Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Laixetan, garixetan: basarrixa Eibarren

Laixetan, garixetan: basarrixa Eibarren

Leire Narbaiza 2020/04/15 01:55
Untzetabarrenetxea ahiztak akorduan.
Laixetan, garixetan: basarrixa Eibarren

Enrike eta Asier trontzan erakusketan

Florentina Untzetabarrenetxea hil dela jakin dut. Florentina Barrenetxe baserriko alaba zen, eta bizirik geratzen bakarra. Pena handia sentitu dut ikusi dudanean eskela. Florentina eta bere bi ahizpa (laugarrena ez nuen ezagutu) ezagutu genituen "Laixetan, garixetan: Basarrixa Eibarren" erakusketa prestatzen ibili ginenean.

1997an Asier Sarasua, Enrike Gisasola Sosola, Ibon Rokandio eta laurok proiektu erraldoi baten sartu ginen, Eibarko baserrietako tresneria, hiztegia eta kontuak jasotzea. Ego-Ibarra batzordeak babestuta. 1998ko urtarrilean inauguratu genuen erakusketa erraldoia Eibarko Portaleako erakusketa-aretoan, orduan Gipuzkoako areto publikoetako bigarren handiena. Eta, hala ere, trepetxuz bete genuen! 

Orduan sasoian, herri askotan egin ziren halako erakusketak. Moda bat-edo izan zen, edo agian, ia desagertzear zegoen mundu bati oratzeko azken saioak. Ez dakit. Kontua da guk geure buruari makaleko beharra jarri geniola. Eta hasi ginen arakatzen. Makina bat baserri pasa genuen: Sosola (jakina), Sumendixa, Larrañeta, Biriñao, Sagarbitsa eta Barrenetxe. Beste batzuk ere bisitatu genituen, baina sei horiek izan ziren oinarri eta informatzaile handi eta onenak gure bilketan.

Barrenetxe zen baserri bakarra jenderik ez zuena, nahiz eta Untzetabarrenetxea ahizpak ia egunero joan. Bertan ezagutu genituen. Emakume bereziak ziren, karakter eta bizimodu aldetik. Gurekin oso ondo portatu ziren, euren etxeko joia asko jaitsi genituen Eibarrera erakusketara. Objektu guztien artean, berezienetako bat: XVIII. mendeko ohe bat, barku-ohe bat. Erakusketako pieza ikusgarrienetako bat.

Itzela izan zen egin genuen lana, eman genituen orduak, egindako bisitak. Erakusketa asko bisitatu genituen, errotak, Lasturko beste baserri bat, museo etnografikoak, San Telmo museokoek argibideak eman eta aholkatu gintuzten, baita lihoa lantzeko pieza batzuk laga ere! Ikaragarria!

Zenbat ikasi genuen! Ze aberasgarria izan zen! Zenbat historia, prozesu, berba, bizimodu ezagutu eta sakondu! Pieza batzuk benetan estimatu nituen, laiotz bat, kobrezko kaldero bat... Lihoaren prozesuarekin liluratu eta obsesionatu ere egin nintzen.

Esan nezake proiektu hau izan dela egin dudan proiektu inportanteenetako bat, zalantza barik. Intentsua izan zelako, asko disfrutatu genuelako eta asko markatu nauelako.

Eta hori guztiori Florentina bezalako pertsonei esker. Beti bihotzean eroango zaituztegu. Mila esker, Barrenetxe!

asier
asier dio:
2020/04/15 08:35
Hori bai trontzan eittia! XDD

Politta, Leire. Neuk be oso ondo gogoratzen dot "Laixetan, Garixetan". Zenbat ikasi genduan! Proiektu ederra izan zan, benetan be!
Sosola
Sosola dio:
2020/04/15 19:43
Hau da urtiak bizkor joatia. Ederra izan zan.
Ulia ugarixaua eta gerrixa lijerraua orduan.
Ia afaritxo bat egiten dogun laurok noiz edo noiz.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua