1.01
Barixakuan Dantzaz Konpainiaren ikuskizuna ikusten izan ginen Eibarko Koliseon. Antzokia ez zegoen beteta, eta ume askotxo zegoen, nire gusturako; izan ere, mugitzen ibili ziren ia ikuskizun guztian zehar. Ez dut gaizki ikusten umeak horrelakoetara eramatea, pentsatzen dut ona dela. Baina dantza espektakuluetan sarri nabil hori ikusten. Badirudi umeendako gauza dela, edo nagusiek umeen aitzakia behar dutela, ez dakit.
Songeur koreografiarekin hasi ziren. Sinpatikoa, umoretsua. Hiru dantzari gizonezko ikaragarri ondo dantza egiten. Ameslariak, eurek ez dakit, gu bai!
Ikuskizuna lau atalek osotzen dute: Sogeurs, Ballet 101, Björk duets eta Torque. Laurak oso desberdinak, bai koreografia, bai musika aldetik. Niri neuri gehien Ballet 101 gustatu zitzaidan. Atal honetan dantzari bakar batek balleteko oinarrizko posizioekin egiten du dantza, off-eko ahots baten aginduei jarraituta.
Björk duets-en Björk kantari islandiarraren musikan oinarritzen da koreografia. Ni ez naiz oso Björk zalea; beraz, hain gustukoa ez nuen izan. Dena dela, bikoteka egindako lana, lortutako espresibitatea, ikaragarria iruditu zitzaidan.
Torque-ko eszenografia hutsa eta latza da. Eszenarioa inongo teloirik barik. Musika ere, zarata hasieran, zorrotza, industriala. Ez nengoen konbentzituta, baina azken zatiak aho bete hagin laga ninduen, batez ere erdian zegoen bikoteak. Zoragarria izan zen dantzan egin zutena! Ederra benetan!
Zerbait ikusi nahi baduzue, hona hemen bideoa
Gazteendako konpainia profesionala da Dantzaz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza duena. Diru oso ondo inbertitua, benetan. Bazen ordua horrelako gauzetan gastatzeko, benetan!
Gehituta: Post hau agertu eta ordu batzuetara Dantzan.com -en Tokiko tv-ren bideo bat agertu da, Dantzaz konpainiaren nondik norako azaltzen duena. Interesgarria da oso. Horregatik behean txertatu dut. On egin!