Aita-semeak kantuak eman didana
Bixente Martinezez egindako "Aita-semeak" kantuaren konfinamendurako bertsioa ikusi nion twitterren Goizalde Landabasori. Eta irakasleok beti gabiltzanez gauzatxo bila ikasleekin egiteko (are gehiago konfinamendu egoerak bultzatuta klaseak on-line ematen ditugunean), polita iruditu zitzaidan A1ekoekin egiteko.
Bixente Martinez... aupa danok!!!! pic.twitter.com/0nAPgpO8sG
— Goizalde Landabaso (@GoizaldeL) March 17, 2020
Eta gaur ibili garenean kantuaren inguruan berbetan, benetakoa ere jarri diet. Azaldu diet Oskorriren nondik norakoak, baita kantuarenak ere. Ostean, jarri dugu kanta
Halako baten, lehenengo leloan gogoa joan zait, eta Dorrekoan agertu naiz, Goñiko Euskal Udalekuetako etxean. Magikoa izan da. Sekulako bakea. Bakea 150 umerekin? Ez, abestiak une konkretu eta indefinitu batera garraiatu nau, ume eta begiraleak etxea laga eta miloak (mil-oficios) etxe erraldoi hura garbitzen hasten ginenekoa. Bakardade gozagarri hartara, bakea itzultzen ziguna. Garbiketa eta sukalde lanak beti euskal musikaz lagunduta.
Sekulako lasaitasuna eman dit kantuak, hain zuen egoera horretara eroan nauelako. Musikak eta usainek baino ezin dezakete horrelakorik egin. Irribarrea ahoan laga nau, aho-gustu gozoa.