Patxito, amatxito!
-Amatxito!
-Zer, bihotzito?
-Eman patxito!
Ez naiz zoratu, ez dut ezer asmatu. Kalean entzundako berbak dira, euskaldunen ahotik. Familiaren transmisioaren bidezko euskaradunak, sarritan alfabetatuak, euskaraz bizi direnak, herri nahiko euskaldunetan. Aitzakiarik gabeak. Ulertezina!
Badakit gure lagun Marimaistrak oihu eta espantuka jardungo lukeela halakoak entzutean, baina niri neuri negargura sortzen didate; zeharo normaldu eta hedatu direlako, batez ere umeei zuzentzen gatzaizkienean. Arrunta da guraso eta zaintzaileen ahotik entzutea kremita, frutita, txaketita, platanito, bokadillito,… horrela zuek nahi dituzuen guztiak! Eredu paregabea gure umeendako.
Etxeko txikienekin erabiltzearen poderioz, gainera, nagusion hizkuntza ere bihurtzen hasi da. Lagun batek esan zidan kuadrillako afarian batek “beltzito” esan zuela, mutil beltz batez berbetan zebilela! Beltzito! Ufa!
Baina zer dela eta munstrokeria hau, euskaraz badugunean txikigarririk? Ez ote du nahikoa txikitzen -txo atzizkiak? -tila-k? -xe-k? -xka-k? Kontuan hartu patxito-k eta amatxito-k patxo eta amatxo dutela oinarri! -ito gaztelaniazko atzizkia gehitu, zertarako?
…eta kitto aldizkarian 2016ko ekainaren 3an argitaratutako zorion agurra
Zergatik gertatzen da hau? Ez dakit burmuinean zer dugun, baina argi daukat gaztelaniak agintzen duela gugan. Izan ere, gaztelaniaz arlo batzuetan txikigarriak oso-oso zabalduta daude. Esate baterako, sukaldaritzan: unas verduritas, con patatitas, pescadito, un vinito, … Horrela, badirudi jaten eta edaten dugunak ez gaituela gizenduko, edo kolesterolik sortuko. Arinagoa dela, alegia.
Umeekin gaztelaniaz hitz egiten dutenen artean ere oso zabalduta dago txikigarriena: un besito, las frutitas, ten caramelito, la cremita, dame un abracito, ¿quieres agüita?, límpiate la carita,... Esaten zaien ia guztiak dauka -ito/-ita. Konturatu ez bazarete, zabaldu belarriak! entzungo duzuenak txundituta lagako zaituzte! Etengabe ari dira dena txikiago bihurtzen, horrela gozoago balitz bezala.
Betiko moduan, erdararen legeari jarraitu behar diogu. Gazteleraz txikigarriak? guk ere bai. Jakina, arrotza egiten zaigu krematxoa, frutatxoak, txaketatxoa, platanotxoa, bokadillotxoa esatea, euskararen tradizioan txikigarriak gauza txikiak adierazteko balio duelako, ez dira erabiltzen kontu afektibo edo goxoetarako. Horretarako beste modu batzuk ditugu.
Halere, ezin diot azalpenik eman patxito eta amatxitori! Logika guztietatik kanpora geratzen dira! Norbaitek aurkituko balu, mesedez argitu diezagula!
Azkenean, baina, gure errealitate gordina, beti agertzen dena: gaztelaniari men egiten diogu, etengabe, gurea ahaztuta! Irauliko ahal dugu jokamolde hau!
Berdeguniak nun?
Zarata, porlan eta asfaltua. Halakua da gure herrixa. Mendi berdez inguratuta, baina zulo grisa da, eta naturalezatik gitxi dakana. Arrate ballen nahikua ei dakagu.
Jardiñeta izeneko kalia be badago. Gaur egunian haluzinantia egitten jaku institutoko alde horren izena. Jardiñak nun dagoz? Antxinako izenak gordetzen onak izango gara eibartarrok, baina benetakua, esentzixa, aspaldi galdu genduan!
Parke barrixa egin, parterre guztiak kendu, zinbili-zanbuluak ipiñi eta lurra berdez pinttau. Arbola txikixak be jarri dittue, lorontzi itzeletan. Hori badakigu egitten, zugatzak kaixoletan sartzen. Edo estresatzen, Untzagako arboleri pasau jakuen moduan.
Plazetan dittugun platanuak be guri ondo datorkigunian iñausten dira; ez zugatzak bihar dabenian, ostuak larregi zikindu ez deixen. Dana oso logiko, baiña ez ekologiko.
Txakurrak kaka egiten dabela bedarretan? Kendu deigun bedar hori eta pakia!
Ointsu, Bidebarrixetako blokietan lanak. Parkiok umetan leku magikuak izan dira askorendako. Akorduan dot, guretako inguru basatixa zala, toki sekretu eta ezkutuak zittuana herrixan bertan. Baiña azken bi obrekin bezau eta benderau dittue: oin kanposatu itxuria hartu dau batek; bestia baldosa eta porlanez beteta laga dabe. Lastimia!
Jakiñekua da, Eibarren herriko berdeguniak edo margotutakuak dira, edo guardia zibillaren kuartela. Noiz arte?
Ezkortasun borrokalaria
Ezkor nabil, oso ezkor. Azken hilabeteetan inguruan sumatzen dudanak ikuspuntu ezkor hori sortu dit, ez nuke esango izaera kontu hutsa denik. Edozein komunikabide zabalduta motiboak nonahi ikusiko ditugu: gerrak, jendea goseak eta ihesean, beroketa efektua eta klima aldaketa, emakumeen kontrako erasoak, lan prekarioak eta pobrezia, eskubide sozialak murriztuta, presoak etxetik ehunka kilometrora, aberatsak gero eta aberatsago, esplotazioa,… Hau guztiau gero eta nabarmenagoa izateaz gain, zailago ikusten dut konponbidea, hara hor nire ezkortasuna.
Ezkortasunak badu halako fama txar bat. Nire ustez, fama txar hori kontzeptuak nahastetik dator; izan ere, ezkortasuna sarriegitan etsipenarekin lotzen da, amore ematearekin. Ez dut esango harremanik ez dutenik, batzuetan ezkortasun horrek paralisira eramaten gaituelako: hain gaizki badago guztia zer egin dezakegun, bada? Ezer ez. Hori da kasu batzuetako arrazonamendua, prentsa txarra ematen diona ezkortasunari. Maiz, pentsatzen dut, baikorrek zabaldutako desprestigioa dela. Gaur egun, auto-laguntza liburuen erruz eta paulocoelhotarrek lau haizetara hedatutako ideiak daude horren muinean.
Baina baikortasunak ere sortzen du paralisia. Dena ondo irtengo da, gauzak hobeto daude, dena ondo doa. Mantra moduan errepikatzen dute hainbat politikarik (denoi etorriko zaigu burura Aznarren “España va bien” famatua). Eta tanta txinatarraren moduan, buru-hezurra zulatzen digu, hondora sartu arte. Don’t worry, be happy! Happy izatea baita garrantzitsua, worry, kezkatu barik. Positibotasun hutsala, poziktibity.
Pesimismoak zenbaitetan, perlesiak jota utz gaitzake, egia da. Baina beste batzuetan, ostera, aktibatu ere egiten gaitu. Amorruz bete, haserretu, sumindu. Eta borrokarako grina piztu, jakin arren irabazteko lanak izango ditugula, edo bataila galdua dela. Baina ez dezatela esan ekin ez geniola, ez genuela ezer egin horren alde. Horrela nago ni: ezkor baina borrokalari, kementsu. Edo gehiago gustatzen zaidan eran esateagatik: guerrera nago. Oso!
Ezkor eta borrokarako gogoz nago ni, adibidez, euskararekin. Zabaldu den diskurtsoak dio euskararen egoera hobea dela, osasuntsuagoa. Inoiz baino euskaldun gehiago dagoela, eta inoiz baino gehiago erabiltzen dela idatziz euskara. Ados. Baina nire pertzepzioa beste bat ere bada: euskara gehiago jakin baina gutxiago erabiltzen dela, eta sarritan erabiltzen den hizkuntzak men egiten diola erdaren arauei. Gaztigatu izan didate ez halakorik esateko, ezkortasunak ez duelako inor erakartzen, eta guk, euskaldun euskaltzaleok, erakarri egin behar dugula jendea, ez uxatu. Baina erakargarritasun kontu hauekin beti etortzen zait burura emakumeoi etengabe bidaltzen dizkiguten mezuak: izan zaitez eder, erakargarri bestela ez duzu inor limurtuko. Guk geure kabuz ez dugula ezer gutxi balio, alegia. Dena faltsua eta artifiziala izan behar garela, gezur bat saldu behar dugula.
Konforme egon ninteke ideia horrekin, jendea gureganatu behar dugu euskaldunok. Baina ez gabiltza hileta jotzen, nahiz eta Koldo Izagirrek autopsiarako frogak idatzi, ez dugu izkinetan negarrik egiten. Jon Sarasuak esan bezala, botila ez dagoelako ez erdi-hutsik, ez erdi-beteta; botila zulatuta dago.
Hemen Gipuzkoako Hitzaren webgunean
Tribuaren berba debekatuak
Tribu berba entzunda, berehala etorriko zaizue burura Anna Gabriel, CUPeko politikari katalana. Izan ere, bere adierazpen batzuk aldrebestu eta Espainiako sektore erreakzionarioek bazterrak nahastu dituzte.
Gurean ere, entzun dira hainbat iritzi Gabrielek esandakoaz. Egia esatera, espantu gutxi sortu dituzte adierazpenok. Adibidez, Aritz Galarragak twitterren esan zuen bezala, haurrak tribuan hazi behar direla. Erotuko ez bagara, behintzat. Umeak hazteko argi dago pertsona-multzo handia behar dela, familia izan, lagunak izan, kontratatutako norbait izan. Daramagun bizimodu zoro honetan ez dago beste erremediori, kontziliazioarena animalia mitologikoa baita. Beste norbaiti ere irakurri nion umeak ordu luzez lagatzen ditugula tribu handi baten barruan, eskolan, eta inork ez duela ezer esaten.
Ergeldu gara erabat: izan dituenak badaki, gutxiago-gehiago, haurrak tribuan hazi behar direla. Erotuko ez bagara https://t.co/kWeU3jxc2C
— Aritz Galarraga (@aritzgalarraga) 2016(e)ko maiatzak 12
Tradizionalki hala izan da seme-alabak haztearena, familia oso handi baten barruan elkar zaintzen zuten beste senide batzuekin batera. Tribu ez ziren izango, beharbada; klana da, agian, hobeto definitzen duen berba. Baina hitz hori ijitoei baino ez zaie egokitzen. Adierazgarria, benetan.
Neuk ere uste dut haurrak era globalagoan hazi beharko liratekeela. Txikiei on egiten diela jendez inguratuta haztea. Maitasuna eta goxotasuna emango dien jendez inguratuta, jakina. Adin eta molde desberdinetakok badira, hobeto. Askoz aberasgarriagoa izango da ume horien handitze prozesua. Konbentzituta nago, eta horren alde egiten dut ahal dudan guztietan. Hezkuntza sozialaren alde, bizikidetza helburu.
Iruzkinen zurrunbiloaren erdian, asko molestatu nau kazetari atzerakoi eta usain zaharmindu duten hauek nola erabili duten “tribu” hitza. Gizon zuri europar heterosexualen aitakeria hutsa izan da. Salakota jantzita Afrikara giza-talde berriak deskubritzera zihoazen esploratzaileen gisara. Ondoren, gizaki horietako ale batzuk Europara ekarri eta jendaurrean erakutsi, animaliak legez zoologikoetan. Patxi Huarte Zaldieroa-ren Gizon Jakintsuaren modukoak dira modernitate, kosmopolitismoa eta aurrerabidearen paladinak. Berba baten, tribuetakoak ez direla pertsona adierazi nahi digute. Halakorik?! Klasismo purua, nagusikeria.
Ez dakit, ordea, zergatik jarraitzen dugun harritzen eta asaldatzen iritzi-emaile hauen adierazpenekin. Aurreko baten ere hilekoaren kopak zirela-eta, sekulako iskanbila sortu zen. Hor hitz tabuetako bat agertu zen: hilekoa. Andrazkoondako oso gauza naturala eta arrunta bada ere, arlo pribatuan baino ezin da aitatu. Baina udaletxe bateko pleno aretoan? Ene! Sakrilegioa! Diskrezioz eraman beharreko kontua da, barren! Menstruatu, baina ez dadila igarri!
Argi dago, halako periodisten ahotik emakume batzuen adierazpen eta jarrerak beti izaten direla eskandalurako bide. Kopetako-ilea dela, elastikoak direla, itxura dela, etengabe daude kritika hutsalaren jo-puntuan. Dena den, gero eta konbentzituago nago sasi-kazetariek (hori baitira) andre hauen adierazpenen aurrean zalaparta nahita sortzen dutela, behe-laino trinkoa osotzeko asmotan, dena lanbrotu dakigun eta ostendu. Andrazko hauek ilargia seinalatzen duten bitartean, publikoak –ergela delakoan– astrapalari begira diezaion. Anekdota hutsean gera gaitzen. Emakume horien berbak gustura debekatuko lituzkete, baita euren tribuak ere
Mitoak eta maitasun falta
Azken boladan, bideo bat dabil bueltaka sare sozialetan eta, horren ondorioz, komunikabideetan oro har. Paul Langfocus-ek egin du. Gizon hau Kaliforniako youtuberra da, eta hizkuntzen gaineko bideoak egiten ditu. Oraingoan, euskararen txanda izan da, eta ingelesez era txukunean dakartza gure hizkuntzaren nondik norakoak.
Hala ere, emandako zertzelada batzuk topikoegiak iruditu zaizkit. Alde batetik dio euskara hizkuntza isolatua dela, Euskal Herria isolatuta egon zelako. Isolatua? Nolatan izan liteke euskara hizkuntza isolatua hitz gehienak beste hizkuntza batzuetatik etorrita? Euskal Herria isolatua? Hona erromatarrak, zeltak, arabiarrak, gaskoiak, bikingoak,… etorri dira, barren! Pirinioak pasatzeko leku handi bi zeuden, eta bata bertan! Ezin isolatuta egon!
Nago, baina, kanpotarrek egindako bideo hauen arrakasta –barkatu zatarkeria– gure kanpolarrosismoan datzala. Kanpoan egiten dute halako zerbait, eta biral bihurtzen dugu ziztu bizian. Eta badakizue, kanpolarrosismoak etxekardismoa dakarrela; hau da, etxean egindako lan serio eta osoei ez diegula jaramon larregi egiten. Gure patua!
Hau guztiau esango nuke maitasun faltagatik dela. Bai, dugun gutxiagotasun konplexuagatik. Gutxitan tratatzen gaituztelako goxo. Horregatik oihartzuna, ez gaudelako gauza onetara ohituta. Beti baztertuta, beti eskubideak eskatzen eta aldarrikatzen, gorroto eta autogorrotoak jipoituta. Gutxi maite izan gaituzte, eta maitatu gaituztenean miresmen estetiko hutsa izan da. Gutxitan grina eta pasioa bere baitan duen maitasunaz, sexua eta kariñoa uztartzen dituenaz.
Euskara eta euskaldunak maitatu ez dituztenek badakigu nola tratu gaituzten, debeku, zigor eta mespretxuz. Ez dut larregi aitatuko, denok sufritu dugulako noizbait maitasun ez edo gorroto hau.
Maitatu izan gaituztenek, ordea, sarriegi tratatu izan dute euskara Ming dinastiako murko bat balitz bezala: ukiezina, ederra, hauskorra, bitrinan sartzekoa. Hizkuntza puru eta garbia. Museoko gaia, alegia. Guk, baina, euskara zikina nahi dugu, bastarta. Lokatzetan sartua, irainez betea, lizuna. Erabilerak maiztua, esamoldez betea, gaztea eta zaharra, internazionala eta txokokoa. Bitrinatik aterata, erabilia. Maitasunaz berba egiteko. Eta sexuaz. Nabarra eta narrasa. Jasoa eta kalekoa.
Maitatzen ez bagaituzte ere, maita dezagun geure burua. Hortik hasiko dugu-eta bidea. Laga ditzagun misterioak eta mitoak. Ez diezaiogun auzoari hainbeste begira, so diezaiogun gehiago geure zilborrari. Eta gu geurera!!!
Gorputz publikoak
Duela pare bat aste telebista hondatu zitzaidan. Ikusten zen, baina mandoari eragin eta ez zuen katez aldatzen. Beraz, egun batzuetan zapping egin ezinda ibili nintzen. Hori dela eta, edozein saio ikusten niharduela, iragarkiak ere irenstea tokatzen zitzaidan, jaikitzeko alferrez.
Hala barruntatu nuen makina bat aholku eta salgai. Jaramon handirik egiten ez banien ere, hor ibili zitzaizkidan mezuak zzzzzz euli gogaikarri gisa. Halako baten, burrunba horri adi erreparatu nion. Janari ustez osasungarriez mintzo ziren, argaltzeaz, azaleko mantxez, zahartzeaz, zimurren kontrako produktuez, ile kizkur sexy eta arolez, orpo zartatuez, azal sikuz, azal tinkoz, edateko ur arinez (!!), alabak izan lezakeen txantxarraz, zelulitisaz, barizez, baginako azkuraz, depilatzeaz, ildoz, laktosari intolerantziaz, glutenaren kalteaz, ostera ere pilatutako kiloez,… eta abarrez, eta abarrez, eta abarrez!
Aitatutako iragarki guztietan emakumeak agertzen ziren. Denetan, andrazko horiek zuten aurreraxeago zerrendatu dudanetako arazo bat, zerikusia zuena euren gorputz inperfektuarekin, beti zer hobetua duen horrekin. Ontzeko zerbait zeukan gizon edo mutilik ez zen ageri inongo spotetan. Hori suertea –pentsatu nuen– gizonezkoak perfektuak dira, ez dute makurrik.
Baina, nola liteke? Ezagutzen ditut, barren, osasuntsu jaten ez duten gizonak; azal lehorra eta eroria dutenak; aurpegian mantxak dauzkatenak; lodikoteak, zaharrak, zimurdunak, ile kizkurdun grazia bakoak; orpo zartatuak ere badituztenak, ur gutxi edaten dutenak; aitak eta semeak txantxarra daukatenak; zelulitisa, barizeak eta ildoak dauzkatenak; laktosari intolerantzia diotenak, depilatutakoak, glutenak kaltea egiten dienak, tripadunak,… eta ziur naiz egongo dela gizon trans-en bat baginan azkura duena, ziur. Hala ere, publizitateari kasu egiten badiogu, euren gorputzek ez dute aldaketarik behar. Ondo daude bere horretan eta, gainera afo-osasuntsuak (fofi-sano) dira!
Emakumeon hezur-haragiak, ostera, akatsez beteta daude; eta horregatik dira kritikagarriak. Edonork esan lezake zer falta zaigun edo zer dugun soberan. Lodi dagoenari, argaltzeko premia duela jaurtiko diote. Oso argala denari, gaixorik dagoela iradoki. Bular txikitxoak dituenak, handiagoak behar lituzkeela, “femeninoagoa” izateko. Eta bular oparoa daukanak, oparoegia duela, ez dela fina. Beti zeozer!
Hori nabarmen gertatzen da “bihotzeko” aldizkari batzuetan, Cuore-n, esate baterako. Famatuak pertsona arruntak direla azpimarratzeko asmotan-edo, agh! eta puaj! onomatopeiez betetzen dituzte argazkiak, ia beti famatu hauen gorputzei –eta ia beti emakumeei– jartzen dizkiete, euren zelulitis, girgilo, edota ileei. Emakumeon gorputzak publikoak direlako. Beraz, kritikagarriak.
Hain dira publikoak, non andrazkoen bizi-zikloaren atalak osasun zerbitzuen esku dauden. Hilekoa, haurdunaldiak, menopausia,… dena medikuen menpe, gaixotasun bihurtuta. Proba, botika, kontrol, azterketa,… naturala ez balitz bezala. Egia da, gizonen bizitza-zikloa desberdina dela, ez hain markatua, agian. Hala ere, araketa mediku horiek ez dira existitzen. Euren gorputzak egokiak direnez, ez dira kontrolatu behar.
Gaztelaniaz “emakume publikoa” esanez gero, prostituta esan nahi da. “Gizon publikoa”, ostera, bizitza sozialean presentzia eta eragina duena. Hor ere gorputzaren publikotasuna argi dago. Ez gara gure baitakoak.
Au pair-ak, katiuskak eta xenofobia
Gaztetxoa nintzenean ez zegoen lanik. Gaztea nintzenean ere ez. Orain bezala. Orduan ere, krisi latza bizi izan genuen. Laurogeiko hamarkadaren amaiera, laurogeita hamarrekoaren hasiera zen. Euskal Rock erradikala (RRV) bizi-bizirik zegoen. Sex Pistolsen “No future” gogoz oihukatzen genuen. Artean, Espainia ez zen Europar Batasuneko kide, artean Europa ez zen “batasun” ere, komunitate ekonomikoa baino ez. Izen hark hobeto adierazten zuen zer zen, behintzat.
Sasoi hartan, eta Europaren promesarekin bat egiteko, Espainiako gobernuak hainbat enpresa handi ixtea erabaki zuen Bruselaren aginduz edo negoziazioengatik. Birmoldaketa industriala deitu zioten. Desindustrializazio hutsa izan zen. Gure haragitan sufritu genuen, Euskal Herrian; batez ere, leku industrializatuenetan: Ezkerraldea, Debabarrena, Pasaia aldea,...
“No disfrutamos en el paro ni disfrutamos trabajando” (Ez dugu langabezian disfrutatzen, ezta lanean ere) abesten zuen La Pollak. Baina zerbait egin behar, eta gu baino zahartxoago ziren hainbatek Londresko bidea hartu zuten, bertan lana zegoelako eta bide batez, ingelesa ikastera.
Neskak umeak zaintzera joan ziren, “oper” esaten genien (au pair idatzi behar zela deskubritu genuen geroago). Eta halaxe ibili zen makina bat emakume euskaldun Ingalaterran. Edo hoteletan oheak egiten, edo pizzerietan,... dena zegoen ondo, lana zelako, debora betetzen laguntzen zuelako. Miseriak kontatzen zituzten askok, eta etxe okupatuen kontuak ere bai. Arestian esan bezala, 1992ra arte Espainia ez izan zen Europako kide eta Erresuma Batura joateko pasaportea ere behar zen.
Hara joandako asko beltzean ari ziren, ilegal, paperik gabe, alegia. Deportatutakoren bat ere ezagutu genuen. Batzuek diru-laguntza britainiarrak jasotzen zituzten, besteek bertako segurantza sozialeko odontologia zerbitzuak erabilita aho osoa konpondu zuten ia doan. Dena britainiarren lepotik.
Hau guztiau orain 30 urte inguru gertatu zen. Ez da historiaurrea, historia garaikidea baizik. Ni ere Irlandara joateko puntuan izan nintzen karrera amaitutakoan. Billetea erostera joan behar nuen egunean bertan, lan eskaintza bat egin zidaten eta horregatik ez nintzen abiatu. Auskalo nolakoa izango zatekeen nire bizitza orain dei hori jaso izan ez banu.
Aurreko artikulu baten aitatu nuen errefuxiatuen begietan gure familia ikusten nuela. Orain laurogei urteko kontuak. Baina orain hogeita hamar urte gure bizilagun asko ibili ziren ilegal Europan, paper gabe, laguntza sozialak kobratzen. Eta ahaztu egin zaigu.
Ahaztu egin zaie oraingo foru aldundiko kideei AGI kendu dutenean. Aberats berri krudelen moduan portatu dira, zorri hil berpiztuak legez. Marine Le Penen moduan, Hedoi Etxartek ederki adierazi zuen eran.
Erakartze efektua aitzakia hartuta, baina xenofobia arrazoi ezkutua izanda, gizarteko ahul eta zaurgarrienak, ahulago eta zaurgarriago bihurtuko dituzte. Lotsa eta higuina ematen dit neurriak. Gezurrak esanda eraiki dutelako arau berria, erabaki neoliberal janzki merkez jantzita.
Eta jarraituko dugu katiuskak jasotzen, elikagaiak batzen Lesbosko errefuxiatuendako. Bitartean, baina, ahaztu zaizkigu gure artean ditugunak, miseriatik ihesi etorritakoak, inoiz gure tapakiak jasoko ez dituztenak. Izugarria!
Xenofobia euskararen defentsa egiteko
Kezkatuta laga naute azken aldian hainbat internet orritan ikusitako iruzkinek. Tira, kezkatzearena ez da gugan nobedadea, batez ere espazio honetan jarduten dugunon artean. Normalean, hileta jotzen gabiltza euskara dela eta, nire ustez arrazoi osoz. Baina gaurkoan ez dut aitatuko gure zoritxarrik, gaur beste kontu bat salatu nahi dut.
Aspaldian, euskaldun “garbia” (komatxo artean) izateko hemen jaio ez ezik, gutxienez 8 abizen euskaldun eduki behar genituen. Horrela baino ezin ginen euskaldun peto-petoak izan.
Zorionez, hori aldatu zen, eta euskaldun euskaraduna zeneko ideia berreskuratu genuen. Jatorria eta familia berdin zitzaizkigula, euskarak egiten gintuela hemengo, alegia. Bost axola zitzaigun abizen, jaioterri edo odol taldea. Euskarak definitzen gintuen.
Hala segitzen zuela kontuak uste nuen. Baina orain pare bat urte, atzera ere agertu zen duela 25 urte erabakitako kontu bat: zer da euskal idazlea? Euskal Herrikoa ala euskaraz idazten duena? Begiak talo eginda geratu zitzaizkidan! Berriro ere polemika antzu eta amaitua gure artean! Denak izan behar du ziklikoa gure herri honetan, ala?
Bai, antza. Izan ere, film famatu batek berriz zabaldu ditu 8 abizen euskaldunen topikoa. Hala ere, pelikulan, itxura denez –ez dut ikusi–, euskara gutxi agertzen da. Beraz, ez dagokio horrenbeste gure gaiari. Hala ere, eragin pixka bat baduela esango nuke, aspaldiko mamuak berpizten dituelako.
Asaldatu eta kezkatu nauena , ordea, iruzkin batzuk dira, arestian aitatutako agerkari digitaletan agertutakoak. Xenofobo, arrazista eta islamofoboak dira komentariook. Espainiaz kanpoko emigrazio berriari leporatzen diote euskararen gainbehera, modu beldurgarrian, umeei “kume” deituta, esate baterako. Eta ez dizuet lagin gehiago emango, ez dute hausporik merezi eta. Soilik esango dizuet, euskal leinuez ari direla… Hurrengo pausua arrazaz jardutea da, O-Rh negatiboa aitatzea…
Kontua da, jende-modu honendako beti dela gutxiegi. Berdin zaie euskaldun oso alfabetatu eta 4. hizkuntz eskakizuna lortzea, euskalkiduna izatea, euskaltzale militantea, 16 abizen euskaldunekoa, odol talde “egokia” edukitzea,… beti da gutxiegi. Beltzaranegi garelako, ilunegi, edo janzkera ez delako oso “gurea”. Beti da gutxiegi.
Jendaila honek dio, “gure” izenean egiten duela berba, “gu, euskaldunok” salbatzeko. Baina hain dira ezjakin, artaburu eta sektario; non gure tradizioaren defentsan ari direnean, gure tradizioari traizio egiten dioten. Izan ere, euskaldun izateko euskaraz jakin eta egitean dago gakoa; azal kolorea, erlijioa, janzkera eta familia albo batera lagata. Beti izan da horrela.
Gutxiengoa dira, baina ibil gaitezen kontuz, hauts horiek lohiak ekar ditzakeelako. Bestela nondik dator Gipuzkoako diputazioaren AGI kentzeko erabakia?
Hemen Info7-ren web orrian
Adin ertaineko txatxala biri gertatutakoa
Batzuetan gertatzen zaizkigun pasadizo txikiek hausnartzeko parada eskaintzen digute eta azalarazteko errealitateren bat, hor egon dena beti, baina, beharbada lehenengo begi kolpean ikusten ez genuena. Guri halako zerbait gertatu zitzaigun Aste Santuan.
Lagun bat eta biok Donostiara joan ginen egun pasa. San Telmo museoko erakusketa gidatuan parte hartu eta gozatua handia izan zen. Disfrutatzeko moduko udaberriko eguraldia izan genuen, gainera. Primerako eguna zentzu guztietan. Hori bai, eskandalizatuta eta aho bete hortz laga gintuzten jatetxe eta tabernetako prezioek. Ikaragarria eta abusu hutsa! Era berean, iruditu zitzaigun turistak trumilka ibiltzea arazo bihur litekeela kopurua zaintzen ez bada. Askorendako pozgarria izango da, baina turismoarenak neurri kritikoa hartzen diharduela begitandu zitzaigun, hiria bitrina hutsa bihurtu nahi ez badugu, behintzat.
Iluntze aldera, Euskotreneko geltokirantz abiatu ginen, eta trenera joan baino lehen zerbait hartzera Easo plazako taberna baten sartu. Jende asko zegoen bertan. Barrara hurreratuta, eskatzen ari ginela, terrazako zerbitzaria etorri zitzaigun esatera terrazara joan nahi bagenuen berak eramango zigula kontsumizioa bertara. Guk ezetz, barruan nahi genuela. Gero, ea ez genuen nahi beste toki baten jarri, barrako zoramenetik aparte, eta zutabe bateko apal itxurako mahi batera eraman gintuen, aulkia ekarri ere egin zigun. Bitartean, ordaintzera joan nintzen, eta ezetz esan zidan, lasai jateko, ostean ordainduko genuela. Hantxe geratu nintzen ni, kartera eskuan, pintxoa eta freskagarria aurrean. Manipulatua eta txotxongilo sentsazioarekin. Hau guztiau minutu baten gertatu zen, erdara batuan, zerbitzari gazte, txurrodun eta hiper-adeitsuaren eskutik.
Oso txarto sentitu nintzen, baina ez nuen ulertzen zergatik. Normalean, ez naiz batere eroso sentitzen zerbitzari mota horrekin, ez dut gustuko jatetxeetan-eta kamareroa gainean izatea, adi beti, basoa betetzen, zelatatzen bezala. Urduri jartzen nau. Baina egun horretakoa harantzago zihoan sentsazio txarra zen, ondoeza beste non edo nondik ere bazetorkidala sumatzen nuen.
Lagunak komunera jo zuen, eta aukera izan nuen taburete hartan, pintxoari begira, kartera ondoan eta freskagarriari zurrut egiten, egonezin hura identifikatzeko. Berdin jokatuko luke gurekin Kontxi eta Leire beharrean, Aitor eta Patxi bagina? Ez! Eta Leire eta Aitor izanda? Ezta! Gizon zerbitzari horrek zerbitzu onaren izenean memela legez tratatu gintuen. Jakingo ez bagenu moduan zer den egokiena guretako momentu guztietan. Emakume txatxala bi, enbarazuan.
Hor zegoen gakoa: adin ertaineko emakume ezgai bi ikusi zituen, bere nahira erabil zitzakeenak. Seguruenera, bera kontziente izan barik. Baina jarrera paternalista hark, jaun prestuarenak, antzinako caballero batenak, matxismo zoldatsuena ezkutatzen zuen, ilean txurroak eraman eta gaztea izan arren. Zoritxarrez, itxura eta jarrera ez datoz beti bat.
Ordaintzean, beste zerbitzari bati ordaindu genion, jakina. Zerbait esateko gogoz ere geratu ginen, baina ziurrenera berak ahaztuta izango gintuen eta trenak alde egin behar zigun. Hurrengoan!
Irakurtzea: txerto, botika eta antidoto
Egunotan irakurtzeaz eta liburuez jardun dut hainbat leku eta lagunekin, letren pertzepzioaz eta liburuen plazeraz. Maniez eta apetez, nostalgiaz eta plazerez. Irakurtzeak sortzen digun gozamenez, alegia.
Ez dut gogoan noiz hasi nintzen irakurtzen, ezta zein izan zen nire lehenengo liburua ere. Badakit gaztelaniaz izango zela, gaztelaniaz ikasi bainuen irakurtzen; baina badakit txikitatik irakurri izan ditudala liburuak, egunero, meriendatu bitartean. Laranja orbainak dituzte gordetzen ditudan liburu horiek, askarien lekuko. Atseden tartea ziren eskola eta etxerako lanen artean.
Merienda balira bezala hasi nintzen liburuak dastatzen, gosez. Eskuetara zetorkidana irakurtzen, etxean geneukan bilduma dotoretik ere hartzen, XIX. mendeko klasikoak, nobelagile handiak. Antzerkia ere tarteka. Inoiz poesia.
Askotan lurrean eserita irensten nituen, armairu eta ate ostearen artean zegoen espazioan, kuxin baten gainean. Edo miradorean, lurrean jarrita ere bai. Ezkutalekuak ziren, leku pribatuak, barneratzeko balio zidatenak. Etxez aldatu ginen, eta espazio horiek barik geratu nintzen. Gogorra izan zen oso.
Izarapean ere makinatxo bat irakurketa dut eginda, argia amatatzeko agindua emanda zidatelako, baina liburua laga ezinda hantxe ezkutatzen nintzen, kaleko argiek bidalitako izpiez letrak aletu nahian… Hori ote nire miopiaren jatorria?
Garraio publikoa erabiltzen hasi nintzen eta bertan ere irakurtzen. Leku guztiak aprobetxatzen nituen. Baita automobilean ere: auto-ilaretan ateratzen nuen liburua, jakinekoa baitzen egunero non egongo nintzen geldirik luzaroan. Ikasturte horretan liburu mardul oso bat irakurri nuen kotxean!
Lekuak leku, irakurgaiek sortutako gozamena azpimarratu nahi nuke, justu hasieran aitatu dudan elkarrizketak eragindako hausnarketa. Lankide batek esan zidan orain ere irakurtzea plazera dela berarendako, baina dagoeneko liburuek ez diotela eragiten lehen sortzen zioten zirrara handi eta magikoa. Harridura eta txundidura hura desagertu direla. Niri ere gertatzen zait, lilura hura joan da. Seguruenik helduagoak izanda gutxiago haluzinatzen dugulako edozerekin, asko irakurri dugulako, eta maisu/maistra lan asko gozatu ditugulako. Pena da, baina hartutako atsegina barruan dugulakoan nago.
Txundidura gero eta urriagoa bada ere, xarmak hor segitzen du, gozatzeko aukerak. Eta liburuen aterpea. Izan ere, irakurtzea babeslekua da niretako, abaroa, ihes egiteko parada, beste mundu batzuetan murgildu eta erlaxatzeko unea. Errutinatik babesten gaituzten parapetoak dira liburuak, asperkizunaren kontrako babesleku, errealitateari tiro egiteko lubakiak. Mundutik salbatzen gaituztenak, baita geure buruarengandik ere. Botika bikaina egoera eskasetan.
Hala ezkutatzen naiz liburu baten atzean, edota barnean. Barruan murgilduta, desagertu; eta portada atzean, ostendu. Ez da ona izan behar, gainera. Liburu atsegina izanda ere nahikoa da sarritan; halakoek ere eraikitzen baitute inguruan habia segurua, bihurtzen baitira flotagailu eguneroko ur-nahasietan.
Irakurtzea txerto, botika eta antidoto da niretako. Babestu eta armatzen nauena mundu honetan bizi ahal izateko. Horregatik eramaten dut beti liburu bat poltsan, senda nazan.