Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Irteera: Askatasuna

Leire Narbaiza 2020/05/08 12:15
2019ko maiatzaren 10an "Hitzez eta ahotsez" irakurketa publikorako egindako eta irakurritako testua
Irteera: Askatasuna

2019ko kartela

Durangora trenez iritsi, eta geltokian bertan Askatasuna markatzen du, gezi eta guzti. Panelari jaramon eginda, jakin ote liteke norantz jo behar den libertatea lortzeko? Libertate egarri hau bertan ase genezake? Izan ere, gure gaitz guztien sendagarria dirudi. Denerako behar dugu askatasuna. Zerbaitengatik izango da kantu eta poemetan berba erabilienetako bat, maitasunaren ostean.

Txikitan ia ahopeka erabiltzen genuen hitza, sekretua balitz bezala. Hazitakoan lortu genuelakoan geunden. Giroa ere halakoa zen, eta orduko olerki eta abestiek etengabe errepikatzen zuten berba:

Zer eskatzen du Herriak? Askatasuna! Libertad, libertad, sin ira libertad. Libre, libre quiero ser, quiero ser, quiero ser, quiero ser libre. Escribo tu nombre, en las paredes de mi ciudad. Tu nombre verdadero, Tu nombre y otros nombres, Que no nombro por temor. Yo te nombro Libertad. Oh freedom (freedom), freedom (freedom), freedom, yeah freedom. Para la libertad sangro, lucho, pervivo, para la libertad. Y a su barco le llamó libertad.. (a, hau ez!) Libre, izateko haiz jaioa, Mari ez zara izango niretzat.

Xoriñoak kaiolan

tristerik du kantatzen,

dualarikan zer jan,

zer edan,

kanpoa du desiratzen,

zeren zeren libertatea zeinen eder den.

Zeren libertatea zeinen eder den! Antzinako kanta herrikoiak ederto birbiltzen du desioa. Baina zer da askatasuna? Horra galdera! Libertatea ala libertinajea da? Non amaitzen da nire askatasuna? Besteena hasten den lekuan? Sasoi bateko esaldi absurdoak, erregimen totalitarioak zabaldutakoak, eta menpekoek pentsatu barik onartuak. Una, grande y libre. Liberté, egalité, fraternité. Estutzen gaituzten estatuek esaldi horiek erabili dituzte goiburu, beti askatasuna ahotan, beti gezurretan. Horrela, berba esanahiz hustu dute, eta iragarkietako eslogan baten gero eta antz handiagoa du.

Agian, horregatik, zentzu bila segitzen dugu, askatasunaren bila, aske izan nahi dugulako. Eta batez ere emakumeok, zutik kateak hautsita bizi nahi dugulako, kalean libre izan nahi dugulako, ez ausartak. Libre bizitzan, inoren mende izan barik.

Badirudi askatasun bilaketa honetan kantu, poemek eta estatuen esanek ez digutela ezer argitu. Beraz, segituko dugu bila, baina beste nonbait, zeren Durangoko tren geltokiko panelari jarraituz gero, konturatuko gara Askatasuna kale izen hutsa baino ez dela!

Hitzez eta ahotsez-en blogean

Emozionalitatea

Leire Narbaiza 2020/05/06 22:05
Argia aldizkarian martxoaren 23an argitaratua

Iñigo está fuerte. Amatxo maitea.
Eta okerrena, arrasatuko duela. pic.twitter.com/Pkc0HqsdAh

— Xabi Otegi Amundarain (@Txapisotegi) March 7, 2020

 

Lehendakari bakarra ei den Iñigo Urkulluk bere alderdiko mitin batean bota zuen bizi ditugun aste konplikatu hauek emozionalitatea eragiten dutela arrazionalitatearen gainetik. Ostean, entzuleei zuzenduta esan zien: “Eta zuetako batzuek zeuen buruari galdetuko diozue ea nola dagoen lehendakaria. Iñigo indartsu dago”. Dena gaztelania batuan.

Tutik ez dut esango bere buruaz hirugarren pertsonan berba egiteaz, formak berak ispilu gisan erretratatzen duelako Alonsotegikoa. Emozionalitate eta arrazionalitate berbek eman zidaten atentzioa. Etxean konfinatuta gauzkan birusaren sasoi hasieran baino ez zen, baina Zaldibarkoaz ziharduen.

Argi dut edozer kudeatzeko arrazionalitatetik egin behar dela. Baina emozionalitatea ere beharrezkoa da. Sentitu, pentsatu, ekin leloa (ene, ni pailazoak erreferente hartuta!) ezinbestekoa delakoan nago. Sentitzen ez badugu ezin ezer egin.

Hor dago gakoa, Iñigo fuerte dagoela, baina ez duela zabortegiko hondamendia sentitu. Kudeatzeko modu negargarriaren ezpaletako bat. Beste baterako lagako dugu esaldiari darion usain misoginoa. Bitartean:

#ZaldibarArgitu.

Argian

Bentanak

Leire Narbaiza 2020/04/24 15:35
Gipuzkoako Hitzan 2020ko apirilaren 17an argitaratua
Bentanak

Bentanak

Bentanak nahi ditut aitatu gaurkoan. Bentanak ezeren gainetik, bentana-egunak bizi ditugulako. Bat baino gehiago harrituko zen berba hori aukeratu izanaz, zatar eta erdarakada iritzita. Hala leporatu digute geuri, euskara kaskarra darabilgula “bentana” esanda. Guk, lotsatuta, men egin izan dugu. Baina liberatu garenez, aldarrikatu eta erabili beharko genukeelakoan nago. Harro. Bentana ez delako leihoa, leihoa ez delako bentana.

Bentana-egunak bizi ditugula esan berri dut. Bai, balkoiaren kontrapuntu. Nonahi aipatzen direlako balkoiak eta terrazak, baina denek ez dute pribilegio hori. Herri eta hirietan etxe barruko aterabideek markatzen dute gure estatusa konfinamenduan: goi maila, terraza; erdi maila, balkoia; eta behe maila, bentana (edo leihoa, bale, tira). Orain konturatu gara —lehen inori oharkabean pasatu bazitzaion— zein garrantzitsuak diren fatxadako zulo horiek: zenbat eta nolakoak diren, zein orientazio duten. Orain jakin dugu metro koadroko balkoia zelako arnasgunea den. Bizitza eta zeruertza, hegal baten.

Bentana

Bentana-egunak dira, ez soilik aurrerago esandakoagatik. Etxezuloan sartuta, sofatik badugu modua munduari begiratzeko: telebista. Gailu hori da etengabe zabalik dugun leihoa. Antza denez, egunotan aspaldian baino audientzia handiagoak dituzte telebista kateek, ETB 1ek izan ezik. Ia zero izan da pantaila kuota. Eta normala begitantzen zait; izan ere, erreposizioak baino ez dituzte jartzen. Hori, printzipioz, ez da txarra berriro ere jartzen diren saioak onak eta askotakoak badira. Baina aurreko asteburuan, esaterako, jarri duten bakarra izan dira antzinako kirol probak. Ostiral Santuan txirrindularitza, 2012ko Itzuliko etapa bat (2012koa!), ostean meza eta ondoren estropadak! Gauean, pilota partida. Partida hori hain zen zaharra, ezen frontoiko hormak zuriak ziren! Pasa den mendeko partida! Batzuek begi onez ikusiko dute kirol emankizun zaharrak berrematea. Kontua da euskaraz dugun kate publiko bakarrak askoz bideoteka handiagoa duela, eta era askotako saioak emititu litzakeela, ahalik eta euskaldun gehienengana iristeko. Ez da fikzioa versus kirola, ez. Jende gehien aseko duen eskaintza ematea da, ikusleak kontuan izango dituena, eta euskara helburu ere baduena. Bentana hori, ETB 1ena, gero eta itxiago, gero eta alferrik galduago; tapiatuta.

Bentana-egunak dira, telebistako pantailak ez ezik telefono, tablet eta ordenagailuetakoek sekulako garrantzia hartu dute gure artean. Lanerako, ikasteko, munduaren berri izateko. Windows egunak bataia ditzakegu apple, ubuntu edo android erabili arren. Bentana horiek ere nabarmen laga dute gure klase soziala eta estatus ekonomikoa zein den. Zenbat gailu eta nolakoak ditugun, zelako wifia, zenbat datu gasta genitzakeen, zein prestakuntza dugun teknologia hori guztiori erabiltzeko… Argi ikusi dugu telelanean gabiltzan irakasleok: egoera honek arrakala soziala handitu baino ez du egingo. Baina segi dezagun berba egiten streaming bidez ikusi beharreko serieez, ezer gertatuko ez balitz bezala, denon eskura balego lez.

Bentana-egunak dira. Ahalik eta ondoen eman ditzagun, ate-irekien egunak etorri eta gozatu arte! Zaindu zeuen burua, zaindu elkar!

Gipuzkoako Hitzan

Laixetan, garixetan: basarrixa Eibarren

Leire Narbaiza 2020/04/15 01:55
Untzetabarrenetxea ahiztak akorduan.
Laixetan, garixetan: basarrixa Eibarren

Enrike eta Asier trontzan erakusketan

Florentina Untzetabarrenetxea hil dela jakin dut. Florentina Barrenetxe baserriko alaba zen, eta bizirik geratzen bakarra. Pena handia sentitu dut ikusi dudanean eskela. Florentina eta bere bi ahizpa (laugarrena ez nuen ezagutu) ezagutu genituen "Laixetan, garixetan: Basarrixa Eibarren" erakusketa prestatzen ibili ginenean.

1997an Asier Sarasua, Enrike Gisasola Sosola, Ibon Rokandio eta laurok proiektu erraldoi baten sartu ginen, Eibarko baserrietako tresneria, hiztegia eta kontuak jasotzea. Ego-Ibarra batzordeak babestuta. 1998ko urtarrilean inauguratu genuen erakusketa erraldoia Eibarko Portaleako erakusketa-aretoan, orduan Gipuzkoako areto publikoetako bigarren handiena. Eta, hala ere, trepetxuz bete genuen! 

Orduan sasoian, herri askotan egin ziren halako erakusketak. Moda bat-edo izan zen, edo agian, ia desagertzear zegoen mundu bati oratzeko azken saioak. Ez dakit. Kontua da guk geure buruari makaleko beharra jarri geniola. Eta hasi ginen arakatzen. Makina bat baserri pasa genuen: Sosola (jakina), Sumendixa, Larrañeta, Biriñao, Sagarbitsa eta Barrenetxe. Beste batzuk ere bisitatu genituen, baina sei horiek izan ziren oinarri eta informatzaile handi eta onenak gure bilketan.

Barrenetxe zen baserri bakarra jenderik ez zuena, nahiz eta Untzetabarrenetxea ahizpak ia egunero joan. Bertan ezagutu genituen. Emakume bereziak ziren, karakter eta bizimodu aldetik. Gurekin oso ondo portatu ziren, euren etxeko joia asko jaitsi genituen Eibarrera erakusketara. Objektu guztien artean, berezienetako bat: XVIII. mendeko ohe bat, barku-ohe bat. Erakusketako pieza ikusgarrienetako bat.

Itzela izan zen egin genuen lana, eman genituen orduak, egindako bisitak. Erakusketa asko bisitatu genituen, errotak, Lasturko beste baserri bat, museo etnografikoak, San Telmo museokoek argibideak eman eta aholkatu gintuzten, baita lihoa lantzeko pieza batzuk laga ere! Ikaragarria!

Zenbat ikasi genuen! Ze aberasgarria izan zen! Zenbat historia, prozesu, berba, bizimodu ezagutu eta sakondu! Pieza batzuk benetan estimatu nituen, laiotz bat, kobrezko kaldero bat... Lihoaren prozesuarekin liluratu eta obsesionatu ere egin nintzen.

Esan nezake proiektu hau izan dela egin dudan proiektu inportanteenetako bat, zalantza barik. Intentsua izan zelako, asko disfrutatu genuelako eta asko markatu nauelako.

Eta hori guztiori Florentina bezalako pertsonei esker. Beti bihotzean eroango zaituztegu. Mila esker, Barrenetxe!

Gerrari intsumisioa

Leire Narbaiza 2020/04/12 15:15
Gipuzkoako Hitzan 2020ko apirilaren 3an argitaratuta

Ez dakit nola sortuko zen ustea, baina badabil bolo-bolo estereotipo ustel bat: sexualki gizonezkoak gustuko duten uniformedun bat ikusita zoratu egiten direla, txoratu, tontotu. Uniformeak baduela erakarmen berezia, rock izarrek oholtzaren gainean dutenaren antzekoa. Ni, ostera, uniformeek erakarri beharrean, uxatu egiten naute, kasurik onenean. Txarrenetan, beldurra eta higuina ernetzen didate.

Baina zergatik ote da batzuendako hain xarmagarria, besteendako errefusa? Gako bi eskain nitzakeelakoan nago. Batetik, euskalduna izateagatik; bestetik, gaztaroan bizi izandako giroagatik.

Lehenengoa argi dago, euskaldunoi armadek ez digutelako inoiz ezer onik ekarri. Bigarrenak gazte-denborara naroa. Nire adineko gizonezkoak izan ziren lehenengoetakoak soldadutzaren kontra egiten. Kontzientzia eragozleak hasieran, eta intsumisoak ondoren. Ez ziren lehenak, ez guztiak, gerotxoago bezala, baina orduan hasi zen masiboagoa izaten. Inguruan geneuzkan bideetako bat hartutako mutilak, zalantzan zeudenak ere bai. Talde anti-miliak sortu ziren herri guztietan, eta Euskal Herri osorako beste hainbat elkarte. Horixe zen airean zebilena. Soldadutzari ezetza esateko geldialdi, manifestazio eta jaiak egiten ziren modu koloretsu, irudimentsu eta dibertigarrian.

Orduko barre eta festa aldarrikatzaileek ez zuten bakarrik jendea erakartzen euren aldera. Informazioa ere banatzen zen, eta gizonezko gazte haien zalantzak eta noraezak eztabaida eta hausnarketa eragiten zuten inguruko guztion artean. Eta denok ere, zelanbait, intsumiso bihurtu ginen, batzuek autoinkulpazioak ere aurkeztuta. “Banqueros y militares, parásitos sociales” (bankariak eta militarrak, gizartearen bizkarroiak) esaten ikasi genuen. Beraz, uniformeen topikoak ezingo du inoiz funtzionatu gurekin.

Amama Kipuletaren kontu horiek guztioriek etorri zaizkit Espainian militarrak pandemiaren kudeaketaren buruan ikusita. Medailaz eta kondekorazioz betetako papar horiek begi bistan izan ditudanean, ileak laztu zaizkit. Hizkera belikoa entzun diedanean, belarriak odola dariola. Eta okerrena da nornahi kutsatu dela guda-hiztegi horrekin. Gerran omen gaude, baina ez nago konforme: ez da gerra bat, gaixotasuna ez da etsaia, ni ez naiz soldadua, eta osasungintzakoak ere ez dira heroiak.

Lengoaia ez ezik, balkoiak ere kutsatu ditu ustezko gerra giroak. Kontu egizue, makina bat salatari agertu da bentanetan, gerra zibilaren ostean bezala, autubatzaileak auzoan, seinalatzen, frustrazioak eta herrak jo-puntu errazetan diana egiten. Pikutero larregi zelatan.

Ez da gerrarik, berriro diot. Baina tematuta daude baietz. Tira, hala bada, zergatik ez dituzte konfiskatzen estetika-klinikak, ipurdi eta titiak operatzen dituzten kirofanoak, arnasgailuak jasotzeko? Zergatik kirol-pabiloiak erietxe bihurtu, ospitale pribatuak egonda? Bertako jabeak ez ote dira soldadu eta heroi? Pribatuak ez du gerraz ezer jakin nahi?

Gerra, armadaren loriarako. Propaganda gastu militarra zuritzeko. Hainbeste sos xahutu urteetan aireportu eta geltokiak desinfektatzeko soilik? Ejerzitoan alferrik galdutako dirua badago beste nonbait gastatzerik, bistan denez. Babes zibileko talde indartsu bat eratzeko, adibidez, guda-airerik zabalduko ez duena, munduaren hobe beharrez.

Nahikoa borroka jasan dugu, orain gerrari intsumisioa!

Gipuzkoako Hitzan

Konfinamenduetan ikasitakoa

Leire Narbaiza 2020/04/02 13:35
Gipuzkoako Hitzan 2020ko martxoaren 20an argitaratutakoa

Konfinatuta gaude etxean. Batzuondako ez da aurten bizi izan dugun lehenengoa. Oraingoa, ostera, orokorragoa da, eta askoz ere zorrotzagoa. Aurrekoan, gure osasunagatik egin genuen, eta hau gure osasunagatik ez ezik, osasun kolektiboagatik ere bada. Otsailean, furano eta dioxinek etxeratu gintuzten Eitzaga ingurukook; martxoan, aldiz, koranabirusak erretiratu gaitu. Lehenengoan, ezin genituen leihoak zabaldu, eta bigarren honetan, terraza edota balkoirik ez dugunok besteon inbidiatan gaude, halakoak izateak askatasun pixka bat ematen duelako.

Katastrofe bi bizi (izan) ditugu 2020aren hasieran. Fuerte hasi dela urtea, Iñigo lez, esan genezake. Hondamendi biek konpondu barik jarraitzen dute. Zaldibarkoak hor segitzen du, nahiz eta komunikabideetatik desagertu. Joaquin eta Alberto zaborpean daude, eta pentsatu nahi dut bila dabiltzala oraindik. Zarama pilatuta A-8aren bazterrean, eta kamioikadak ateratzen, zabortegia husteko, jakin barik nora daramaten bertatik irteten dena.

Birusarena konpontzeko ez dakit zenbat beharko den. Egia da halako egoeran ezin garela luzaroan egon; hau da, honek (etxetik irten barik, lana eta lanpostua kolokan…) ezin du hileak iraun.

Egunen batean normaltasunera itzuli arren, kontu asko kanbiatu beharko ditugu. Begitantzen zait tragedia biek hausnarrarazi beharko liguketela gure munduaz eta bizimoduaz. Eta sakonki eragin gugan, ezin dugulako jarraitu orain arte moduan. Ezinezkoa da dirua eta negozioa pertsonen gainetik jartzea. Ezin liteke gure modeloa etenbako hazkundean oinarritzea. Hazkundea ekonomian kontu positiboa da; zenbat eta gehiago hazi herrialdea, orduan eta hobea. Hobea norendako? Haztea mugarik gabe, gigantismoa litzateke. Noraino handitu liteke produkzioa? Zertarako? Zeren eta noren lepotik?

Pertsonen gainetik dago beti produkzioa, hori hala da. Egitea da garrantzitsuena gure ereduan. Egin, dirua irabazteko. Berdin dio nor zapaldu behar den, noren osasuna jarri jokoan. Gauzak fabrikatu, kontsumi ditzagun. Arin, bizkor. Komuneko paper barik gera ez gaitezen. Bete dezagun erosketako orgatxoa mukururaino, badaezpada. Bost kilo arroz, zazpi oilasko, lau pakete makarroi, eta hogeita hamar jogurt!

Erdia, gero, iraungitze data pasatuta zaborretara botatzeko. Ai, eneka jardungo dugu gastatutako diruaz damututa. Psikosiak jota egon diren supermerkatuetan ibiliz gero, denok kutsatu gara kontsumismo konpultsibo horrekin, koronabirusarekin kutsatu ez bagara, behintzat.

Baina zein gizarte mota nahi dugu? Zertan aldatu beharko genuke? Nik, adibidez, asko eskertuko nuke jendartea hain konpetitiboa ez izatea. Ez dadila izan nork gehien eduki, nork azkarren egin. Dena berdintsuago, bizitza ez delako Egunean Behin, nor lehenengo geratu rankingean.

Era berean, bizitza jarriko nuke erdigunean, zaintza denaren muina izan dadin. Laguntzak iragarri dituzte enpresendako, baina zaintzarako zer? Zaintza barik ez dago bizirik, konturatu ote gara? Zaintza jaiotzetik hil arteko ekintza da, aurrera egin, eta ondo elikatuta eta jantzita ibiltzen laguntzen diguna, kariñoa eta oinarrizko euskarria dena. Zergatik dira garrantzitsuagoak, esaterako, futbolariak zahar-etxeetako zaintzaileak baino?

Pertsonak aurretik beti, makalenak batez ere. Hau ez da onkeria, zentzuna besterik ez. Ea ikasi eta lortzen dugun!

Gipuzkoako Hitzan

Aita-semeak kantuak eman didana

Leire Narbaiza 2020/03/18 12:15
On-lineko jarduna eta konfinamenduaz #OnLinekoJarduna #Konfinamendua

Bixente Martinezez egindako "Aita-semeak" kantuaren konfinamendurako bertsioa ikusi nion twitterren Goizalde Landabasori. Eta irakasleok beti gabiltzanez gauzatxo bila ikasleekin egiteko (are gehiago konfinamendu egoerak bultzatuta klaseak on-line ematen ditugunean), polita iruditu zitzaidan A1ekoekin egiteko.

 

— Goizalde Landabaso (@GoizaldeL) March 17, 2020

Halako baten, lehenengo leloan gogoa joan zait, eta Dorrekoan agertu naiz, Goñiko Euskal Udalekuetako etxean. Magikoa izan da. Sekulako bakea. Bakea 150 umerekin? Ez, abestiak une konkretu eta indefinitu batera garraiatu nau, ume eta begiraleak etxea laga eta miloak (mil-oficios) etxe erraldoi hura garbitzen hasten ginenekoa. Bakardade gozagarri hartara, bakea itzultzen ziguna. Garbiketa eta sukalde lanak beti euskal musikaz lagunduta.

Sekulako lasaitasuna eman dit kantuak, hain zuen egoera horretara eroan nauelako. Musikak eta usainek baino ezin dezakete horrelakorik egin. Irribarrea ahoan laga nau, aho-gustu gozoa.

Zaborpeko oasia

Leire Narbaiza 2020/03/11 17:55
Gipuzkoako Hitzan 2020ko martxoaren 6an argitaratua

Aurreko batean, eta aspaldiko partez, Debara joan nintzen. Eta, normalean ez bezala, automobilez egin nuen bidaia, errepide jeneraletik. Elgoibarko autopista sarreratik hurbil dagoen biribilgune inguru horretan ikusi nuenak zur eta lur laga ninduen. Mendi oso bat magal guztiak soilduta, hutsik, biluzik, gorri. Zuhaitz guztiak moztuta, pinuak izango zirelakoan nago. Ez zen ezer gelditzen, ezta sasi txikiena ere. Sarraski demasa. Ederto azaldu zuen Onintza Enbeitak pasa den igandean Basoak? izeneko BERRIAko zutabean. Arbola guztiak kenduta, eta gainera maldan egonda, ez dago lurrari zerk eutsi, eta lur emankor guztia, grabitatearen ondorioz, behera. Euria eginez gero, lur gehiago galdu, eta lokatzez bete inguruak. Desastrea, edozein aldetatik begiratuta.

Amazonia luzaroan sutan egon zenean, penatan begiratzen genion. Australiako suteek albistegiak zabaldu zituzten. Ezin dira konparatu baso horiek eta gure pinudiak, baina gure txikian halako arboladiek badute garrantzia, pinuak ere bai, bere kontu txar guztiekin, ekologikoki soilgune horiek baino hobea da eta.

Enbeitak bere artikuluan eukaliptoak aitatzen ditu, Bizkaian sartzen hasita daudenak. Portugal eta Galizian ere eukaliptoa nonahi. Suteak ere bai. Ez dugu ezer ikasi. Eta ez dut uste ikasiko dugunik, negozioak agintzen duelako edozeren gainetik, eta jabetza pribatuaren mantra errepikatuko dute zuritzeko.

Egunero automobilez joaten naiz lanera, A-8 autobidetik, kutsatzen. Iurretatik Zornotzarako bide-tartean hor ikusten ditut jo eta su hondeamakinak, abiada bizian AHTa eraikitzen, luzaroan geldirik bada ere. Presaz berreskuratu nahian urteetan galdutako denbora. Mendiari terrenoa jaten, lurra zauritzen.

Pasa den larunbatean manifestazio bi izan ziren Donostian eta Bilbon. Gipuzkoakoa Zubietako erraustegia ofizialki martxan jar ez dezaten, eta Bizkaikoa Supersurren bigarren zatiaren kontra. Zubietako errauskailua probetan ei dago, eta laster jarriko omen dute martxan. Supersur errepidearen bigarren zatiak Bilboko azken basoa suntsituko du, Bolintxu, zer eta inork gutxik erabiltzen duen hegoaldeko saihesbidearen luzapena egiteko.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak beste proiektu bat aurkeztu du: tunel bat itsasadarpetik, ezker eta eskumako ertzak lotzeko. Metroz? Ez, errepidez. atzera ere, automobila bultzatzeko, zulatu, txikitu eta porlanez bete bazterrak.

Jakina, hainbeste errepide izanda, ezin ibili auto zaharrean. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak renove plan moduko bat jarri du martxan. Automobil elektrikoa erosteko? Bai, baina… diesel edo gasolina motordun ibilgailuak erosteko ere bai! Biba erregai fosilak eta autogintza!

Eta Eitzagako zabortegia, Zaldibarko hondamendia, burutik kendu ezinda. Lau aste, ia hilabete lur-jausia, zaborra, amildu zenetik. 29 egunera gai toxikoen pean segitzen dute Albertok eta Joaquinek. Eta ez da ezer gertatzen.

Eusko Jaurlaritzak pasa den irailean larrialdi klimatikoa deklaratu zuen. Bistan denez, itxurakeria baino ez da adierazpen instituzional hori, hutsala da goiko guztia jakinda. Berba azalutsak. Plantak egiten dabiltza. Argazkirako baino ez. Negozioak baino ez dielako axola.

Euskal oasia zabortegi bat da, eta gu gaude azpian lurperatuta.

Gipuzkoako Hitzan

Otsailagatik

Leire Narbaiza 2020/02/23 21:05
Gipuzkoako Hitzan 2020ko otsailaren 21ean argitaratua

Otsailaren 15a da, igande arratsaldea. Bihar artikulua entregatzea tokatzen zait, eta jaieguna aprobetxatu behar dut idazteko. Eguraldi ederra dago, neguminean bagaude ere. Etxeko leiho guztiak itxita dauzkat, bunker batean sartuta banengo bezala. Etsipena eragiten didate kristaletik sartzen diren eguzki-izpi distiratsuek, inoiz ez bezala.

Otsailak zezeila du izena Bizkaian, eta barantaila Zuberoan. Febrerillo loco (otsailtxo zoroa) ere esaten diote gaztelaniaz urteko hilabeterik laburrenari, negu betean egon arren, eguraldi aldaketak izaten dituelako. Edo izaten zituelako, ez dakit dagoeneko zein aditz forma erabili, eguraldia ez delako lehengoa. Udaberri betean gaudela dirudi. Eta pertsona asko pozik daude horregatik, harro puntu batekin eguraldi saioak, penintsulako ekialdeko irudiak erakusten dizkigutenean, jendea hondartzan. Burutik eginda daude, ala? Urteko bigarren hilabetean ia euririk egin ez badu, ez hotzik, ez elurrik, ez dira konturatzen amildegira goazela, aldaketa klimatikoa gertatu dela dagoeneko? Baina pozik gaude, azkenean Euskadi tropikala lortu dugu eta.

Tira, baina ezin dut eguraldiaz disfrutatu. Bunker batean bezala nagoela aitatu dut lehenago. Paseatzeko egun ederra izanda, etxean nago. Eibarkoa naiz, eta hori gomendatu digute. Dioxinaz eta furanoz kutsatu digute airea. Bost egunean egon gara bizitza normala egiten, nahiz eta kalean ibiliz gero, eztarriaren goiko aldean gustu kimiko moduko bat izan dugun.

Eztarrian azkura genuela, hats ikaragarria zegoela esaten genuen, baina alarmistak ginela aurpegiratu digute. Erantzukizunak eta ardurak eskatutakoan, sarraskijaleak garela. Baina protestaka genbiltzanok, zoritxarrez, arrazoia genuen. Iraindu egin gaituzte euren akatsak, hanka sartzeak eta zikinkeriak estaltzeko asmotan, gezurretan zebiltzala jakinda. Onartezina!

“Urkullu non dago?” galdetzen genuenean, ez zen gizon horren aurpegia ikusteagatik. Ez. Jakin behar genuen norbait zegoela guztiaren buru, lema norbaitek zerabilela. Izan ere, lana egiteaz gain, jendeari erakutsi ere egin behar zaio zer egiten den. Herritarrei benetako eta ganorazko informazioa eman behar zaie. Adibidez, leihoak itxita egon behar dugu, ados, baina kalean ibil gaitezke? Zalantza txikiak, baina bertan bizi garenoi kezka sortzen digutenak.

Kaos, gezur eta desinformazio honek etsipena, amorrua, tristura, nagia, haserrea eta noraezean ibiltzea eragin digu. Ondoeza nagusitu zaigu, eta konturatu gara agintean daudenei pertsonak ez zaizkiela inporta. Ikustea besterik ez dago zelan inoratu dituzten desagertuen familietakoak.

Guztia desastrea eta katastrofea izan da. Baina guztiak hausnarketa sakona eragin beharko liguke denoi. Ardurak eta konponbidea eskatzeaz gain, gizarte aldaketa baten alde lan egin behar dugu. Alde batetik, sozietate enpatikoagoa, humanoagoa, jendea errespetuz tratatuko duena behar dugu, agintariak herritarren zerbitzura izango dituena, ez botere-gosea asetzeko gogo hutsez.

Beste alde batetik, aldaketa ere behar dugu bizibidean, kontsumoan, naturaren ustiapenean. Birziklapena ez da irtenbidea. Gutxitzea da gakoa, eta ostean berrerabiltzea. Zabor gutxiago sortzeko, zabortegiak deuseztatzeko. Erabili eta bota, eraitsi eta eraiki modeloak ez digu balio. Otsailagatik, Eitzagagatik.

Eta ahaztu barik, igande gau honetan oraindik Albertok eta Joakinek zabor artean segitzen dute.

Gipuzkoako Hitzan

National Geographic gurean laster

Leire Narbaiza 2020/02/16 16:45
Gipuzkoako Hitzan 2020ko otsailaren 7an argitaratua

Egunotan Los nadies testua jirabiraka dabilkit buruan, eta ezin dut atera. Eduardo Galeanorena da, eta, nik poema izena emango banioke ere, ez dakit hala izenda nezakeen. Los nadies euskaraz irakurtzeko aukera ere badaukagu, Julen Gabiriak aspaldi baten bikain itzulita. Ezdeusak jarri zion izena itzultzaileak, eta berriro ere bere blogera jo dut irakurtzeko. Galeanok pobreez dihardu pieza poetiko horretan, baina nik beti ikusi izan dut diru falta zutenez ez ezik, kultura ez hegemonikoetako edozein herritarren gainean ere egiten zuela berba. Gutaz, alegia.

(…)Ezdeusak: ezerezak, ezereztuak, suertearen atzetik beti, bizitza hilez, izorratuak, mila aldiz izorratuak:/Ez dira, izan arren./Ez dute hizkuntzarik, dialektoak baizik./Ez dute erlijiorik, superstizioak baizik./Ez dute arterik, artisautza baizik./Ez dute kulturarik, folklorea baizik./(…)Ez dira historia unibertsalean agertzen, baizik eta herriko prentsako kronika gorrian.(…).

Islatuta ikusten ditut esaldi horietan hizkuntza hedatu eta boteretsuen hiztun/biztanleen (aurre)iritziak. Ederto islatuta ere. Zenbaiten ikuspuntutik ez gara nahikoa kosmopolitak ezta munduko hiritar ere, bigarren mailakoak baizik. Gainera, gure moduak (hizkuntza eta kulturak) ez duela mundu modernorako balio sakon dute sartua pentsamenduan.

Ezdeusak osorik irakurrita, seguru nago batek baino gehiagok pentsatuko duela Uruguaiko idazleak testu hori idatzi zuenean Latinoamerikako indigena marjinatu pobreak zituela buruan; eta gu, ordea, europar zuri kontsumista aberatsak garela munduaren banaketa anker honetan. Ondoriozta lezakete askok ez dagokigula multzo horretan sartzea. Ados egon ninteke.

Hala eta guztiz ere, euskaldunok gure hizkuntza eskubideak kontuan har daitezen eskatu izan dugunean, etnizista, tribu eta horrelako hitzekin erantzun zaigu. Latinomerikakoak ez, baina bai indiotzat hartu gaituzte, zentzurik peioratiboenean, jakina. Halakoak botatzen dituztenentzat tribu hitza despektiboa delako, gutxiesgarria, eta ez dira konturatzen era guztiz supremazistan dihardutela, kolonialismo klasikoaren morroiak direla, ustez berdinzaleak badira ere.

Eta horren guztiorren azpian kashero eta borono adjektiboak daude. Usain hori hartzen diot nik, behintzat. Gorago aitatu dudan moduan, nahikoa sofistikatuak izan ez, behar beste ez dakigulako modernitateaz, pentsamendu magikoa omen dugula… leporatzen digute berdinzaletasunez mozorrotuta, klasismorik negargarrienaz perfumaturik.

Azkenean, buelta eman kontu guztiari, eta arrazismoz jantzi dute lehendakarigai elebidun izatearen desioa. Betiere komunikabide antieuskaldunenen makineriarekin lagunduta. Berri manipulatuak sortu, itzulpen txar interesatu bat erabili eta gorrotoa hauspotu irakurleak sinis dezan. Fake news-en sasoian manipulaziorik gordinena. Esaerak dioen moduan: difama ezazu, zerbait geratuko da-eta.

Hau guztia jakinda, National Geographic aldizkarikoek zenbaki monografikoa egingo dute, eta Euskal Herrira bidalitako kazetariek salakota, esploratzaile txalekoa eta largabista jantzita eramango dituzte, Livingston eta Indiana Jonesen arteko zerbaiten gisara. Izan ere, gu lako etnizista triburik azkertu barik zuten Europan.

Eta gu, etnizistok, haurtzaindegi euskaldunak defendatzen Iruñean, etorkizuneko lehendakarigai guztiek euskaraz jakin dezaten…

Gipuzkoako Hitzan

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua