Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Kalamuatik Txargainera / Hiriburu kulturala

Hiriburu kulturala

Leire Narbaiza 2011/07/25 17:14
badira egun batzuk bueltak darabildala gai hau buruan.

Hasteko esan beharra daukat makro izendapen hauei beti usan txarra hartzen diedala, sarritan megalomania eta eskaparatismoaren sinonimoak baino  ez direlako, batzuei argazkian irteteko aukera ematen dielako, eta betikoa betiko moduan izaten segitzeko direlako. Diru larregi, proiektu handiegiak eta kaleko jendearendako etekin gutxiegi. Azalutsendako aparteko egokiera. Eta sarri, negozio ez oso garbiak estaltzeko.

Facebookeko nire lagun batek horrela azaldu du goiko paragrafoan esan dudana.

Donostia money

 

Hala ere, (galtzaile txar batzuen kasketaldiak kasketaldi) Donostiari eman diotenez, ondo aprobetxatu behar dela uste dut. Gainera, aukera paregabea dela pentsatzen dut gauzak ganoraz egiteko, aurreragorako ere hazia erein eta benetako kultura loratzeko.

Esan beharra daukat hiriburutasun hori eman ziotenean asko kezkatu nintzela; izan ere, telebistakoak kalera irten zirenean eta jendeari galdetu ziotenean, denek esaten zuten: oso ondo, gure hiria hain da ederra, hain ondo jaten da, gure pintxoak...... Barkatu? Ez jaun-andreok, hori ez da kultura! Ai, azalean geratzeko arriskua, atzera ere!

 

Hori da arazoa, kultura saldu beharrean, turismoa saltzen dela, dena nahaspilan. Eta hori ez da helburua, turistendako kultura egitea. Kultura bertakoendako sortu behar da. Sortu eta eragin. Ikusle eta sortzaile izateko. Izan ere, beti esan izan da Donostia ikusle hiria zela: suei begiratzea izozkia janez......

Espektakuluen kultura ere nik ez dut gogoko, ezta makro, super, hiper-kultura ere. Maite ditut espektakuluak ikustea, maisu-lanak bisitatzea, ikusle izatea. Hala ere, Guggenheim kultura makro-kontzertuen kultura huts-hutsean, hutsala begitantzen zait. Nahiago dut herritarrak kulturizatzea, sortzaile bihurtzea, artistei laguntzea, imajinazioa eta sormena sustatzea. Kultura baino, herri kultua nahiago.

Zelan lortu liteke hori? Ez dakit oso ondo, baina hezkuntza bidez egin litekeela deritzot. Komunikabideek ere lagun lezakete langintza honetan, erakargarri bihurtzeko. Konturatu zarete inoiz nola tratatzen den telebistan irakurtzea edo museoak bisitatzea? Aspergarria balitz bezala, interesik edukiko ez balu moduan. Zenbat kalte egiten ari diren!

Argi daukat gauza txikiek eragin lezaketela, sortzaileei laguntzeko unean eta Kukutza gaztetxea bezalako mugimenduan eta taldeak babestu beharko liratekeela, ez euren kontra jo; horrelakoek kultura aterpetu eta babesten dutelako, era xumean, baina jendearengandik gertuen, eta era merkean, gainera!

Kultura ez ezik jende kultua ere lortu gura nuela aitatu dut goraxeago. Zer da, bada, sortzaile mordoa inguru barik? Norbaitek galdetuko du zer esan nahi nuen horrekin, zer den jendarte kultua, norbanako kultua. Ez da handiuste, larjakin, txirriporro, kanpaitsu eta pedantez betetako herria; musika, antzerki, liburu, pintura, eskultura eta abarrez disfrutatzeko gai diren pertsonez osatutako gizartea baizik. Horretarako herri txiki bat har genezake eredu: Eslovenia 

Helburu handia, ezta? Dena den, geldiro eta ganoraz egin litekeelakoan nago, eta horretarako aprobetxatu beharko genuke geroan inbertitzeko, eta ez sei hilabete hutsetan.

Beste gauzatxo bat ere gustura hartuko nuke: kultura olatua Donostiaz gaindi pasatzea eta olatua baino tsunamia izatea, gutxienez, Gipuzkoa osora ailegatzeko, Elena Lakak ondotxo esan duen moduan bere blogean, mugalariok ere eskubidea badaukagu eta!

Gehiegi eskatzen diodala kultura hiriburuari? Beharbada bai, baina horrela izan behar da, ala ez?

arantza
arantza dio:
2011/07/25 19:58

Donostiatik, ados zurekin; mundu globalizatuaz etengabe hitz egiten den garaian, "progreso"aren alde dauden horien diskurtsoetan ematen du globalizatzeko modu bakarra guregandik 10.000 kilometrora dagoen zibilizazioarekin bat egitea dela. Baina... Astigarraga ez da existitzen. Nik, zurekin batera, uste dut kultura olatua Donostiaz gaindi Gipuzkoara iristea beharrezkoa dela. Txikiegia da Donostia Gipuzkoarik gabe, Gipuzkoa ere Donostiarik gabe txikiegia den bezala. Eta denon artean lortu beharko dugu, badakigulako ze zailtasun handia izaten duen administrazioak sormenari bidea emateko. Nik uste dut Bilduko alkatetzak baduela hori egiteko gogoa; erne egon beharko!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Leire Narbaiza Arizmendi

Irakaslea eta blogaria (+)

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan

Madalenak Kafesnetan atala
#MadalenakKafesnetan

Artxiboa
2024 2023 2022 2021 2020 2019 2018 2017 2016 2015 2014 2013 2012 2011 2010 2009 2008 2007 2006 2005
Kontagailua