Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera

Gu baino hobeto bizi dana...

Leire Narbaiza 2011/07/31 02:46
Egun zoragarrixa gaurkua!

Bizitzan ez da bihar gauza haundirik ondo eta gustora egoteko. Gaiñera, askotan billatu barik sortzen jakuz aukerak, natural-natural. Gaur holako egin biribil edarra izan dot, egun zoragarrixa, aberats askok eukiko ez dabena.

Goizian pelukerixara juan naiz, premiña iztela nekalako. Pelukerixara jautia asko gustzen jatan arren, ez naiz sarrittan juaten; izan be, prisa barik ibiltzia nahi izaten dot, erlojuari begiratu barik. Eta hori ez da hain erreza daroiagun bizimodu honetan. Pelikerixan disfrutau egitten dot, denpora hori neure buruandako dalako, relajatu egitten naizelako, eta bertatik buruan masajia jasota, eta itxura hobiakin urtetzen daodalako ixa beti. Autoestimarako zoragarrixa ezta? Lehengo plazerra

Bazkal ostian bigarren plazerra etorri da: plaiara juan naiz lehelengoz aurten! Eta lagun kuttun batekin. Ez naiz oso hondartza zalia, baina baneukan gogo pixka bat folixo kolore fosforito hau kentzeko, eta trankil-trankil botata egoteko! Ze ondo, kremia igurtzi sendo eta eguzkipian lagunakin egotia, leku polittian, itsasuari begira, haize edarra hartzen... gaiñera, fijau naiz, mutill edar askuak izan dittugu begibistan! Gaztiak, oso gaztiak, baiña begixa alaitzeko aukerakuak.

Hondartzan bertan izan da hirugarren plazerra: baiñua! Asko kostatzen jata baiñatzia, uretan sartzia, bustitzia txarto daroiat, eta gaur ura freskua zeguan, baiña ikaragarri ona: olatuak, ur garbi-garbixa, maria igotzen,... gustua!

Plaiatik urtetzerakuan Deban bertan pote batzuk hartu dittugu herrixan. Bertan lagun batzuekin egin dogu tope eta eurekin segidu dogu poteuan. Ze ondo ibili garan! Zelako jende majuakin alkartu ga Debako kalietan nostalgixia sentidu dot; izan be, 8 urtetik 20ra bertan pasau dittut udak, uda zoragarrixak, bizipenez betiak, deskubrimientoz jositta, iñun baiño libriago... Nostalgixa edarra eta ona, gogorapenez blai.

Azkenian, zurito eta zurito artian, kuadrillan afaltzera juatia erabaki dogu, baiña iñun ez zeguan lekurik! Azkenian, hondartzaraiño juan gara eta itsasuari begira bokata batzuk jan dittugu, abertsak baiño hobeto, umore eta barre artian. Laugarren plazerra. 

Freskuria igarri dogu itsasertzian, eta jertserik ez neukanez, hondartzako pareua etara dot, eta sorbalda inguruan jarri dot. Zelako modelua montau dodan! Zelako estilismua! Jakiña, praka gorri-gorrixak, blusa grisa eta pareo lila hori tokillia balitza moduan jarritta! Zer erantzirako artikulua emongo leuke! Horrekin be algaraka ibili gara, eta ez dogunian modelo desfilia egin....

Halako paisajerik, konpaiñia edarrian, broma pillua eta kariñua. Ederki! Gaiñera, etxeraiño ekarri gaittue, zer gehixago eskatu leike? Gaurkua ezinda diruz pagau, ezin da iñun erosi. Multimillionarixuak holako egun aizan balebe, igual kabiarra jango leukie, edo langostia. Gure bokadilluak, baiña, kabiar edo marisko hori baiño askoz gozuagua egin jakuz geuri! Itzela izan da!

Ondo bizi gara, gero! Zoragarri! Gu baiño honeto bizi dana.......kabroi galanta!

Euskara ala ekologia

Leire Narbaiza 2011/07/27 21:18
Jogurt batzuk erostean egindako hausnarketa.

Esnekien atala izango da supermerkatuan gehien gustatzen zaidan tokia. Bertan dauden gauza guztiak gustatzen zaizkit, eta asko, gainera. Hori dela eta, sarri geratzen naiz parean begira, tuntunen moduan, zer erosi jakingo ez banu bezala. Ez da hori, arazoa da, dena eramango nukeela, eta berritasunak ezagutzea ere gustatzen zaidala. Begira ere, disfrutatu egiten dut.

Gaur ere gauza bera gertatu zait, eta hori jo-puntu argia neukala: jogurt natural arruntak! Floritura barik! Hala ere, parean jarri naizenean, eta produktua begiz jota neukanean, marka bat aukeratu behar! Bi ziren helburu. Biak bertakoak. Biak sasi-baserrikoak.

Zein aukeratu? Antzekoak gustuz, gertutasunez, prezioz. Beraz, beste bi faktore: hizkuntza eta paketatzea. Euskara eta ekologia. Bata kartoizko alferreko paketea, baina elebidun etiketatua; bestea, ordea, pakete barik baina gaztelania hutsean.

Zein erosi? Euskalduna baina zikinagoa, ala ekologikoagoa baina euskararen kontrakoa? Hain gaitza da gauzak ganoraz egitea? Beti eskean ibili behar gara? Inork ez du ekologiaz eta hizkuntzen ekologiaz entzun? Bakarra naiz jogurt-erosleen artean?

Gaurkoan elebidunak irabazi du, baina agian hurrengoan paketatze egokidunak! Beti berdin!

Hiriburu kulturala

Leire Narbaiza 2011/07/25 17:14
badira egun batzuk bueltak darabildala gai hau buruan.

Hasteko esan beharra daukat makro izendapen hauei beti usan txarra hartzen diedala, sarritan megalomania eta eskaparatismoaren sinonimoak baino  ez direlako, batzuei argazkian irteteko aukera ematen dielako, eta betikoa betiko moduan izaten segitzeko direlako. Diru larregi, proiektu handiegiak eta kaleko jendearendako etekin gutxiegi. Azalutsendako aparteko egokiera. Eta sarri, negozio ez oso garbiak estaltzeko.

Facebookeko nire lagun batek horrela azaldu du goiko paragrafoan esan dudana.

Donostia money

 

Hala ere, (galtzaile txar batzuen kasketaldiak kasketaldi) Donostiari eman diotenez, ondo aprobetxatu behar dela uste dut. Gainera, aukera paregabea dela pentsatzen dut gauzak ganoraz egiteko, aurreragorako ere hazia erein eta benetako kultura loratzeko.

Esan beharra daukat hiriburutasun hori eman ziotenean asko kezkatu nintzela; izan ere, telebistakoak kalera irten zirenean eta jendeari galdetu ziotenean, denek esaten zuten: oso ondo, gure hiria hain da ederra, hain ondo jaten da, gure pintxoak...... Barkatu? Ez jaun-andreok, hori ez da kultura! Ai, azalean geratzeko arriskua, atzera ere!

 

Hori da arazoa, kultura saldu beharrean, turismoa saltzen dela, dena nahaspilan. Eta hori ez da helburua, turistendako kultura egitea. Kultura bertakoendako sortu behar da. Sortu eta eragin. Ikusle eta sortzaile izateko. Izan ere, beti esan izan da Donostia ikusle hiria zela: suei begiratzea izozkia janez......

Espektakuluen kultura ere nik ez dut gogoko, ezta makro, super, hiper-kultura ere. Maite ditut espektakuluak ikustea, maisu-lanak bisitatzea, ikusle izatea. Hala ere, Guggenheim kultura makro-kontzertuen kultura huts-hutsean, hutsala begitantzen zait. Nahiago dut herritarrak kulturizatzea, sortzaile bihurtzea, artistei laguntzea, imajinazioa eta sormena sustatzea. Kultura baino, herri kultua nahiago.

Zelan lortu liteke hori? Ez dakit oso ondo, baina hezkuntza bidez egin litekeela deritzot. Komunikabideek ere lagun lezakete langintza honetan, erakargarri bihurtzeko. Konturatu zarete inoiz nola tratatzen den telebistan irakurtzea edo museoak bisitatzea? Aspergarria balitz bezala, interesik edukiko ez balu moduan. Zenbat kalte egiten ari diren!

Argi daukat gauza txikiek eragin lezaketela, sortzaileei laguntzeko unean eta Kukutza gaztetxea bezalako mugimenduan eta taldeak babestu beharko liratekeela, ez euren kontra jo; horrelakoek kultura aterpetu eta babesten dutelako, era xumean, baina jendearengandik gertuen, eta era merkean, gainera!

Kultura ez ezik jende kultua ere lortu gura nuela aitatu dut goraxeago. Zer da, bada, sortzaile mordoa inguru barik? Norbaitek galdetuko du zer esan nahi nuen horrekin, zer den jendarte kultua, norbanako kultua. Ez da handiuste, larjakin, txirriporro, kanpaitsu eta pedantez betetako herria; musika, antzerki, liburu, pintura, eskultura eta abarrez disfrutatzeko gai diren pertsonez osatutako gizartea baizik. Horretarako herri txiki bat har genezake eredu: Eslovenia 

Helburu handia, ezta? Dena den, geldiro eta ganoraz egin litekeelakoan nago, eta horretarako aprobetxatu beharko genuke geroan inbertitzeko, eta ez sei hilabete hutsetan.

Beste gauzatxo bat ere gustura hartuko nuke: kultura olatua Donostiaz gaindi pasatzea eta olatua baino tsunamia izatea, gutxienez, Gipuzkoa osora ailegatzeko, Elena Lakak ondotxo esan duen moduan bere blogean, mugalariok ere eskubidea badaukagu eta!

Gehiegi eskatzen diodala kultura hiriburuari? Beharbada bai, baina horrela izan behar da, ala ez?

Loreen uhartea

Leire Narbaiza 2011/07/18 22:48
Twitterren bitartez deskubritutako film laburra.

Sare sozialek denetarako ematen dute: lagunekin berba egin, dibertitu, tontakeriak partekatu, artikulu serio eta luzeak irakurtzeko, eta gauza bitxien berri jakiteko. Bitxi baina joia esanahiarekin, kasu honetan bezala.

Aste honetan tuit baten bidez ezagutua dut joiatxo hau: "Loreen uhartea", Brasileko film labur hau, 1989an Jorge Furtadok egindakoa. Berlineko 1990 jaialdian film labur onenaren saria irabazi zuen, eta orduko egoera islatzen badu ere, gaur egunerako ere balio du, oso gutxi aldatu dira gauzak eta.

Film honek tonu hezitzailea dauka, irribarrea sortzen duena. ironia ere badarabil, era sotil eta bikainean, egoera oso gogorrak salatzeko. Gure munduaren absurdoaz eta krudelkeriaz dihardu era finean, kapitalismoaren burugabekeria agerian lagatzeko.

Merezi du ikustea, benetan. Beraz, lasai hartu eta esango didazue!

Maitasunaren kontrakoa da beldurra

Leire Narbaiza 2011/07/06 23:39
Asko gustatu zaidan bideoa

 Gaur nire begietara bideo hau iritsi zait. TEDxValencia-n grabatutako Maite Sarrióren hitzaldia: Empoderamiento y Amor para la Felicidad (Burujabetzea eta maitasuna zoriontasunaren bidean).

Bati baino gehiago arraroa edo txotxoloa begitanduko zaio honen gaineko ezer ikustea. Beste batzuek pentsatuko dute "new age"-ko beste txorakeria bat dela. Eta besteek usteko dute buruloka hutsa naizela holakoetan denbora emateko. Niri bost. Pentsatzen dut horrelakoak entzuteak noizean behin sekulako mesedea egiten digula, eta batzuek lehenengoz entzungo dutela halako jardunik. Ondo etorria izan dadila, bada.

Gizon eta emakumeok dugulako geure buruaren jabe izateko eskubidea. Horretarako beldurra uxatu, eta artalde izateari lagatzeko. Gu geu izateko, mundua hobea izan dadin, zoriontasunerako bidean.

Hala, ba, on egin dagizuela!

Xalaren lagunaren look berezia

Leire Narbaiza 2011/07/02 13:30
Sustatuko Zer erantzirako idatzitako posta.

Pilotazalea ez naizen arren, ezinbestean jarraitu dut Xalaren afera. Baita haren prentsaurreko sentitua ere. Eta prentsaurreko honetan atentzioa Xalaren lagunak eman zidan, oso argazki gutxitan ikusi dudana, baina post oso bat merezi duena. Berriako portadan baino ez nuen lokalizatu, baita bideo batean ere. Gero argazki bila ezinean ibili ostean pdf-aren errekorte bat egitea beste erremediorik ez dut izan. Ui, pentsatu nuen, nor da Xalaren laguna, look berezi horrekin?Xalaren laguna

Eta hor jardun nuen bila: prentsaurrekoaren argazkietan ez zen agertzen, argazki oinak zioen medikuak eta abokatuak lagundu ziotela, prentsaurrekoaren bideo oso ikusi eta ezer ere ez, mutila ia agertu ere ez zen egiten, baina argi zegoen Xalaren gertukoa zela.

Intrigatuta nengoen; izan ere, bere itxurak atentzioa eman zidan, anbibalentzia handia sortuz. Alde batetik, bazirudien oso "artista" zihoala prestatuta fular more horrekin, eta pilotari baten ondoan, txapela jantzita hain berezi "folklorikoegi" ere iritzi nion. Hala ere, asko gustatu zitzaidan; bere itxurari ondo zetozkion osagarri biak, original eta erakargarri zegoela ere begitandu zitzaidan. Dena den, gauza bat oso garbi neukan: gizonezko hura ez zela hegoaldekoa, euskalduna bai (bere soslaiari begiratzea besterik ez dago, komunetan gizonezkoena seinalatzeko erabiltzen diren taila horietako bat dirudi, barren!), iparraldekoa izan behar zuen, ezinbestean. Hegoaldeko zein gizonezko ausartuko litzateke horrela agertzen?

Baina inkognita buruan nerabilen oraindik, aurpegi hori oso ezaguna egiten zitzaidan. Nor ote zen? Halako batean argitu zitzaidan kaskoa eta Ramuntxo pastorala etorri! Prefosta, sujeta zen! Ramuntxo bera!

Googlera jo nuen eta bideoan ikusi nuen:

Bideoan 2:30 minututik aurrera ikus dezakezue, oraingoan ere txapela era berezian jarrita.
Hariari tira nenbilela jakin nuen izena Juhane Dascon zuela Xalaren lagunak, eta gainera ikus-entzunezkoen egilea dela! Berak egina da "Iparraldea 21" dokumentala, eta Xala dokumentalaren gidaria:

Iparraldea 21 - HD from Euskal kultura - Culture basque on Vimeo.

Eta argazkiz argazki deskubritu nuen Juhane Dasconek fular more hori gehiagotan ere erabili izan duela. Poztu egin ninduen, ez baitzen pose bat, planta hutsa prentsaren aurrean agertzeko. Gainera, jakingo balute gizonek ze ondo ematen dieten zapi, fular eta bufandek! Gure Ramuntxo ikustea besterik ez dugu!

Zer erantzi irakurri duzuenok ere jakingo duzue zenbat maite dudan txapela. Dasconek erakutsi digu hainbat modutara jantz daitekeela, udaltzain moldea ez dela bakarra. Era berean, argi dago bakoitzak ondoen geratzen zaion modua aurkitu behar duela. Hori bai, ausardia eta estiloa baino ez da behar.

Klik eta klik txapela janzteko modu batzuk aurkitu ditut:

Jatorrizkoa: Berria

  • Sabin bikandi musikaria. Behin baino gehiagota ikusi dut txapela desberdin jantzita eta nire ustez oso goapo dago horrela.

Jatorrizkoa: Aikotaldea

Jatorrizkoa: Domeinu publikoa Txo, Wikimedia

Hainbat era, desberdin eta gustukoak izan litezkeenak. Dena dela, xiberutarrek zenbat duten oiraindik erakusteko eta irakasteko!

Martxel

Leire Narbaiza 2011/06/20 18:04
Gure bigarren loibia!
Martxel

Oin aste bi, hillan 3an, jaixo zan Martxél Mendaron. Mutiko edarra da, gero, hiru kilo eta erdikin jaixo eta gaur egun lau dakaz. Moreno-morenua da, eta nahiko luzia. Begixak txinito-txinito dakaz, baina koloria ez da igartzen. Hori bai, esan geinke urdin argixak ez dittuala izango :-)

Lo asko egitten dau, eta lasaixa da. Ez gagoz horrera oso ohittuta, eta egre gurasuak espero dabe luzaruan holakua izatia!

Ikaragarrixa da ze txikixak diran jaixo barrixak, zelan ahaztutzen dan ze guxi pexatzen daben, ze gauza gitxi diran! Eta beti harrittuko nau zelako suabiak diran, baitta zelako usan gozua daken baiñau barik be!

Emoten daben pakia be itzela da, besuetan hartuta lo dagozela edo esnarik, berdin detsa, momenturik ederragorik ez dago.

Danok pozik: ama, aitta, amamak, aittitta, eta tiak, adurra darixola. Gaiñera, Gariri mimuak emoteko hau baiño aukera hoberik badago? Ba ez, iñoiz baiño pa eta laztan gehixago emoten detsaguz alkarreri, eta hori, gaur egun, eta euskalduna izanda eskertzekua da!

Hori ba, Martxel etorri jakula, eta Garik emon deskun bizipoz bera emongo deskula seguru nago. Ondo etorri, politt hori!

Diskretu izatea

Leire Narbaiza 2011/06/14 17:00
Batzuek bertutea ikusten duten lekuan, nik akatsa.

Euskal Herrian diskretua izatea bertutea da; nabarmentzea, ostera akatsa, saihestu behar dena. Berritsua edo alferra izatea bezain gaitzesgarria.

Hala ere, diskretutasun (edo diskretukeria) horren atzean, gizarte tradizionalaren betoa, tabua eta errepresioa baino ez dago. Nortasuna izatea, desberdin izatea erreprimitu beharra dago. Hobe masa, hobe artalde.  

Inguruan baditut diskrezio hori goraipatzen dituztenak: kolore diskretuak, barre diskretuak, elkarrizketa diskretuak.....baina diskretua mediokrea da, erdipurdikoa. Zer dira, bada, emaitza diskretuak? Hobetu beharrekoak!

Gure herrian, eta batez ere janzkeran, kolore diskretuak, estanpatu diskretuak, arropa diskretua... oso-oso erabiliak izan diren terminoak dira, horiek klasea edota dotorezia emango digutelakoan. Hain oker daude, ordea! Mediokritatetik eta originaltasun faltatik nekez sor bailiteke dotorezia.

Bestetik, kontrol soziala ere badela esango nuke. Aipatu dudan moduan, berdindu baino elkarrengandik ez desberdintzera bultzatzen gaituelako; sena, gustua eta kreatibitatea zapalduz, gizakiak gris, triste eta uniforme bihurtuz. Pertsonak jende bilakatuz, berba baten.

Nabarmentzeari beldurra dionak, gaitz dauka indibiduo izatea. Joerak erreprimitzen dituenak zail du libre izatea.

Gastua eta inbertsioa

Leire Narbaiza 2011/06/02 18:17
Begitu aldizkarirako idatzitako

Hauteskunde usaina oraindino ez zaigu airetik joan. Badirau, denboran luze jotzen duelako: aurre-kanpaina, kanpaina bera, hausnarketa eguna, bozketak, kontaketak, botazio ostekoak, aliantzak, itunak, kromo aldaketak,..asteak politikaz entzuteko, erakunde berriak osotu aurretik.

Eta denbora eternal honetan politikoen berbak entzuten ditugu etengabe, egingo dituzten gauza zoragarriak agintzen, guretzat dauzkaten proposamen ezin hobeak plazaratzen, ahoa promesaz beteta. Dena polita eta berria, guztia esperantzaz betea. Hala ere, inork gutxik dio zer egin duen txarto, zein agindu bete ez dituen, ezer ere ez jan duen berbaz. Hori guztiori ahaztuta geratzen da aurreko kanpainaren kutxaren barruan, aurtengo kanpainakoa ere, lau urte barru, kutxa horretan ahaztuta geldituko den itxaropenaz.

Dena dela, hori ez da izan kanpaina honetan harritu nauena; izan ere, politikariek ohituta gauzkate horrelakoetara. Oraingoan atentzioa eman dit zelan erabili dituzten berba bi, oso era esanguratsua delako pertsona baten benetako pentsamendua ezagutzeko. Berba hauek “gastua” eta “inbertsioa” izan dira.

Hitz biak Harluxet hiztegi entziklopedikoan kontsultatu ditut, eta gastatu eta inbertitzeko ekintzak direla jartzen du. Beraz, hiztegi berean gastatu eta inbertitu aditzak bilatu ditut era hauxe dio: Gastatu: 1. du ad. Dirua zerbaitetan erabiliz ahitu (amaitu).Inbertitu: du ad. EKON. Errentagarritasuna lortzeko asmoz, ekipamendu- nahiz kapital-ondasunetan edo finantza-aktibotan aurrezkiak erabili.

Argi dago, ezta? Gastuak diru barik uzten gaitu eta inbertsioak, gastua bada ere, errentagarritasuna dakarkigu. Horregatik eman dit atentzioa gu gobernatzen jarri gura dutenek zelan erabiltzen dituzten berbok. Osasungintza, kultura, euskara, hezkuntza aitatzen dutenean gastu berba darabilte; azpiegiturak ahotan hartzen dituztenean, ostera, inbertsio hitza da entzunena. Baina hau horrela da? Bat zatozte honekin? Ni ez.

Kultura, hezkuntza, osasuna, euskara,…gastua dira, ez dago dudarik. Hala ere, dirua arlo hauetan irazi ezik, ezin da ongizaterik sortu. Jendarte osasuntsua eta kultua aberatsa da, dirutan ez ezik, izpirituan ere. Bian gure diru publikook azpiegituretan xahutzen baditugu, zer geratuko zaigu? Porlana eta galipota, besterik ez.

Esango didazue porlanak eta galipotak beharra ematen dutela, enplegua sortzen dutela, eta horrek aberastasuna dakarkiola gizarteari, baita erosotasuna ere. Arrazoia, baina osasunean, euskaran, kulturan eta hezkuntzan inbertitzeak ere ez ditu lanpostuak sortzen? Ez dago horren atzean kontsumoa, enpresak, turismoa, oporrak, botikak, masajeak, ospitaleak, anbulatorioak eta komunikabideak. Ez ote dira hamaikatxo pertsonaren ogibide? Ez ote dute beste pertsonen bizimodua hobetzen eta indartzen. Ez ote da inbertsio merkeagoa?

Azpiegiturek bizkorrago joanarazten gaituzte, eta egia da, askotan erosotasuna ere ematen digutela. Hala eta guztiz ere, ez dira garestiegiak? Ez dute gehiegi kutsatzen? Gainera, esango nuke sortzen dituzten etekin ekonomikoak gutxi batzuen mesedetarako baino ez direla. Nola berreskuratzen dute, bada, erakundeek jarritako dirua? Errepide batek zelan ematen ditu etekin ekonomikoak bidesari barik? Zerga bidez esateak ez du balio, enpresa kulturalek ere zergak ordaintzen dituztelako. Norbaitek azalduko balit….

 

Futbolkrazia eta despotismoa

Leire Narbaiza 2011/05/31 00:28
Gaur egungo gaitz bi.

Maiatzeko asteburuak oso konplikatuak izaten dira, denetatik izaten baitugu. Badirudi uda baino lehen mundua amaituko zaigula, eta elkarte, lagun-talde eta eskolek jaiz et ebentoz betetzen digute aisialdia. begira bestela Asier Sarasuak zelakoa izan duen maiatza

Antza denez, futbol txapelketa ia guztiak ere maiatzean amaitzen dira, edo amaitzear daude. Hori dela eta, partida pilo bat ematen dituzte telebistan eta egunkariek hil ala bizko dueluez hitz egiten digute; eta mendeko matchak jotzen dira asteburu baten bai, bestean ere bai.

Ez litzateke hain txarra izango futbola aitzakia hutsa ez balitz, edo foballa (Eibarren esaten diogun moduan) zikina estaltzen duen tapiza bihurtuko ez balute: arazoak badaude, erratza erabili eta futbol-alfonbrapean ezkutatu.

Asteburu honetan horren adibide bi izan ditugu, bata Bartzelonan, bestea Eibarren. Bartzelonan Champions-aren aitzakian, Katalunia plazan zeuden suminduak botatzeko euren eskuetan zeukaten indar guztiarekin. Eskusa ezin hobea nahi zutena egiteko. Zorionez, plazara itzuli ziren hurrengo egunean bertan.

Eibarren ere despotismoa erabili da fulbolkraziaren loriarako. Asteburuan 46. Euskal Jaia ospatu dugu (ondo diot ospatu, disfrutatzeko festa delako). Horretarako Untzaga plazaren alde biak erabiltzen ditugu jaia herriaren bihotzean egon behar delako, nahiz eta karpa jartzea askori ez gustatu. Dantzak harmailen aldean egiten dira, eta karpa udaletxe aldean jartzen da. Aurten Eibar futbol taldearen partida ere bazen larunbat arratsaldean, eta posiblea zen 2. mailara igotzea, eta jokalariei ongietorria egitea Untzagan.

Hori dela eta, alkatearen idazkariak astelehenean deitu zien Klub Deportibokoei (Euskal Jaiko antolatzaileak) batzar bat egiteko, eta bertan plazak trukatzea proposatu zien. Batzordekoek bilera egin ondoren, idatzi bat prestatu zuten alkatearendako, txarto iruditzen zaiela aldaketa esateko, eta trukatu barik ere, jai biak konbinatu zitezkeela. Horretarako, bestelako proposamenak ere egin ziren. Desadostasuna ere adierazi zioten, eta bere esku laga erabakia. Hori guztia, asteartean izan zen.

Asteazken eguerdian alkatearen idazkariak esan zien ahoz erabakia plazak trukatzea zela, eta idatziz ere jasoko zutela erantzuna. Komisiokoek S. D. Eibarko presidente eta direktibo batekin hitz egin zuten egindako gestio guztien berri emateko. Ostegun goizean etorri zen alkatearen erantzun definitiboa idatziz: alkatearen dekretua! Nik diodalako, nik nahi dudana egingo dut. Beraz, karpa harmailen aldean, eta dantzak  udaletxe aldean. Gora demokrazia!!

Gero, ez igotzeko, gainera! Dantzariena izorratu (jendea zutik luzaroan eta ganoraz ikusi ezinda) eta ongietorririk ez! Megafonia ekipo oso bat alokatu, erabili barik itzultzeko! Krisi sasoian! Baina futbolarendako dena da ona, dena da zilegi! Molestatzen duena baztertu, estalki perfektu batekin! Futbolkrazia despotismoaren mesedetan, eta alderantziz, sinbiotikoak dira-eta!

Herritarrak etsita, aspaldi amore emanda. Eta berari botoa ematen jarraitzen diote....Ikasiko ote dute inoiz?

PD: Posta aldatu dut lehenengo eskuko informazioa izan dudalako, ez zelako nik kontatu nuen moduan izan. Mila esker informazio osoarengatik.

Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua