Gorputz publikoak
Duela pare bat aste telebista hondatu zitzaidan. Ikusten zen, baina mandoari eragin eta ez zuen katez aldatzen. Beraz, egun batzuetan zapping egin ezinda ibili nintzen. Hori dela eta, edozein saio ikusten niharduela, iragarkiak ere irenstea tokatzen zitzaidan, jaikitzeko alferrez.
Hala barruntatu nuen makina bat aholku eta salgai. Jaramon handirik egiten ez banien ere, hor ibili zitzaizkidan mezuak zzzzzz euli gogaikarri gisa. Halako baten, burrunba horri adi erreparatu nion. Janari ustez osasungarriez mintzo ziren, argaltzeaz, azaleko mantxez, zahartzeaz, zimurren kontrako produktuez, ile kizkur sexy eta arolez, orpo zartatuez, azal sikuz, azal tinkoz, edateko ur arinez (!!), alabak izan lezakeen txantxarraz, zelulitisaz, barizez, baginako azkuraz, depilatzeaz, ildoz, laktosari intolerantziaz, glutenaren kalteaz, ostera ere pilatutako kiloez,… eta abarrez, eta abarrez, eta abarrez!
Aitatutako iragarki guztietan emakumeak agertzen ziren. Denetan, andrazko horiek zuten aurreraxeago zerrendatu dudanetako arazo bat, zerikusia zuena euren gorputz inperfektuarekin, beti zer hobetua duen horrekin. Ontzeko zerbait zeukan gizon edo mutilik ez zen ageri inongo spotetan. Hori suertea –pentsatu nuen– gizonezkoak perfektuak dira, ez dute makurrik.
Baina, nola liteke? Ezagutzen ditut, barren, osasuntsu jaten ez duten gizonak; azal lehorra eta eroria dutenak; aurpegian mantxak dauzkatenak; lodikoteak, zaharrak, zimurdunak, ile kizkurdun grazia bakoak; orpo zartatuak ere badituztenak, ur gutxi edaten dutenak; aitak eta semeak txantxarra daukatenak; zelulitisa, barizeak eta ildoak dauzkatenak; laktosari intolerantzia diotenak, depilatutakoak, glutenak kaltea egiten dienak, tripadunak,… eta ziur naiz egongo dela gizon trans-en bat baginan azkura duena, ziur. Hala ere, publizitateari kasu egiten badiogu, euren gorputzek ez dute aldaketarik behar. Ondo daude bere horretan eta, gainera afo-osasuntsuak (fofi-sano) dira!
Emakumeon hezur-haragiak, ostera, akatsez beteta daude; eta horregatik dira kritikagarriak. Edonork esan lezake zer falta zaigun edo zer dugun soberan. Lodi dagoenari, argaltzeko premia duela jaurtiko diote. Oso argala denari, gaixorik dagoela iradoki. Bular txikitxoak dituenak, handiagoak behar lituzkeela, “femeninoagoa” izateko. Eta bular oparoa daukanak, oparoegia duela, ez dela fina. Beti zeozer!
Hori nabarmen gertatzen da “bihotzeko” aldizkari batzuetan, Cuore-n, esate baterako. Famatuak pertsona arruntak direla azpimarratzeko asmotan-edo, agh! eta puaj! onomatopeiez betetzen dituzte argazkiak, ia beti famatu hauen gorputzei –eta ia beti emakumeei– jartzen dizkiete, euren zelulitis, girgilo, edota ileei. Emakumeon gorputzak publikoak direlako. Beraz, kritikagarriak.
Hain dira publikoak, non andrazkoen bizi-zikloaren atalak osasun zerbitzuen esku dauden. Hilekoa, haurdunaldiak, menopausia,… dena medikuen menpe, gaixotasun bihurtuta. Proba, botika, kontrol, azterketa,… naturala ez balitz bezala. Egia da, gizonen bizitza-zikloa desberdina dela, ez hain markatua, agian. Hala ere, araketa mediku horiek ez dira existitzen. Euren gorputzak egokiak direnez, ez dira kontrolatu behar.
Gaztelaniaz “emakume publikoa” esanez gero, prostituta esan nahi da. “Gizon publikoa”, ostera, bizitza sozialean presentzia eta eragina duena. Hor ere gorputzaren publikotasuna argi dago. Ez gara gure baitakoak.