Absoluzioa
Aspalditik zain geunden notizia atzo etorri zitzaigun. Absoluzioa espero genuen, baina ni ez nengoen oso ziur, Audientzia Nazionaletik ez delako inoiz ezer onik etortzen. Iban Arantzabalek, adibidez, berri hori espero zuen.
Pozik nago, baina ez pozarren. Sentimentuan gazigozoa da, ezin da bestela izan. Pozik nago ez direlako kartzelara joango, errugabeak direla esan dutelako. Baina nork ordain lezake egindako kaltea? Torturak, kartzelaldian, estatuko komunikabideetako difamazioa, trufak, samina, diru galera,.....hau guztiau inputatuei. Sufrimendu pertsonal handia.
Era berean euskal komunitateari egindako kaltea ere itzela izan da: egunkari bakarra itxi, kalte morala, haserrea, jopuntuan egotea, tristezia, negarrak (askok egin genuen negar), gure identitate kulturala erasotzea (azken baten, gure izana), dirua (Egunkarian jarritakoa, galduta; Berria sortzeko jarritakoa), beldurra (hurrengoa nor ote?), xahututako indarrak......helburu argi batekin: asimilazioa.
Hori inork ez digu ez itzuliko, ez ordainduko. Dena dela, poztekoa da, epaitegi horretatik etorri zaigun bakarra. Ez dugu ahaztu behar Eginekoak kondenatuta eta kartzelan daudela. Beste makro-sumarioetakoak bezala (atzo bertan berretsi diete epaia lau gazteri).
Orain beste epaiketaren zain, epaiketa ekonomikoa. Dena luza liteke (Gorenera jotzeko aukera baitago), espero dagigun dena irten dadila hau bezala. Hori baino ezin dut eskatu.