.
Kaiku taldearen ahalegina benetan eskertzekoa ari da izaten. Herenegun Ricardo Serranoren erakustaldia ikusi bagenuen Garaten gora, atzo Zugaztietan gora saiatu zen, indartsu berriz ere. Bru eta Aranagaren ahalegina ere polita izan zen, eta, gutxienez, tropeleko maillotik ikusgarriena (koloreagatik diot, ez politena delako) ondo agertu zen behin eta berriro. Aranaga da, hain zuzen ere, sortu berria den talde honen garaipen bakarra duen txirrindularia, Valentziako Itzulian lortutakoa.
Ahalegina eskertzekoa dela diot, ze, karrerari mugimendua eta bizitasuna emateaz gain, kaikutarrak Espainiako Vueltako gonbidapen-txartelik gabe daude, eta horren bila ari dira. UCI Pro-Tourren kontuetako bat da hori: sailkapen horretan sartuta ez dauden talde (eta lasterketa) txikiek bereak eta bi egin behar dituztela duintasunez iraun ahal izateko. Eta, azken batean, Kaiku moduko talde baten aspirazioak Espainiako Vueltan parte hartzeraino heltzen dira, ez gehiago. Vueltan ez sartzea, berriz, pena izango litzateke: denok dakigu esponsor batek ze erabaki har dezakeen bere taldea ez bada Espainiako erakusleihorik handienean (behintzat luzeenean) sartzen.
Azken igoera bizia
Oso karrera arina izan zen: batez beste, orduko 42 kilometrotik gora egin zuten. Gogorra, beraz. Hori argi ikusi zen Zugaztietako eta, batez ere, La Lejanako azken igoeran. Ezagutzen ez duzuenontzat, Zugaztieta gaztelaniazko La Arboleda da, Trapagaran baino gorago dagoen meatzarien herrixka bat, bisitatzeko modukoa. Hara joan, eta duela mende batean gaudela ematen du. Xarma handia dauka herritxo horrek eta bere inguruak (xarma handiagoa zuen golf zelaia egin zuten arte). Baina ez gaitezen enroilatu. Kontua da, Zugaztietara heltzerakoan, ezkerretik hartuta, beste maldatxo bat dagoela, laburra, 600-700 metro ingurukoa. Baina laburretik duena gogorretik ere badu. Malda hori da La Lejana, eta hantxe zegoen helmuga.
Bada, Zugaztietako igoera hasi zenean, Rabobank taldea jarri zen tiratzen, karrera arinagoa eta, beraz, gogorragoa egiten. Rabobankek Menchov eta Boogerd ditu bere ziklisten artean, eta, duda barik, horien alde eta etsaien kontra egiteko jarri ziren indarrez tiraka. Gero ikusiko zen hori horrela zela, ze Menchov, iazko irabazlea, zazpigarren sartu zen helmugan, Moncoutierengandik 8 segundora. Boogerd ere bederatzigarren, 13 segundora.
Baina Rabobankeko beste txirrindulari batek (ezezaguna niretzat) jo zuen erasoa: Pieter Weening zen, atzo 24 urte bete zituen gaztea. Eta, isil-isilka, herenegun ere, Zarauzko helmugan, 42 aukeratuen artean sartu zena!
Weeningen atzetik, gero, Ricardo Serrano irten zen, lehenxeago salto egin zuen Heras atzean utzita. Atzokoan ez zitzaion katerik irten, baina arerio gogorrak topatu zituen. Izan ere, laster agertuko ziren Osa eta Moncoutie, minutu batzuk geroago La Lejanan egingo zuten buruz burukorako prest.
Weening bera izan zen La Lejanako magalera heldu zen lehenengoa. Heldu eta bertan geratu, hala ere: ziurrenik, Weeningek ez zuen espero halako maldarik topatzea, eta Rabobankekoa lurrean iltzatuta bezala geratu zen, aurrera egin ezinda eta balantzaka. La Lejanako bidea ze estua den kontuan izanda, arriskutsu samarrak ere izan ziren Weeningen balantzak, ze txirrindulari batzuk, unetxo batez, hura aurreratu ezinda geratu ziren.
Eskaintza gosez
Orduan, Aitor Osak jo zuen kolpea, eta atzetik David Moncoutie irten zen. Biak bakarrik geratu ziren, duela bost urte bezala, baina atzerritarra aldatuta: orduan Di Luca italiarra, orain Moncoutie frantziarra. Osaren buruan, gogo bakarra: berriro bigarren ez geratzea. Irabazi nahi zuen, garaipena Jokin Ormaetxea zenari eskaintzeko.
Jokin Ormaetxea txirrindulari azkoitiarra (Paternina) negu honetan hil da, Txitxarroko denboraldi-amaierako jaiaren ostean, etxerako bidean kotxearekin istripua izan zuenean. Osa anaiak Itziarkoak direnez, Txitxarro ondokoak beraz, Ormaetxeari eta Joseba Albizuri esan zieten euren etxean geratzeko lotan, baina azkenean kotxea hartu zuten. Gero, istripua.
Atzo, garaipena Ormaetxeari eman nahi zion. Hori zeukan buruan. Hori ez zen guztia porrota zen. Egun batzuk lehenago, Aitor Osak esan zuen Valverderi laguntzeko zegoela Itzuli honetan, baina bazeukan beste asmo bat ere, kiroletik harago zihoana eta gizatasuneraino heltzen zena. Garaipena lortzea baino, atzo, Osaren nahia garaipen hori eskaintzea zen.
Ez zuen lortu. Hasieran Moncoutie Osaren aurretik joan bazen ere, Osak aurrea hartu zion eta frantziarrak, azti, itziartarraren gurpilari eutsi zion, lasaiago. Azken metroetan, beraz, Moncoutiek aski izan zuen pedal-kolpe gutxi batzuk ematea, gipuzkoarrari garaipena kentzeko. Osa lider jarri zen, baina garaipenak berriro egin zion ihes, duela bost urte bezala.
Gero, Osak deklarazioak egin zituen ETBn. Belarrientzako gozatua da hari euskaraz entzutea, gazteleraz entzutea zigorra den bezala. Triste zegoen, ezin izan ziolako garaipena eskaini Ormaetxeari. Telebistako esatariak gogorarazi zion lider jarri zela, eta Osak argi esan zuen: "bai, baina lider jartzea... Hemen irabazteak baino ez du balio. Tira, gutxienez Ormaetxeari mallo bat emateko gauza izango naiz".
Lider jarri da, beraz. Atzo esan genuen Osak merezi zuela zerbait lortzea karrera honetan. Orain, kontua da gai izango ote den maillot horiari eusten. Eta erantzuna ezezkoa dela dirudi, kontuan izanda azken etapako erlojuaren kontrakoan Aitor ez dela hain ondo moldatuko. Gainera, sailkapenari begiratuta, hortxe daude Di Luca 2 segundora, Halgand 2 segundora, Rebellin 2 segundora eta Cunego 5 segundora, lehenengoak baino ez aipatzearren. Hala ere, Osaren alde, esan beharko da Valverde 20 segundora duela eta, beraz, orain Osa izan daitekeela Illes Balears taldeko liderra, Eusebio Unzue zuzendariak nahi badu. Zail, oso zail izango du, hori bai.
Izan ere, Valverde eta 20 segundora dauden beste txirrindulari ugari gai dira erlojuaren kontrakoan diferentzia hori jateko, eta akaso biharko etapan edo ostiraleko goizekoan ere saiatuko dira segundoak kentzen. Hain zuzen ere, Valverdez gain, Julich ere 20 segundora dago, eta Pereiro, Beltran, Rogers... Apur bat hurbilago, berriz, Contador, Frigo...
Etsai asko kanpoan geratu dira, baina oraindik badaude oilar batzuk ozen kantatzeko prest.
Euskaltelen showa
Euskalteli dagokionez, helmugara heltzen lehenengoa Haimar Zubeldia izan zen, 40 segundora... Sailkapen nagusian ere, Zubeldia bera da mugikorren taldeko lehenengoa ("mugikorren taldea" diot esponsorragatik, ez txirrindulariak asko mugitzen direlako), eta minutu batera dago!
Euskaldunei dagokienez, Osaz gain, ezin ahaztu David Etxebarria. Ondo dago, eta talde aldaketak (Euskalteletik Libertyra) on egin diola dirudi: hamaseigarren dago sailkapen nagusian, Osarengandik 20 segundora.
Bestetik, Euskaltelek ez dauka suerterik: Egoi Martinez, aurrean egon behar zuenetako bat, etxera joan behar izan da, atzo Crédit Agrícole taldeko ziklista batek botatako janari-poltsarekin trabatu eta lurrera jausterakoan. Hasieran klabikula apurtuta-edo izango zuela esan zen, baina, antza, kolpea baino ez zen izan.
Gaurko etapa
Gaur, txirrindulariak Ortuellatik Gasteizera joango dira. Etapak ez luke inongo sorpresarik eman behar, eta, ondo bidean, sprinta izango dugu talde handian eta, asko jota, bi edo hiru txirrindulariren ihesalditxoa aurretik.
Tartean, Barrerilla eta Zaldiaran igo beharko dute, azken hori birritan. Zaldiarango azken igoera helmugatik 10 bat kilometrora dago.
joe gabiri, gustora ari haiz ziklismoaz eh?
hitzak bata bestian atzetiketortzen zaizkik... garai bateko kronikaria dirudik, ziklismoa eta epika uiztartu nahian
baneukaan pena pixkat itzulia ezin jarraiu ahal izateagatik, baina hire etapa laburpenekin oraindik gehiago, etapa bakoitzak ikaragarria zirudik