Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Ikusezin

Leire Narbaiza 2010/05/07 14:22
Paul Austerren nobela irakurri berri dut.
ikusezin

"Brooklingo erokeriak" irakurri nuenetik eskuartera etortzen zaizkidan Austerren liburua guztiak irakurtzen ditut; beste zorakeria baten bila-edo. Baina, beharbada, tontoarena egiten ari naiz. Halakorik bakarra delako, eta nahiko absurdoa delako irakurritako liburu baten bila jardutea beste liburu batzuetan. dena dela, uste dut nire moduko hainbat pertsona dagoela, gauza bat gustatu eta horren atzetik ibili.

Prozesu honetan denetarik eduki dut. Azkena, baina, harrigarria izan da; Ikusezin liburua, hain zuzen ere. Istorioak gogor jo ninduen. Zenbait pasarte gordinak egin zitzaizkidan. Hala ere, guztiz kateatu ninduen kontakizunak; edo hobeto esanda, kontakizunen mataza. Izan ere, hari bat baino gehiago du nobela honek, egia eta gezurraren artean mugitzen da etengabe, baina irakurleak beti egia irakurtzen ari dela pentsatzen du.

Misterioa eta intriga dauka liburuak. Protagonistak oso bereziak dira, istorioak ere bai. Horrek guztiorrek interesa mantenarazten du. Interesgarria da oso.

Itzulpena ere txukuna da, orain aldiaren itzulpena izan ezik. Ohiturazko forma erabiltzen du etengabe, burutua erabili beharrean. Baina ez da itzultzaile bakarra hori egiten duena.  EGLU irakurtzea gomenduko nieke.

Bestela, merezi duela esan behar dut. 

Freskuran, gustora!

Leire Narbaiza 2010/05/04 21:27
Gaur eguardiko esperientzixa barrixa!

Eguraldi aldaketa radikalak ez jataz gustatzen, asko kostatzen jata adaptatzia, egoera barrixan eroso egotia. Kanbixo suabiak dittut gustoko, poliki-poliki erropa kapak eranztia: kaltzetiñetatik galtzerdixetara, eta hórretatik pinkixetara pasatzia, panazko fraketatik bakeruetara eta gero liñozkuetara; manga motzetik luzera; kotoizko jertsietatik “kuello zamoretara”, sandalixak, zapata itxixak, eurittakua eta botetara, ordena honetan.

Hori, baiña, gitxittan izaten da holan. Gure herri honetan goizetik gabera aldatzen da eguraldixa. Pasa dan astian, 30 gradotan; astion, 9tan! Negutik udara; udatik negura hamar egunian, edozein zoratzeko moduan!

Banekixan beruakin ez nintzala bape ondo ibiltzen, eta biharrerako beti nahi izan dodala freskuria. Negu hau, ostera, hain gogorra izanda, gustora hartu nittuan aurreko asteko lehen egunak: egun naturala, freskuria goizian, eguerdixan epel. Ideala. Hori bai, eguaztenekua ezin izan neban aguantau. Ha berua! Udako be larregikua!

Gaur eguardikuak, baiña, zer pentsatua emon desta. Atzera be neguko txamarra lodira bueltauta, panazko fraketara, jertse potolora. Maietzian ala eneruan gagoz? Galdetu izan detsa batek baiño gehixagok bere buruari. Guantiak janzteko gogua, txapela, bufandia….Holan, estaziñora jaun naiz, normalian baiño lehenatxuago. Andenian bankuan jarri, liburua etara eta irakortzen hasi naiz. Ondo abrigauta nenguan. Halako baten, haixe freskua etorri jata arpegira. Ummm! Ze edarra! Gustora nenguan, hotzaz disfrutatzen, halakorik!

Sekula ez jata holakorik pasau. Haluzinau egin dot, zeiñek esango lestake neri hotzakin gozauko nebala. Sensaziñua ikaragarri ona izan da, itzela. Neguan parkian eguzki epeletan egoten garanan modokua. Mundiala!

Dana dala, esan bihar dot trena segiduan etorri dala. Bestela, post hau ez neban iñoiz idatziko, izoztu egingo nintzalako. Eskerrak!

1.01

Leire Narbaiza 2010/05/03 21:24
Dantzaz konpainiaren ikuskizuna.
dantzaz kartela

Barixakuan Dantzaz Konpainiaren ikuskizuna ikusten izan ginen Eibarko Koliseon. Antzokia ez zegoen beteta, eta ume askotxo zegoen, nire gusturako; izan ere, mugitzen ibili ziren ia ikuskizun guztian zehar. Ez dut gaizki ikusten umeak horrelakoetara eramatea, pentsatzen dut ona dela. Baina dantza espektakuluetan sarri nabil hori ikusten. Badirudi umeendako gauza dela, edo nagusiek umeen aitzakia behar dutela, ez dakit.

songeurs

Songeur koreografiarekin hasi ziren. Sinpatikoa, umoretsua. Hiru dantzari gizonezko ikaragarri ondo dantza egiten. Ameslariak, eurek ez dakit, gu bai!

ballet 101

Ikuskizuna lau atalek osotzen dute: Sogeurs, Ballet 101, Björk duets eta Torque. Laurak oso desberdinak, bai koreografia, bai musika aldetik. Niri neuri gehien Ballet 101 gustatu zitzaidan. Atal honetan dantzari bakar batek balleteko oinarrizko posizioekin egiten du dantza, off-eko ahots baten aginduei jarraituta.

bjork duets

Björk duets-en Björk kantari islandiarraren musikan oinarritzen da koreografia. Ni ez naiz oso Björk zalea; beraz, hain gustukoa ez nuen izan. Dena dela, bikoteka egindako lana, lortutako espresibitatea, ikaragarria iruditu zitzaidan.

torque

Torque-ko eszenografia hutsa eta latza da. Eszenarioa inongo teloirik barik. Musika ere, zarata hasieran, zorrotza, industriala. Ez nengoen konbentzituta, baina azken zatiak aho bete hagin laga ninduen, batez ere erdian zegoen bikoteak. Zoragarria izan zen dantzan egin zutena! Ederra benetan!

Zerbait ikusi nahi baduzue, hona hemen bideoa

 

 

Gazteendako konpainia profesionala da Dantzaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza duena. Diru oso ondo inbertitua, benetan. Bazen ordua horrelako gauzetan gastatzeko, benetan!

Gehituta: Post hau agertu eta ordu batzuetara Dantzan.com -en Tokiko tv-ren bideo bat agertu da, Dantzaz konpainiaren nondik norako azaltzen duena. Interesgarria da oso. Horregatik behean txertatu dut. On egin!

Jaiotze markak

Leire Narbaiza 2010/04/27 17:55
Nancy Huston-en eleberria, Alberdaniak argitaratua.
jaiotze markak

"Jaiotze markak" liburua irakurri berri dut. Azken aldi honetan hainbat euskal argitaletxek egiten diharduen ahalegina goraipatzekoa da; gaur eguneko erdal literatura itzultzea, alegia. Itzulpenen gainean, ordea, nik badut zenbait gauza esatea, baina beste baterako lagako dut.

Liburuan familia bereko lau belaunaldik kontatzen duten euren historia. Beti sei urteko ume bat izango da narratzailea, gazteenetik hasita (birlobak ematen dio hasiera narrazioari, gero ilobak, ostean amak, eta azkenik amamak). Txarto konpontzen den familiaren historia kontatuko dute: historia bitxia, berezia eta sarritan tragikoa.

Pertsonaia batzuk nahiko muturrekoak dira, eta umeren bat ere ez da oso sinesgarria (batez ere lehenengoa), baina gustura irakurtzen da, ederki eraikitzen da historia buruan, hariari segika. Gogoz jarraituko genuke ume bakoitzaren ibilbidea, bestera salto egin gabe. Baina osotasunak ere badu interes handia.

Gustura eta ondo irakurtzeko liburua. Gomendagarria benetan

Urriaren 25ean jai

Leire Narbaiza 2010/04/23 00:30
Eusko Legebiltzarrak erabaki berri du.

Urriaren 25ean jai izango dugu autonomia erkidegoko herritarrok, egun horretan izan baitzen estatutuaren erreferenduma. Egungo estatutua. Ez oso, ez ase. Populazioaren erdia baino gehiago ez dago ase, eta beste erdiak ez du osatu, ez bete.

Hori bai, ospatu egin behar. Aspaldi esan nuen moduan, ospatzeagatik jai errumaniarrak ere ospatuko nituzke jai hartuta. Beraz, festa egun bat gehiago poztekoa litzateke, beste bat kenduko ez baligute jakina; eta alde politikoari begiratuko ez bagenio.

Orduan, zein jai kenduko digute? zein santu bidaliko dugu pikutara? Maiatzaren bata, Inmakulada Konstituzioa? Gure herriko festak? Jakin nahi dugu.

Gainera, udazken aldi hori ez dago oso-oso beteta? Urriaren 12a, urriaren 25a, azaroaren 1a, abenduaren 6a eta 8a, Gabonak.....Ez da larregi? Zenbat zubi izango ditugu sasoi horretan? Zergatik ez banatu gehiago jaiak urtean zehar eta banaketa arrazionalagoa egin? Hiruhilabeteko honetan ez dago ezer, Aste Santutik uztailaren 31ra ez dago jairik! Denak udazkenean daudelako!

Bada sasoia politikoek arazo identitarioa alde batera lagatzeko. Autonomistek utziko diote euren arazotxoa inposatzeari? Nor jaikitzen da, bada, urriaren 25ean "gaur erreferendum eguna da" autonomiston eguna? Arazo larriagoak dauzkagu, lagunok :-)

Kit-katik ez

Leire Narbaiza 2010/04/21 17:00
Sustatutik hartuta. Eta Sustatuk "Zerbait esatekotan..." blogetik.

Berriro ere Nestlé!

 Greenpeacek martxan jarri du Kit-kat produktuaren kontrako kanpaina gogorra

Izan ere, txokolatea egiteko palmondo olioa erabiltzen du eta olio hori lortzeko Indonesiako azken baso tropikalen ustiapen basatia egiten duten enpresei erosten diete. Horregatik bideoa, jendeak jakin dezan zer erosten ari den.

Londres kartoizkoa da

Leire Narbaiza 2010/04/20 11:56
Unai Elorriagaren azken nobela.
Londres kartoizkoa da

Jakin nuenean Unai Elorriagak nobela berria zuela, asko poztu nintzen. Izan ere, aurreko hirurak (SPrako tranbia, Van Hoffen ilea eta Vredaman) asko gustatu zitzaizkidan. Bakoitza desberdina, bakoitzak bazuen erakarri ninduen zerbait.

Baina oraingoan? Orriak pasatu ahala pentsatzen nuen: "Animo, Leire, etorriko don". Ez zen heldu, ordea. Ez ninduen kateatu. Astuna ere ez zitzaidan egin, baina ez nion ez hanka ez buru ikusten, nobelaren osotasunak ihes egiten zidan.

Beste alde batetik, ulertu ere ez nuen ulertzen. Noiz adituko zain nengoen. Beharbada, nire hutsa izango da, trenean irakurtzen dudalako sarritan, edo nire maila literario apala,... edo agian, ez dago ezer berezirik entenditzeko. Gauza da, aurrera nindoan heinena, berdin segitzen nuela.

Momentu baten argia piztu eta parabola bat izan zitekeela pentsatu nuen. Baina parabola izateko ere zerbait zuen faltan, pieza guztiek ez zuten parabolan enkajatzen. paralelismoak ez zien hain paraleloak. Eta hori bi parabolarekin ere saiatu nintzela!

Beharbada, eragozpen handiena pertsonaiak izan dira. Lauak dira, desberdindu ezinean ibili nintzen, izen arraroak arraroak dituzte, eta ez dute pistarik ematen eurak buruan eraikitzeko, imajinatzeko. Une batean animaliak izan zitezkeela pentsatu nuen.....

Lehen esan dudan bezala, baliteke beste maila bateko nobela izatea, lau buruargik baino ulertu ezin dutena. Izan liteke. Onartzen dut nik ez dudala horrelako sakontasunik, asko irakurtzen dudala, baina nobelitak direla. Tira. Hala ere, liburuarena ere izan liteke akatsa, ezta?

Edo, agian, esan behrako nuke ez zadaila gustatu eta ez dudala ulertu? irakur ezazue eta zuek erabaki!

Andrazkuak II. Republikan

Leire Narbaiza 2010/04/15 11:43
Atzokuan harira

Atzoko eguna dala-ta, hainbat webetan republikia erabili zeben. Irakorri nittuan batzuk eta e-mujeres Facebookeko taldian oin urte biko bidio bat topau neban, oso interesgarrixa: Emakumiak eta republikia. Izan be, sasoi horretan emakumiak lehen ez zekezen eskubide batzuk lortu zittuezen.

bidiuak be erakusten dau Francon diktaduriak lortutako ixa eskubide guztiak kendu zittuazela, nabarmen atzera egin zeban emakumien bardintasun bidiak, zoritxarrez.

Boto eskubidia da aittatezn da hórretako bat. Republikiak 1933 emon zetsen eskubidia andrazkueri (Frantziako republikiak 1944). Espaiñako estatuan botua emon zeben lehengo andrak euskal herritarrak izan ziran, autonomia estatutuan erreferendimian, 1933ko nobienbrian 5ian. Beste guztiak, ostera urte bereko eta hil bereko 19xan, hauteskundietan.

Badago erretratu bat nik asko maitte dodana, Eibarko andrazko basarrittar batzuk jantzi tradizionalakin botua emoten. Edade difererentiak dake, gaiñera. Beti gustau jata asko, baiña gure loibian famelixakuak dirala jakin dodania gehixago; izan be koiñatian aurrekuak dira!!

Ez da zoragarrixa?

andrak botua emoten

 

1931-IV-14an

Leire Narbaiza 2010/04/14 07:30
goizaldian

Eibarren bigarren republikia proklamau zeben.

udaletxeko kartela

Esperantzarako denporia, gerriak hondatuta.
Gora Republikia!
Ahal izan ezkero, irakorri pasartia liburu zoragarri honetan: "Viaje por el pais de los recuerdos"

viaje pais recuerdos

Eta gaur bertan Asier Sarasuak egindako eta bere blogian jarri daben bidio zoragarrixa, lekukuak kontatzen zelan gertatu zan dana.

 

Disfrutaizue gure aurreko berbakeriakin eta ausardixakin!

Absoluzioa

Leire Narbaiza 2010/04/13 13:30
Egunkariako bost kideen absoluzioa.

Aspalditik zain geunden notizia atzo etorri zitzaigun. Absoluzioa espero genuen, baina ni ez nengoen oso ziur, Audientzia Nazionaletik ez delako inoiz ezer onik etortzen. Iban Arantzabalek, adibidez, berri hori espero zuen.

Pozik nago, baina ez pozarren. Sentimentuan gazigozoa da, ezin da bestela izan. Pozik nago ez direlako kartzelara joango, errugabeak direla esan dutelako. Baina nork ordain lezake egindako kaltea? Torturak, kartzelaldian, estatuko komunikabideetako difamazioa, trufak, samina, diru galera,.....hau guztiau inputatuei. Sufrimendu pertsonal handia.

Era berean euskal komunitateari egindako kaltea ere itzela izan da: egunkari bakarra itxi, kalte morala, haserrea, jopuntuan egotea, tristezia, negarrak (askok egin genuen negar), gure identitate kulturala erasotzea (azken baten, gure izana), dirua (Egunkarian jarritakoa, galduta; Berria sortzeko jarritakoa), beldurra (hurrengoa nor ote?), xahututako indarrak......helburu argi batekin: asimilazioa.

Hori inork ez digu ez itzuliko, ez ordainduko. Dena dela, poztekoa da, epaitegi horretatik etorri zaigun bakarra. Ez dugu ahaztu behar Eginekoak kondenatuta eta kartzelan daudela. Beste makro-sumarioetakoak bezala (atzo bertan berretsi diete epaia lau gazteri).

Orain beste epaiketaren zain, epaiketa ekonomikoa. Dena luza liteke (Gorenera jotzeko aukera baitago), espero dagigun dena irten dadila hau bezala. Hori baino ezin dut eskatu.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua